Askapen mugimendua, izarretarako bidaian
Independentziarako bidean, MNLV-ko (Euskal Herriko Askapenerako Mugimendua) adar bat dimentsio berri baterako bidea prestatzen ari da akaso.
Bat: Prentsan aurkitu dugu lehen zantzua, Europa Press-en arabera, Fermin Sanchez Agurruza, Ezker Abertzalearen egungo jarduera politikoarekin ados egon ez eta Frantziara ihes eginda dago. Ibil taldekoa da -beti ere agentziaren arabera-; indarkeria eta borroka armatua erabiltzen jarraitzearen aldekoa. Urdazubin irakasle izan da gizona, eta Tolkien-en mireslea ere ba omen denez, ihes egin baino lehen “Eraztunen jauna” liburutzarreko ale batean mezu bat idatzi omen zien ikasleei agur modura, euskaraz eta… elfoen hizkuntzan!
Bi: Elfoak bizi diren Rivendel-etik galaxia askotara nabigatu ohi zuen Mr. Spock-ek “izarretarako bidaian”, Enterprise ontzian. Eta Mr. Spock hezur-haragitzen zuen gizona, Leonard Nimoy, berriki hil da, otsailaren 27an, 83 urte zituela.
Antzezle gisa jokatu zuen lehen lanean euskaldun baten azalean sartu zen Leonard Nimoy, 1959ko “Wagon Train” lanean, eta bere pertsonaiarik ezagunena, Mr. Spock, Ibarretxe Lehendakariarekin parekatu izan da beti, elkarren antzekotasuna zela-eta -bekain eta belarri zorrotzetan batez ere-. Harritu gaituena baina, hil eta biharamunean, otsailaren 28an, Gara egunkarian Nimoy-ren omenezko hil-mezu bat irakurri izana da. “Zorte on, zibilizazio berrien bila abiatu duzun bidaian” zioen testuak eta Ezkertiar Vulkanianoek sinatzen zuten, horra bigarren zantzua!
Tolkien eta izarretako bidaia
Hego Afrikan jaioa, J. R. R. Tolkien filologoa ere bazen. “Eraztunen jauna” lanarekin, batez ere, Erdialdeko Lurraldea sortu zuen, fantasiazko kontinente bat, eta legendarium oso bat, fikziozko istorioez gain bertako biztanleen hizkuntzak ere asmatu zituen-eta. Elfikoaren kasuan, tengwar deitzen da idazketa sistema; Goi elfoek quenyaz hitz egiten dute, eta elfo Grisek sindarinez. Ez dakigu Urdazubiko irakasleak hauetako zein erabili zuen.
Star Trek kultuzko telesailean pertsonaiarik ezagunena da Nimoy-Mr. Spock, erdi gizakia erdi vulkaniarra -eta Enterprise ontziko komandantea-. Zientzia-fikziozko unibertso oso bat sortu zuen “Izarretarako bidaia”-k, 60ko hamarkadatik gaur egunera luzatu dena (film, bideojoko, nobela…).
Mundu ezezagunak aztertzea du ardura Enterprise ontziak Star Trek-en, mundu eta zibilizazio ezezagunak. Beste inor heldu ez den toki urrunetara heldu da ontzia bere bidaia amaigabeetan, espazioaren azken mugetara.
Tolkienen irudimenak Erdialdeko Lurraldea eman bazuen, eta Star Trek-ek Esne Bidearen laurden batera zabaldu bazuen jarduna, egokia izan daiteke askapen mugimenduak abiatu duen esplorazio berria. Euskal Herriak, mundu honetan ez bada beste batean Estatu propioa izan dezan. Zabaldu da dimentsio errealaren eta fantasiazkoaren arteko atea; bietan jarrai.