Arrautza gehiegi saski bakarrean

Arrautza gehiegi saski bakarrean –

Arrautza guztiak edo gehienak saski bakarrean sartzea ez da ideia aproposena, saski hori jausiz gero arrautza gabe geldituko zarelako. Hori maiz ikusi ahal den zerbait da, baita ekonomian ere. Eta zein da Nafarroan urrezko arrautzez saskia betetzen duena? Bai, asmatu duzu: Herriaren Autoa, hots, Volkswagen.

Arrautza gehiegi saski bakarrean

Landabeneko zentralitaren bueltan dagoen edozein berrik kirioak dantzan jartzen dizkie milaka eta milaka lagunei, bai bertan lan egiten dutenei, bai auto ekoizlea hornitzen dutenei, baita zerikusi zuzenik ez dutenei ere. Izan ere, milaka lagun bertatik bizi direla jakinda, erraza da ere iturri hori lehortzearen ondorioak irudikatzea.

Geroz eta jende gehiago bizi da Iruñerrian, Nafarroako landa eremua mende bat baino gehiagoz husten joan den bitartean. Kapitala eta ekoizpena esku eta toki gutxiagotan metatzen doaz azken urteetan, eta beraz, arrautzez mukuru dago saskia lur horietan. Baina ai, erortzen bada…

Atzo ai, piezak falta zirela, eta beraz ekoizpena etengo zela. Gaur, ai, 400 lanpostu murriztuko dituela bi urtez, Poloa desagertu delako (orain ekologistak perretxikoak bezala aterako dira, ein?). Bihar… ai, batek daki.

Bitartean gure erakunde publikoek laguntza eta  erraztasun fiskal denak emango dizkie urtean batek daki zenbat milioika euro irabazten dituen enpresa bati, zeren eta, ai, zer egingo genuke bestela arrautza horiek gabe. Ahazten zaigu, ordea, oiloaren jabeak nahi duenean eraman ahalko duela oiloa (eta arrautzak) beste nonbaitera.

Arrautza eta oiloa, oiloa eta arrautza, ordenak ez du axola. Banatu ditzagun arrautzak, eta izan ditzagun gure oiloak. Edo alderantziz.

Arrautza gehiegi saski bakarrean