Aro berria

Aro berria –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

“Harro herri korrika” entzun da aho zabalka azken asteotan Euskal herriko xoko guztietan. Eta euskararen aldeko besta erraldoi horretan sortu harrotasunarekin, aro berria behingoan onartua dela entzuteko gogoa piztu zaigu ere.

Aro berria

Aro berrian gutariko asko murgilduta gaude aspaldi honetan. Hamarkada luzeak iraun duen borroka armatua gibelean utzia dugu, eta aro berriari lotu gatzaizkio azken urteotan han hemenka gure herria eraikitzeko ekimenak asmatuz eta bultzatuz.

Gaur egun gutariko askok bizi dugun errealitate hori orain dela zazpi urte eta erdi igaro zen armagabetzeak ahalbidetu zuen hein batean. Espainia aldetik agintari eta alderdi politiko ordezkari batzuen ahoan eta ekintzetan garai ilun horretako erretorikak eta jarrerak oraindik ere entzuten eta ikusten badira ere, 2016ko abenduaren 16an Luhuson Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouignan, Michel Tubiana, Stéphane Etxegarai « Etxe », Txetx Etxeberri eta Béatrice Molle-Haranen eskutik herri honi bakean bizi ahal izateko eskubidea ireki zitzaion etorkizunari begira jartzeko aukera emanez.

ETAk 2011ko urtarrilaren 10ean su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria aldarrikatu zuen, baina, erakunde armatuak emandako urrats historiko horri muzin egiten zioten garaiko frantses zein espainiar estatuko agintariek aldaketarako bidea guztiz oztopatuz. Garai horretan errepresio amaigabeak eta aldaketarik gabeko diskurtsoek garai ilunean tente atxikitzen gintuzten. Luhusoko ekimenak, eta ondotik gizarte zibilak beregain hartu zuen armagabetzeak harrotasuna, borrokarako griña berpiztu ziguten. Esperantzaren atea ireki zen, herri bezala egoera aldatzeko indarra bagenuela erakutsi zigun, eta gure etorkizuna gure esku hartzeko gai ginela ohartarazi.

« Luhusoko ekimenari atzerako begirada egiten diogularik,
gure herriaren ikuspuntutik guztiz ulergaitza eta onartezina zaigu
bakea ahalbidetu duten bi pertsona horiek gaur auzitan pasa behar izatea. »

Historikotzat daukagu gaur egun 2016ko gertakaria eta garai horretan gizarte zibileko sei pertsonalitate horiek erakutsitako ausardia handizki txalotu eta goraipatu beharrekoa dugu.

Gaur 2016ko gertakari hori, berriz ere aktualitatera itzuli zaigu. Apirilaren 2 eta 3an Pariseko auzitegi korrekzionalean Txetx Etxeberri eta Béatrice Molle-Haran auziperatuak izanen baitira. ETAren armak eduki eta garraiatzea leporatua zaie. Luhusoko ekimenari atzerako begirada egiten diogularik, gure herriaren ikuspuntutik guztiz ulergaitza eta onartezina zaigu bakea ahalbidetu duten bi pertsona horiek gaur auzitan pasa behar izatea.

Epaiketa hori ez zen sekula gertatu behar. Txetx Etxeberri eta Béatrice Molle-Haranen bidez herri oso bat auzitan jarria da gaur egun. Bere garaian armagabetzean parte hartu zutenak, baina, baita ekimena txalotu eta goraipatu zutenak ere. Herri batek bere etorkizuna beregain hartzeko duen griña da epaitua. Bi bakegileak kondenatuak balira, hori litzateke agintariek herriari zabaltzen dioten mezua berriz ere bizi izan ditugun garai ilunetan zango bat sartzeko arriskua sortuz. Errugabetzea da auzi horretatik atera behar den ebazpen bakarra eta soila. Eta Luhusoko ekimenari esker herri honek berreskuratu duen harrotasunaren izenean apirilaren 3an bertan Euskal Herriko xoko guztietan aho zabalka aritu beharko dugu “harro herri” deiadarkatuz Txetx Etxeberri eta Béatrice Molle Haran behin betiko zurituak izan daitezen.

Aro berria  Aro berria

Euskal monetako langilea, Euskoa alda.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude