Artilezko lastairan
Artilezko lastairan –
Esango nuke artzaintzatik lan gehientsuenak gustuko ditudala. Artalde baten zikloan dauden sasoietan, ordea, erditze-garaia da kuttuna. Lerrook idazten ari naizen honetan, 25 arkume jaio dira etxean. Lagin txiki bat, besterik ez, 160 bat arkume jaioko direla pentsatzen baduzu.
Egarriz espero nuen erditze-sasoia. Barrua ere kiskaltzen dizun bero sargori horretatik ihesi itsasoratzen zaren grina bertsuarekin desio nuen. Eta heldu da; heldu da freskura, arnasa itzultzen dizun hori.
Artile itsaso honetatik kanpo geratzen dira azken hilabeteotan, artez edo moldez, bizi gaituzten beldurra eta solastalgia elikatu dituztenak. Etxe gaineko belarditik ikusten diren Oleta eta Izazpi atzean utzi ditut; eta artegiko ateak ixtean, itxi egiten dizkiet parean ditudan Meaka eta Irimo mendiak ere industrialde bilakatu nahi dituztenei. Eta hori zuritzen dutenei. Eta horretan laguntzen dutenei.
Behin artegian, libre naiz, maite ditudan mendiei bizkarra emanda, artileak laztasunean goxatzen dit bihotza; eta lanolinaren usaina ere librea da biriketan murgiltzeko. Gorputza erraz mugitzen da artiletan, eta karenen gorriak bizitzaren esentziaz hitz egiten dit, xuxurla izan nahi duen garrasi batez.
Karenaren ondotik oritza etorri da. Orduan, ardiak, marru bilduez, arkumeari adierazi dio sabeletik kanpo ere badela bizitzea. Amari kasu eginez, arkumeak bilaketari ekiten dio. Senak sabelaren azpialdera bideratzen du ttikia, eta halako batean, ttak, lortu du iturria irekitzea! Lortu du bizitzaren giltza, lortu ere; eta, pozaren pozez, buztana alderik alde astintzen du jaioberriak.
Ttikiak oraindik ez daki, baina egun gutxiren buruan lasterka eta saltoka ibiliko da artegian –aste batzuk pasako dira belardian korrika egiteko–. Horretarako, amaren ondoan hasiko da lehen saiakerak egiten, jauzi labur eta beldurtien ostean, jakin-minak eramango du etzanda dagoen amaren gaineko talaiatik munduari begiratzera.
Nolatan ez dut nahi izango itsaso latz bare honetan igerian egin, luzaroan? Artegitik kanpo dagoen giro ospeletik gordetzen nau artegiko zaku-amniotikoak. Hemen injustiziarik ez dago. Agintekeriarik ere ez. Babesgabetasunik ere ez. Ezta amarrukeria berderik ere.
Gauak ere, artegiak bezala, badu gaitasuna horiek guztiak desagerrarazteko. Artegiko ateak parez pare izateak ez du minik egiten, solastalgiaren itzalak ez du bihotza iluntzen.
Gaua magikoa da. Eta artegia are magikoagoa gauez. Erabateko harmonia arnasten da. Ardiak eta arkumeak elkarren ondoan etzanda ikustea baino lasaigarriagorik ez zait bururatzen. Kolkoan sortu zaizun artilezko lastaira goxoan etzaten zara; eta begiak itxita betetasunak gainezka egiten du, masailetatik behera, kanpoan utzi duzun elkartasunaren haziak topatzean.
Sustraiak sentitu dituzu, sendo.
Hauek egin zaituzte artzain.
Haiek egin zaituzte menditar.