Askatasuna eta demokraziaz pandemia garaiotan

Askatasuna eta demokraziaz pandemia garaiotan –

Pandemia garaiotan, demokraziaren hondatzeak ordaindu beharreko prezioaren itxura har dezake. Nire ustez, gauzak justu alderantzizkoak dira. Zuzenbide-estatuaren indarra krisi garaietan erakusten da. Eskubide zibilak egoera normaletarako soilik direla ustea edo onartzea, eskubide zibiletan ez sinestea da. Segurtasun indarren gaineko kontrol mekanismoek funtzionatu behar badute, batez ere, ez ohiko botereak ematen dizkiegunean da. Eta askotan ikusi dugu askatasunen galerak ez direla iragankorrak, ondorioak uzten baitituzte Herrialde bateko erakundeetan eta kultura politikoan. Izan ere, Espainiar Estatuaren defizit historiko-demokratikoa pairatzeaz gain,  arazo hori areagotu egin zen terrorismoaren aurkako borrokaren testuinguruan; salbuespenekoak omen ziren neurriak betirako txertatuz.  Honi gehitu beharko genizkioke Mozal Legearen ondorioak.

Askatasuna eta demokraziaz pandemia garaiotan
Ilustrazioa: dimitrisvetsikas1969 (pixabay)

Kontrol digitala. Etengabe zainduta egotea, konformismoaren eta agintaritzarekiko mendetasunaren iturri egiaztatua da, baita diktadurapean bizi ez denean ere. Gobernuak ziurtatu digunez, COVID-19 kutsatutako pertsonen jarraipenerako aplikazioek bildutako datuak izengabetu egingo dira lehenik, eta ondoren suntsitu. Hala ere, nahikoa da zaintza birtualari buruz hitz egiten duen Edward Snowdenen memorien parte bat irakurtzea, inork ezin duela horrelakorik bermatu ohartzeko. Are gehiago, teknologiaren oraintsuko historiari begiratzeak erakusten du krisialdian sartzen diren gailu askeak ez direla ia inoiz desagertzen: eskala handian, eta Estatuaren egidapean pean hedatzen badira, jarraipen-aplikazioak finkatu egingo dira, eta oso zaila izango da herritar guztiengana hedatzea eragoztea. Nahikoa da ADNren bidezko identifikazioan pentsatzea. Frantzian 1990eko hamarkadaren amaieran ezarri zen, sexu-krimen batzuen aurkako erreakzio gisa, eta garai hartako ministroek zioten maila altuko kriminaletara mugatuta egongo zela beti. Gaur egun, Frantzian, manifestazio batean norbait atxilotu dutenean, ADNren bidezko identifikazioa ia automatikoa da. Are gehiago, agian nahikoa izango litzateke oinarrizko puntu bati buruz hausnartzea: ez dugu ideiarik ere zenbat iraungo duen gertaera pandemiko honek, murgildurik gaudelarik martxoaren hasieratik; sei hilabete?, hiru urte?, gehiago? Gaur, bat-batean, badirudi Txina post-maoista dela gure patua definitzen duena, Sillicon Valley-ren berrikuntzak konplexurik gabe erabiltzeko gai izan dena.

Krisiaren shockaren ostean, pandemiaren ondoko shock ekonomikoa etorriko da, eta hartu beharreko erabaki politikoek, gizateriaren etorkizuna jokatuko den “laborategi soziala” osatuko dute.

Krisi honetan erabilitako diskurtso belikoaren kasuan, gure kaleen militarizazioa eta okupazio poliziala justifikatzeko balio die; baita zer gizarte eta sistema ekonomiko eta politiko mota eraiki behar dugun ezkutatzeko eta ukatzeko ere. Edo modu sinpleagoan esanda: koronabirusaren aurkako gerra diskurtsoak, iraganeko politika neoliberalak ezkutatzeaz gain, etorkizunean gizarte militarizatuago eta polizialago bat utz diezaguke, non alarma egoerak, de facto, etenda dituen eskubide zibilak berreskuratzea ez baita erraza izango. Eta ikusiko dugu zer gertatzen den autogobernu esparruan.

