Arnaldo Otegiren seme Hodeik, gutuna
“Gaueko 23’30tan iritsi ziren poliziak gure etxera. Aita esposaturik zutela, zortzi edo hamar kaputxadun sartu ziren etxera epailearekin batera. Etxea miatzeko baimena zutela esan ziguten, eta aita besarkatzera joan ginenean, inkomunikatuta zegoela eta ezin genuela berarekin hitz egin esan zigun Poliziak. Hau bai hau, aitarekin etxean eta ezin berarekin hitz egin eta ezin besarkadarik eman”.
Honela hasten du Hodei Otegik bere kontakizuna, gero gau hartan, kalean sekulako isiltasuna zegoela esateko: “jendea balkoietan, argia itzalita eta beldurrarekin”.
Atarian elkartasuna adieraztera etorritako zenbait lagun jotzera ere iritsi zirela poliziak eta gero hiru ordutako miaketa luze eta gogorra egin zutela etxean: “Etxe guztia hankaz gora ipini zuten: liburu guztiak begiratu zituzten, paperak eta familiako argazki guztiak eraman zituzten, bi ordenagailuren disko gogorrak ere bai, kamera digitalen memoriak, hormetako koadro eta argazkiak kendu eta bota zituzten. Dena botata laga zuten. Goizeko 2,30tan alde egin zuten”
Hodei Otegik dio gaur politika egite bera ere ilegala dela. Hala ere oso agerian geratu direla uste du eta Euskal Herriak bakea lortzerik ez dutela nahi ere bai. Eta idatzia eskerrak emanez amaitzen du, bai Elgoibako herriari, une hauetan emandako babesagatik eta baita Donostiako manifestazioan egondako guztiei ere.
(Idatzia osorik nahi baduzue, pdf formatoan eskura dezakezue hemen, 715 alean)