Arte[faktua] 81: Karmele Jaio, Aitaren etxea, Lourdes Oñederra, Nerea Balda
Arte[faktua] 81: Karmele Jaio –
Karmele Jaio idazle gasteiztarra izango da aste honetako gonbidatu nagusia. Gasteizko Florida parkean elkartuko gara berarekin, Elkar argitaletxearekin plazaratutako Aitaren etxea eleberriaz solastatzeko. Ismael da liburuko protagonista nagusia, eta idazten ari den eleberriarekin kateaturik bizi da. Aurrera ezin eginda. Jasone haren emaztea eta Libe arreba dira istorioa lehenengo pertsonan kontatzen diguten beste bi protagonistak. Liburuko gaietako batzuk balioen transmisioa, matxismoa, genero rolak eta euskal gatazka dira. Jaiok dio eleberria idaztean izan duen lanik zailenetakoa Ismaelen, hau da, gizon baten azalean jartzea izan dela.
Kazetaritzan lizentziatua da Karmele Jaio. Zenbait egunkaritan egin du lan, eta, egun, Emakundeko komunikazio arduraduna da. Horrelako erakundeen beharrik izango ez den eguna iritsiko den itxaropena daukatela dio, eta, horrela ez bada, aurrera jarraitzea zaila izango dela. 2004an hasi zuen ibilbide literarioa. Orain, idazteko orduak handik eta hemendik lapurtzen ibiltzen den honetan, literaturak bere bizitzako toki handi bat betetzen omen du, eta bere ideia abstraktu batzuk modu zehatzagoan ikusteko balio dio.
Lourdes Oñederra fonologoa gonbidatu du Jaiok elkarrizketara. Idazlearentzat erreferente bat da, bai euskararen munduan, bai idazketaren munduan. Oñederrak dio gustuak elkartzen dituela; oso gustura irakurtzen omen ditu Karmele Jaioren lanak. Fonologia du ikergai Oñederrak: ahoskera aztertzen du. Eta Euskaltzaindiko kide da. Beti iruditu izan zaio oso interesgarria denok aho eta eztarri antzekoak izanik ahoskera ezberdinak izatea. Aitaren etxea liburua oso indartsua iruditu zaio; harrapatu egin omen zuen. Bere iritziz, oreka handia du esaten dituen gauzen eta horiek esateko moduaren artean.
Literaturan Atzerrian eleberriarekin estreinatu den Nerea Balda idazle irurtzundarra izango dugu aste honetako Artefaktu[egilea] tartean.
Bestalde, Irakurlea atalean, Jesus Garatek Itxaro Bordaren Susmaezinak liburuaren gomendioa egingo digu.
Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Joxemari Iturraldek, Aintzane Usandizagak eta Laura Uruburuk, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.
Horretaz gain, Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako June Arrietak eta Elene Isasak Eskubeltz taldearen abenturak liburuaz hitz egingo digute Booktuber atalean.
Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.
Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.