Arizmendiarrieta, ideologia antzuetan galdu ez zen gizarte eraldatzaile
Arizmendiarrieta, ideologia antzuetan galdu ez zen gizarte eraldatzaile –
Praxira bete-betean emana bizi izan zen Arizmendiarrieta. Horrek baina ez du bere bilaketa indologiko eta teorikoa inondik ere gutxietsi behar. Autore ugari, ideologia oso ezberdinak, enpresa eta lana antolatzeko esperientzia oso ezberdinak aztertu zituen, arreta handi-handiz aztertu ere. Bere pentsamoldea nekez mugatu ahal izango dugu honetara edo beste horretara. Iturri oso ezberdinei erreparatu zien, asko-askotan berorietatik eduki partzialak baino ez bereganatuta, askotan beroiekiko konpromiso guztizkorik inondik hartu gabe, eta betiere jada aurrez zituen kezka eta beharrei soluziobide onik luzatzen zioten horri eta soil-soilik horri arreta eskainiaz. Halere, bere pentsakeran baditugu oso eragin ideologiko nabarmenak, ezin ukatuzkoak, bere pentsamoldea guztiz zer-nolakotu zutenak eta bere oinarri eta bizkarezurra zertu zutenak: Pertsonalismo frantziarra, Elizaren doktrina soziala, eta, aurren-aurrenik eta oroz gain euskal tradizioei eta euskal nortasuna aintzat hartzera bultzatu zuten nolabaiteko barandianismoa…
Guztiarekin ere, teorietan miatu eta miatu ibilita ere, beroei zer-nola irizten zien adierazteko luze eta zabal idatzi bazuen ere, ez zen inondik ere maila teoriko hutsean gelditu asmoz izan, ezta hurrik eman ere. Ellakuriak Zubirirekin agian esango zukeen moduan esanda, errealitateak interpelatzen zuen gogotik Arizmendiarrieta; errealitateak interpelatzen zuen eta errealitateari kontu egin zion une oro. Hortaz, errealitatetik errealitatera ibili zen betiere. Ez zen inoiz, inolaz, errealitatearekin axolakaitz izan. Gerra osteko euskal gizarte gainbeheratu eta abaildu hori izan zuen kezkagai beti. Eta kezkan, atsekabean, ainguraturik ez aurrera ez atzera gelditu beharrean, segi-segituan kezka sentipen horrek abian, martxan, jarri zuen. Aurrez aurre zuen euskal errealitate desgogoko hori arian-arian, gertukotik urrunagokora, txikitik handiagokora, urratsez urrats, eta gogoeta teoriko-antzuak oro bazter utzita, horrela, abiatu zen Arizmendiarriatea, errealiateak hots eginda, berau eraldatze aldera. Hortaz, esandakoa esanik, Arizmendiarrieta oso pertsona pragmatikoa izan genuela esan genezake, horren erakusgarri, legatuan utzi zigun lorpen sozial, ekonomiko eta kulturalak, Debagoienan hasi eta, hortik kanpo, Euskal Herrian, heda.
Bera pertsona gisa eta bere ekarpena nagu-nagusiki pragamatikoak izan ziren, baita jorratu zituen pentsamendu eta ideiak ere, segi-segituan praxi bati begirakoak ziren-eta beti. Hartutako denetariko ideiak bereganatu eta gero, bere pentsamendu propioa eta bere-berezkoa jada jorratua izan zuen horretantxe, gizarte praxi zehatz bat zuen une oro gogoan. Aldezten duen oro-orok eraldaketa sozial zuen jopuntu, gizarte onbideratzea asmo. Eta eraldaketa soziala helburu zuen pragmatismo hori berehalako ekintza zehatz-zehatzetan zertzen zen, ideologia utopiko abastrakto guztiak bazter utzirik:
“1956.ean erabaki garrantzitsu bat hartu zuen: profesionalki ondo trebatutako gazte-talde bat fabrika abandonatu eta kooperatiba sortzera animatu zuen, besteetan beste, bere ideiak aurrera eraman zitzaten: lana lehenestea kapitalaren aldean, autogestioa erdigunean edukitzea…predikatze antzu eta abstraktoak eta ideologiak alperrikakoak zirela pentsatzen zuen, soberan zeudela, baldin-eta soluziobide zehatzak ezartzeko gauza ez baziren. Injustiziak errudunen aurrean salatu behar dira, ondo jakinda arazoak ekarri dizkigutela, eta ez, aldiz, jada noiz txalotuko zain ditugun horien artean…” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 407. or.)
Jada gorago esanda moduan, errealitateak une oro interpelaturik geundela zioen, berorrekin geundela zuzen-zuzenean zorretan, eta, hortaz berau hobetze alderako eraldaketa-konpromisoa hartu behar genuela:
“Ekintza zilegitzen den oinarri teoriko nagusia pertsona erdigunean edukitzea da, eta, zehazkiago hitz eginda, pertsonalismo filosofikoak karakterizatutako pertsona, gizakien artean elkarlan kooperatibo baterako oinarriak eman dituen pertsonalismoak dakarkigun pertsona eta…gizakiaren garapena komunitatearekin batera elakarlanean baino ez da emango… teorizazio guztiak komunitaterako praxian balioetsi beharko dira. Hala ez balitz, mugimendurik gabeko hegaldi baten antzekoa litzateke, alegia, alperrik den zerbait” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 389. or.)
