Arreta-defizit eta hiperaktibitate nahasmenduaren gero eta kasu larri gehiago nerabezaroan
Arreta-defizit eta hiperaktibitate nahasmenduaren gero eta kasu larri gehiago nerabezaroan –
Adahigik ohartarazi du arreta-defizit eta hiperaktibitate nahasmenduaren eta nahasmendu negatibista desafiatzailearen gero eta kasu larri gehiago daudela nerabezaroan.
Gipuzkoako elkarteak jardunaldi bat egingo du maiatzaren 13an Donostian, gurasoei eta profesionalei zuzendua, diagnostiko horietan sakondu eta kudeatzen ikasteko.
Adahigik, Arreta Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Gipuzkoako Elkarteak, urteroko jardunaldia egingo du maiatzaren 13an, larunbata, ADHN eta TND (Nahasmendu Negatibista Desafiatzailea) jorratzeko helburuarekin. ‘Nerabezaroa konpainiarekin’ izenburupean, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko areto nagusian burutuko den topaketaren XIII. edizioan, nerabeek horrelako diagnostikoekin duten portaera izango da aztergai, eta guraso eta irakasleek eguneroko harremanerako aholkuak jasoko dituzte.
.
Kasuen larriagotzea
Maite Urkizu Adahigiko profesionalen koordinatzaile eta FEAADAHko (arreta defizita eta hiperaktibitatea dutenei laguntzeko elkarteen Espainiako federazioa) presidentearen hitzetan, “gero eta egoera larriagoak antzematen ari gara, batez ere haurtzaroan tratatu ez diren nerabeen kasuan. Orain portaera-arazo oso konplexuak dituzte, eta guraso nahiz ikasteetxeek zailtasunak dituzte horiek kudeatzeko”.
Gazte horiek zailtasun gehiago dauzkate arauak onartzeko, familia-ingurunearekiko agresibitate handiagoa dute eta disruptiboagoak dira ikastetxean, Urkizuk dioenez. Testuinguru horretan, Gipuzkoako elkarteak esku-hartze handiago baten premia identifikatu du familian, eskolan eta bakarka.
.
Diagnostiko goiztiarra
“Alde handia dago egoera horiek txikitatik lantzen dituzten familien eta nerabezaroan diagnostikoa jaso dutenen artean. Detekzio goiztiarrak eta diziplina anitzeko esku-hartzeak lagungarriak dira ondorioak leuntze aldera. Gainera, ADHN edo TND duen nerabe baten zailtasunak kudeatzen dakien eta tresna egokiak dituen ingurune bati (familia–ikastetxea) esker, litekeena da oztopoak arrakastaz gainditzea”, adierazi du Adahigiko arduradunak. Era berean, elkarteak jakinarazi duenez, haurrak, nahasmenduaren zailtasunak ezagutu eta aurrera ateratzeko estrategiak ikasiz hazten direnean, nerabezarora “normaltasun” baten barruan iristen dira.
.
Hitzaldiak
María Mendaña psikologoak ‘Bi bider azkar bizitzea. Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua duen nerabea’ izenburudun hitzaldia eskainiko du. Adituaren esanetan, nerabeak “aldaketa-eragile” gisa ikusi beharko genituzke. Zoritxarrez, “nerabezaroa etapa nahasia bihurtu da, agertzen diren emozioek eta jokabide-aldaketek definitua. Gainera, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua ageri bada, arazoak areagotu egiten dira arlo akademiko, sozial, familiar eta pertsonalean”, baieztatu du.
Hori dela eta, nerabezaroaren eta ADHN diagnostikoa dutenen berezko ezaugarriak ulertzeko gakoak azalduko ditu solasaldian. Halaber, etapa honetan nortasunaren eta autokontzeptuaren garapena nola gertatzen diren aztertuko du, baita gaztetxo hauen ingurukoek bete beharreko paperaz mintzatu ere.
Bestalde, Javier Estévez psikologo eta psikopedagogoak Nahasmendu Negatibista Desafiatzailea duten seme-alabei nahiz ikasleei laguntzeko aholkuak emango ditu. Nerabezaroko jokabide-arazoak eta oposizionismo desafiatzaileak dakartzan erronkak aurkeztuko ditu ikuspegi berritzaile batetik. “Azalpen-eredu egoki baten bidez, jokabide desafiatzailea berrinterpretatu ahal izango dugu, nerabearen haserrea baretu ahal izateko”, adierazi du adituak. Azalpen-eredu propioa da, eta “egungo paradigma eragingabeak” aldatzen ditu: jokabide horiek nola sortzen, garatzen eta, batez ere, nola baretzen diren berraztertuko du topaketa honetan.
Jardunaldia Donostiako Udalaren eta UPV/EHUren babesarekin antolatua izan da. Goizeko 9.15ak eta 14.00ak bitartean egingo da eta, parte hartzeko, beharrezko da izena ematea. Sarrera doakoa izango da Adahigiko bazkideentzat eta ikasleentzat, eta gainerakoek 15 € ordaindu beharko dituzte.
Arreta-defizit eta hiperaktibitate nahasmenduaren gero eta kasu larri gehiago nerabezaroan