Arraun luzea gidari
Arraun luzea gidari –
Berrogei urte baino gehiago igaro dira ezker abertzalea Herri Batasunaren egituretan antolatuta bildu zenetik, eta gaur egun, iritzi-sortzaileak beldur dira Madrilen, PSOE prest dagoelakoan beharrezko pausoak eman eta 1998ko apirilaren 10eko Stormont-eko akordioen antzeko zerbait, helburu “izan daitekeela” esaten baitute.
Era berean, publikoki galdetzen dute -inguruetan beldurra pizteko asmoz- Pedro Sánchez jaunaren PSOEk hainbeste amesten duen “argazkia” lortuko balu, zenbat denbora behar ote duten EAJk eta EH Bilduk, agertoki berrian autodeterminazioa planteatzeko, egungoa baino dezente zabalagoa den gehiengoarekin, eta bloke konstituzionala “hauskor” dagoela.
Arrazoi hauek bultzatzen dituzte Francoren Espainia betikotzeko betebeharra beren gain hartu duten PP eta bere akolito berriak. Agian, horregatik “koskabiloak zimurturik” dabiltza, ikusiz, nola espainiar Estatua epe ertainean birdefinitzeko helburua dutenen “ibilbide-orria” ezagutuz.
Nire iritzian, bada beste galdera bat, egiten ausartzen ez direna, eta erakutsiko luke, kudeatzaile demokrata “ustez” direnak , intrusismoa egiten ari direla. Berrogei urte bai daramatzate selektibitatea gainditu ezinean. Hauxe da egin behar luketen galdera: zer egoera genuke gaur Euskal Herrian, frantses eta espainiar estatuek, ezker abertzalea ezabatu nahian, beren Konstituzioa etengabe urratu izan ez balute?
Ultraeskuin frankistak nolabaiteko biolentziaz gora egin badu, PPko zuzendaritzak bultzatuta, noski, eta jatorri anitzeko hilotz politiko ezagunek aurpegia emanez, -nire ustez- gertatu da PSOEren mugimenduak horretarako egokiak izan direlako. Ez dira denak baieztapen honekin ados egongo, bale, baina oinarri hau – nazionalismo espainoleko eskuin naturala ultra posizionamenduetatik urruntzea – derrigorrezkoa dute PSOE barruan, helburu nagusia betetzeko: Moncloako alokairua berritzeko, alegia.
Moncloa bakarrik ez. Gasteiz inguruko mugimenduak, presentziak eta absentziak gertutik begiratuz gero, eta Lehendakaritzaren inguru tekniko-aholkularitik datozen filtrazioei egiazkotasuna aitortuz gero ?normalean ongi informatuta egoten baitira?, baiezta liteke iraungitzear dagoela Urkullu jauna, Ajuria Enean izaten ari den egonaldia.
Ez da batere zaila zergatia ulertzea. Gasteizko Legebiltzarrean “aktibo” gisa adierazitako errealitate aritmetikoak elementu zuzentzaileak ezartzera behartzen du EAJko zuzendaritza, bere alderdi-enpresaren egitura astunaren “bideragarritasuna” nola eta norekin ziurtatzeko unean.
Ez dira berriak EAJko mugimendu horiek, ezta harrigarriak ere. Gogoratu, bestela, aurreko lehendakariek bizi zituzten egoerak. Asko dakite horrelako kontuez Carlos Garaikoetxeak eta Ardantzak. Gogoangarria, azken hori nola “urrundu” zuen bere alderdiak Lizarrako Itunetik, ezagunak diren arrazoiak tarteko.
Gaur, antzeko egoera bat egon daiteke sortzear, ez baita Urkullu jauna EAJren traineruan arraun luzea daramana, nahiz eta azken urteotan berak protagonizatu duen kudeaketa. EAJ alderdian EBB da patroia, eta dirudienez, beste baliza bateri begira jarri du branka. Eta, baliza horretan, EAJko zuzendaritzak beste lehentasun batzuk dauzka, eta gaur arte beharrezkoak izan diren agente batzuk ez dira, beharbada, hain komenigarriak.
Egoera honetan, garrantzitsua da “belaunaldi-amnesia” kontzeptua, EAJ munduan gatazkan dauden ikuskerak ulertzeko. Uneotan boterea eskuratzen ari diren belaunaldi berri hauetako kide batzuk hartzen ari diren mugimendu politikoen aurrean.
Zer esaten duten, eta batez ere, zer egiten ari diren ikusita, esango nuke belaunaldi berri honek muzin egin diola George Santayana filosofoak egindako oharrari, esan baitzuen “iragana gogoratzen ez dutenak iragan hori errepikatzera kondenatuta daude”.
Onar nezake euskaldunok osatzen dugun eboluzio-gizartea ez dela bereziki azeleratua, eta ez duela joera handirik, munduaren hein handi bat mutur batetik bestera eramaten duten aldaketen oldearekin bat egiteko.
Nolanahi ere, ez da ikusten belaunaldi jelkide berri horren iraganarekiko interes falta horren lekuan etorkizunarekiko interesa dagoenik, eta hori oso larria da, oraingo unea kontuan hartuta, ahaztu gabe mugimendu posible ororen subjektu aktiboa euskal herria baino ez dela.
Emaitza bistakoa da. Antza, hainbeste gauza ari omen dira gertatzen, non jendeak galdu egin du gerora etor litekeena ulertzeko ?eta are gehiago- aurreikusteko esperantza. Horrek ondorio bilatu eta interesatu batera garamatza: hala iragana nola etorkizuna ezagutzatik at badaude, oraina baino ez da gelditzen. Hori da haien mezu faltsu eta maltzurra. EAJ munduko belaunaldi-aldaketa kontinuista da; hau da, lehenagokoak egindako gauza bera egiten dute, eta horri heltzen diote.
Lehen ekitaldiaren hasieran gaude. Bukatu dira altzarien herrestan joan-etorriak eta jaso berria da antzokiko oihala. Erdigunean mahaia dago kokatuta, aulki tapizatuak ditu inguruan. Berehala sartuko dira agertokian aktoreak. Batzuek ez dute gidoia ondo ikasita ekarriko, -baina zorionez- oraindik ere bada oroitarazlerik.
Berrogei urte baino gehiago igaro dira “ezker abertzaleak” Espainaren “marko demokratikoa” onartu zuenetik eta bere legalitatean eta instituzioetan sartu zenean eta legitimatu zuen.
Horrekin lotuta, batzuek, edo hobeto esanda, gehienek, borroka armatua orain dela zortzi urte desagertu dela pentsatsen dute baina borroka armatuaren “efektoak” 1979an desagertu ziren non estrategia instituzionalistaren bitartez -espainolismo hutsa- lurperatuak geratu ziren.
Beraz, Espainak ez du, inondik han, “ezker abertzalearekin” akordioetara iritzi behar nola “ezker abertzalean” haien koloaboratzaile zintzoenak aurkitu zituzten eta horrekin Espainar batasuna aseguratua zuten, ustez… Katalunya, bapatean altzatu denean arte…
“Ezker abertzalea” aipatzen dudanean, bere ohizko eta gaurko zuzendaritzei luzatzen diet nire pentsamendua eta ez militantezko zutabeei.