Agerraldien narratiban agerpen etengabeak eginez, hizkera horrek ezarri zuen gaixotasunaren eztandak “kanpoko” edo “atzerriko” agenteak zirela, eta horiek mehatxu nazional bat irudikatzen zutela. Komunikabide nagusietan zein politika publikoen dokumentuetan, mehatxuak aipamen zuzena izan zuen germenen aurkako gerrarako deian.

Baina, gainera, gerra- eta militar- esparru hori amaitutzat eman daiteke birusaren kutsaduraren amaierarekin, baina ez du zalantzan jartzen sistema kapitalista eta patriarkal bat, beste behin ere, ez baita gai izan pairatzen ari garen krisiari aurre egiteko. Ez du laguntzen XXI. mendeko erronkei aurre egiteko behar dugun eredu ekonomiko, politiko eta sozialari buruz une honetan hain beharrezkoa eta agerikoa den eztabaida zabaltzen.

Biztanleria erabat kontrolatzeko bidea izan daiteke norabide autoritarioa. Gizarte militarizatua, non errazagoa izango litzatekeen kontrol soziala, errepresioa eta arrazakeria ezartzea. Gizarte tekno-digital autoritarioa, Txinan eta Asiako beste herrialde batzuetan ezarritako zaintza eta kontrolera hurbilduko gaituena.

Askatasunaren oinarri materialak. Liberalismo klasikoak askatasuna du oinarri, batez ere demokrazia parlamentarioaren elementu formaletan: antolatzeko askatasuna, adierazpen eta zirkulazioa askatasuna, etab. Horiek guztiak, oso elementu garrantzitsuak dira, eta ezker eraldatzaileak bereak egin behar ditu, askatasunari buruz duen ikuspegia edo ideia zabalagoa izan arren. Adibidez, ez dagoela askatasunik gizakiak bere oinarrizko beharrak ase ezin dituenean. Ez da indartsuenaren askatasuna, darwinismo sozialaren abiaburua, beste biekin, berdintasuna eta anaitasuna, hirukoan elkartutako printzipioa baizik. Horietako bat galtzeak (komunismo autoritarioarekin adibidez) gainerakoa desorekatzen du eta zapalkuntza faktore bihurtzen da.

Oinarrizko errenta ezkerreko jarreretatik defendatzen dugunok (errenta ongizate Estatuko gainerako mekanismoetatik bereizten duten bertsio neoliberalak badaude ere), bizitzea merezi duen bizitza anitza izan behar duenaren ideia partekatzen dugu, era guztietako aktibitateak bere baitan jasoko dituena (formazioa, norberaren eta ingurukoen zaintza, ordaindutako lana, aisialdia, parte hartze zibiko-politikoa); kudeaketa autonomoa eta askatzailea duena.

Kapitalismoaren dinamika hutsalari kontra egin nahian mundu modernora iritsi diren tradizio emantzipatzaile gehienak, bat etorri dira segurtasun sozioekonomikoaren, negoziazio ahalmenaren eta askatasunaren arteko loturaren garrantzia adieraztean, bizi garen munduko esferen osaera benetan kolektiboa eta demokratikoa lortzeko. Horregatik guztiagatik, oinarrizko errenta, beste hainbat gailu publiko komunekin batera – Osasuna, hezkuntza, etxebizitza, zainketak, energia, garraioa, ura, kultura, eta abar -, ez da soilik pobreziari eta bazterketari aurre egiteko mekanismo bat, baina baita askatasun efektiboaren irismen soziala zabaltzeko ere. Bestela esanda, oinarrizko errentak “askatasunean elkarrekikotasuna” sendotzen lagundu behar du; tradizio errepublikanoak beti aipatu izan duena, berdintasunaren oinarri politikoak pentsatu izan dituenean. Joko sozialean parte hartzen dugun guztiok ibiltzera eramango gaituzten hasierako hornidurak ditugun heinean soilik, guztiok bizirik erortzeko moduko koltxoi batez gozatzen dugun neurrian soilik, ezarri ahal izango ditugu izen hori merezi duen lankidetza sozial baten oinarriak.

