Arte[faktua] 69: Fito Rodriguez, 'Fake news'-ak ez dira atzo goizekoak, Mikel Asurmendi, Garbiñe Ubeda
Arte[faktua] 69: Fito Rodriguez –
Fito Rodriguez idazle eta filosofo gasteiztarra da aste honetako Arte[faktua] literatur saioko gonbidatu nagusia. Hendaian elkartu gara berarekin, Utriusque Vasconiae argitaletxearekin kaleratutako saiakera liburuaz hitz egiteko: ‘Fake news’-ak ez dira atzo goizekoak. Fitoren ustetan, nahiz eta ‘fake news’ deritzotena gaurkotasun handiko gaia izan, aspalditik daude halakoak. Garai bateko zurrumurru edota esamesak, egun, ahoz eman beharrean, zuzenean, telefonoaren bidez edo sarean hedatzen dira. Horretaz aparte, Izendegi hutsa izeneko poema-liburua ere kaleratu du Rodriguezek Arabako Foru Aldundiaren eskutik.
Madrilgo Complutense Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziaduna eta Hezkuntza Zientzietan doktorea da. Besteak beste, Seaskan eta EHUn filosofiako irakasle izandakoa da gasteiztarra. Bere hitzetan, desfilosofizatzen ari da mundua, eskolatik eta batik bat institutuetatik: «Gero eta balio gutxiago dauka, eta horrek ondorioak dauzka: ez dago aukerarik hausnarketarako eguneroko bizitzan».
Mikel Asurmendi kazetaria gonbidatu du Rodriguezek elkarrizketara. Asurmendik kritika literarioa eta politika jorratzen ditu Argia aldizkarian. Eta, kazetaria izateaz gain, irakurle ona ere badela dio Fito Rodriguezek. 2007an, Komatxo artean izeneko bi liburu argitaratu zituen elkarrizketa literario eta mahai-inguruei buruz. Rodriguezek egin zion hitzaurrea.
Aste honetako Artefaktu[egilea] tartean, Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria izango dugu protagonista.
Bestalde, irakurlearen tartean, Jokin Aldazabal Euskadi Irratiko esatari ohiak Lucy Cookeren La inesperada verdad sobre los animales liburuaren gomendioa egingo digu.
Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Mariasun Landak, Beñat Sarasolak eta Amagoia Gurrutxagak, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.
Gainera, Armentia ikastolako June Castrok Agatha Christieren ‘Sagutegia’ liburuaren gomendioa egingo digu Booktuber atalean.
Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta, Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.
Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.
Ikusi saioaren arrerapena hemen