Artzain gazta onena lehiaketan

Bihar Idiazabalen, Euskal Herriko artzain gazta onena saritzeko lehiaketaEuskal Herriko Artzain Gazta onena aukeratuko da bihar Idiazabalen. Artzai Gazta Elkarteak antolatzen duen lehiaketan, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 40 ekoizlek parte hartuko du, aurrez bere lurraldeko kanporaketetan sailkapena lortu ondoren.  

Eguerdiko 14:00ak aldera ezagutuko da XXXI. Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketaren irabazlea. Ordurako, epaimahaiak, lehiaketara aurkeztuko diren gazta guztiak dastatu ondoren, emango du jakitera Ricardo Remiro nafarraren lekukoa hartuko duen artzainaren izena.

Irabazleak, Artzai Gazta kaikua, txapela eta 1.000 kilo pentsu eramango ditu etxera. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, hurrenez hurren, garaikurrak eta 800 eta 500 kilo pentsu jasoko dituzte. Laugarren sari bat, sari berezia, publikoak emango du. Hain zuzen, salmenta postuetako gaztarik onenaren saria izango da, eta publikoa izango da epaimahai. Irabazleak garaikurra eta 400 kilo pentsu jasoko ditu.

Txapelketa Artzai Gazta elkarteak eta Idiazabalgo Udalak antolatuko dute HAZIren, Euskadiko Kutxaren, Piensos Unamunoren eta Diva Pentsuak-en laguntzarekin. Artzai Gazta Elkartea, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 111 artzain eta gaztagilek osatzen dute. Euren artaldeko ardi latxen esne gordinez gazta egiten duten ekoizle txiki eta ertainak sartzen dira elkartean –bazkideen erdiak 5.000 kilo baino gutxiago ekoizten du urtean, eta beste erdia ez da 9.000 kilotik pasatzen–.

Goiz osoko egitaraua

Goizeko ekitaldi nagusia XXXI. Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa izango bada ere, bestelako ekitaldiak antolatu dira. Besteak beste, gazta tailerra. “Neska-mutilei zuzendutakoa da, gure artzainek gazta nola egiten duten ikasteko. Gaztagintza Euskal Herrian daukagun ondareetako bat da, eta ondare horren transmisioa behar beharrezkotzat ikusten dugu. Etxetik hasi behar dugu lanean”, azaldu du Luisa Villegas, Artzai Gazta elkarteko koordinatzaileak.

Era berean, Urbiako larreetatik Olabarriako baserrirako bidea egiten ari den artaldea Idiazabaldik pasako da, eta ardi-pasea bertatik bertara ikusteko aukera izango da.

 

Hauxe da gainontzeko egitaraua:

9:00-14:30. Baserriko produktuen salmenta udaletxeko plazan.

10:30. Txapelketan parte hartuko duten gaztei harrera.

11:00. XXXI. Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketari hasiera ofiziala.

11:30. Agintariei harrera

12:00. Artaldearen itzulera, Urbiatik Olaberriarako bidean.

12:00. Haurrei zuzendutako gazta-tailerra.

12:30. Herri Kirol erakustaldia. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desafioa.

14:00. Sari-banaketa.

15:00. Bazkaria Artzai Gazta eta Euskolabel produktuekin.

 Parte-hartzaileak

XXXI. edizioan 40 ekoizlek parte hartuko du; Agurainen (2014-10-07), Axpen (2014-09-26), Uharten (2014-08-31)eta Legazpin (2014-09-07) egindako lurraldeetako kanporaketetan txartela lortu zutenak.

Azken urteetako irabazleak hauek dira:

2013. Ricardo Remiro, Eulate (Nafarroa)

2012. Aizpea, Olaberria (Gipuzkoa)

2011. La Leze, Ilarduia (Araba)

Bihar Idiazabalen, Euskal Herriko artzain gazta onena saritzeko lehiaketa