Marxek argi eta garbi esan zuen: “Gure gaitasunen arabera” ekarpenak egin ahal izango ditugu … “Gure beharren arabera” lortzen den neurrian. Bi errealitateak elkarren eskutik doaz. Bada, oinarrizko errenta bezalako tresnak, negoziazio prozesuak aktibatzeko palanka bihurtzen dira, behar ditugun baliabideak dira xantaiatik libratu eta autonomiaz sortutako eta hedatutako bizitza-proiektu indibidual eta/edo kolektiboak zirkulazioan jartzeko, era autonomoan sortuak eta zabalduak. Hortik aurrera soilik hartzen du zentzua, emantzipazio gisa, elkarrekikotasunaren eta gizarte lankidetzaren idealak.

“Ekoizle aske eta berdinen elkartze sistema errepublikanorantz”

Mota horretako proiektu politikoak abian jartzearen ondorioz, zer ekoizpen eremu sor daitezke? Galdera horrek ez du erantzun bakar eta unibokorik onartzen, baina borroka politikoari buruzko hausnarketa bultzatzen du; benetan aukeratutako lan modu eta inguruneen arabera. Lan merkatuei dagokienez, bi dira baldintzarik gabeko baliabideei, hala nola oinarrizko errentari, egotz dakizkiokeen ahalmenak. Lehenik eta behin, oinarrizko errenta bezalako baldintzarik gabeko baliabideek soldatapeko lanetik askatzea ahalbidetu behar dute, lan horrek jabetzarik gabe hartzen duen izaera askea kontuan hartuta. Izan ere, oinarrizko errentak ez du behartzen lan indarra desmerkantilizatzera – dibortziatzeko eskubideak dibortziatzera behartzen ez duen bezala -, baina erraztu egiten du, baldin eta lan merkatuetan aurkitzen ditugun baldintzak desegokiak badira; edo, besterik gabe, gure lan indarra merkatu eremutik kanpo uztea aukeratu badugu, arrazoi etiko-politikoengatik, agian . Horregatik, Erik Olin Wright soziologo marxistak “proiektu sozialista” gisa aurkeztu zuen oinarrizko errenta, lan merkatuetatik irteteko atea eskaintzeko gai zena, eta, aldi berean, kooperatibismoaren logikei lotutako proiektuak eta ekoizpen inguruneak aktibatzeko palanka gisa jardungo zuena.

Baina kontua ez da soilik “soldatapeko lanetik askatzea”; oinarrizko errenta bezalako baldintzarik gabeko baliabideak gai dira, bigarrenik, “Kapitalismoaren soldatapeko lana bera askatzeko” -gai hori Bruno Trentinek aztertu du, harrituta ezker politiko eta sindikalak, zentzurik zabalenean, askatasuna lanean ulertzeko duen ezintasunagatik. Lehen esan bezala, soldatapeko lana ez da berez arazotsua den gizarte harremana. Titulartasun juridikoa beste batzuen esku dauden ekoizpen unitateetan lan egitea arazo bihurtzen da -askotan maiuskulaz -, baldin eta jabetza gabeziak baliabiderik gabe uzten bagaitu ekoizpen unitate eta lantoki horien izaera batera zehazteko. Aitzitik, negoziazio botereak aukera eman diezaguke lan kontratua “erreskatatzeko” kapitalismo baten atzaparretatik, Norekin baino, Nortzuen artean burututako kontratua- hitz egiteko eta botoa emateko eskubide bera duten alderdiek sortua. Oinarrizko errenta, beraz, lan harreman guztiak demokratizatzen laguntzeko gai den tresna bihurtzen da, bai lan merkatuaren barruan ematen direnak, bai bizitza ekonomikoaren beste eremu batzuetan egiten direnak.

Askatasuna eta demokraziaz pandemia garaiotan
Askatasuna eta demokraziaz pandemia garaiotan
Askatasuna eta demokraziaz pandemia garaiotan
Askatasuna eta demokraziaz pandemia garaiotan
Askatasuna eta demokraziaz pandemia garaiotan
Askatasuna eta demokraziaz pandemia garaiotan

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.