Eraldaketa zen helburua eta, horretarako, lana zen bidea. Bere ikusian, lana zen eraldaketa eta askapen sozialerako bide nagusia, eta ez inondik indarkeria:
“Ahotan hartzen duen bake sozialak ez du inondik ere sumisio edota otzan izatearekin zerikusirik. Oso besterik da-eta kontua, Arizmendiarrietak une oro animatu zuen langilegoa borrokara, are iraultzara baten batzuetan ere: baina iraultza mota honek bere indarkeria ezan du hain justu ere bere indarra, eta hor du bere berezko arma, Arizmendiarrietak azpimarratu zuenez. Langileek bere askabidean armatzat beren lana baliatzen ikasi behar dute; horretarako aurrez horra bideratutako kultura bereganatu behar dute” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 232. or.)
Ikusita bezala, bere ikusian, langileen benetako indar iraultzailea beren askapenerako lana baliatzen asmatzean zetzan.
Arizmendiarrieta zeharkatzen zuen goitik beherako espiritu pragmatiko horrek, teorizazio hutsak oro gainditu asmo duen horrek, are “unibertsitatekeria” (“universidaditis”) deritzon hori kritikatzera bultzatuko du, eta zenbait eta zenbait titulu oso gain-baloratuak zeudela esango du. Horren ordez, eskarmentua eta ezagutza praktikoa izan zuen beti aintzat:
“Euren burua trebatzeko eta formatzeko aukera izan duten herritarrek, euren gaitasuna akreditatu eta gero, gizartea hobetzeko konpromisoa hartu behar dute hasieratik beretik, eta ez irrikatutako soladata maila behin lortu dutela… Arizmendiarrieta “unibertsitatekeriaz” (“universidaditis”) trufatzen zen eta zenbait girotan balioesten zituzten tituluez” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 233. or.).
Kooperazioa da, bere ikusian, euskal gizartearen nortasunera egokituako sozialismo mota sortzeko bidea da, bizikidetza eta partizipazioa gizartearen sektore guzti-guztiera sortzeko bidea:
“Filosofia koperatibistaren ikuspegitik, demokrazia aurrera eraman behar da sozialismoaren baitan. Kooperatibismoak hor hartzen du bere benetako balioa, euskal herritarren nortasunaren ezaugarrietara egokitutako sozialismo mota bat sortzeko ahalegina den aldetik. Guztiz bestelako giza harremanak eta bizkidetza sortzeko antolatu dira enpresa kooperatiboak, eta beraien espirituaren hedapenez-edo, bestelako ordena sozial eta ekonomikoa sustatzeko, bazterkeriairik gabekoa, herritar eta langileei askoz aukera hobeak eskaintzeko asmoz… Arizmendiarrietak euskal sozialismo berezitzat jo zuen kooperatibismoa, nahiz-eta, jakin, bazekien artean orduko hartan inportatutako ereduek (ideologiek) gehiago liluratzen zituztela zenbait gizarte sektore. Eta zera azpimarratzen zuen behin eta berriz; eredu hau ez da inondik gutxi-asko arrakasta izan duen formula ekomiko hutsa, alegia, enpresa honetara edo horretara antolatzeko eredu soil bat, ez, askoz harago doa kontua, benetako herrigintza egin asmo duen ekimena da, abaildutako Euskal Herria biziberritu nahi duena” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 687. or.)
Bere demokraziaren ikuspegia politiko den horretaz harago doa; goitik beherako eraldaketa bilatzen du, hiritar guztiak batuko dituena, eta betiere euren bizitzak eta komunitateak, beregainki, kudeatzen inplikatuko dituena:
“Demokraziaren beraren beharra ez da bereziki politikan oinarritzen, baizik-eta soziala den horretan…langileen klasearen askapenak kezkatzen du nagusiki Arizmendiarrieta…Estatuaren faktorea bere ekuaziotik kanpo gelditu zen hasiera-hasieratik, ez baitu berau berak sekulan modu positiboan onartuko. Kontuak horrela, hobeto ulertzen da Arizmediarrietak zerengatik egin zuen horren sutsu kooperazioaren alde, zerengatik egin zuen horren alde langileen askapen bidean, eta, aldiz, ez horrenbeste borroka politiko eta sindikalaren alde” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 146. or.)
Gizartearentzako praxi bide horretan, Arizmendiarrietak kontserbadurismoa zein iraultza biolentoak gaitzetsi zituen:
“Miseriaren aurrean, Arizmendiarrieta ez zen inondik axolakaitz agertu. Alabaina, deigarria da gero! urte horietan behin eta berriz nola errepikatzen zuen honako hau: ogiz bestez ez da bizi gizakia; langileen gabezi moral eta espiritualak oso aintzat hartu behar dira; balore espiritualak presente eduki behar dira beti, baita ideal handiak ere; eta urte ezin zailago horietan, soldata duin bat izateaz gain, langileak autore inteligente eta arduratsuak izan behar dira, enpresaren ibilbidean buru-belarri inplikatuko direnak, eta ez soil-soilik gotik datozkien aginduak otzan betetzen dituzten lagile zintzo moduan. Kolaboraziorako espiritua maila guztietan erein behar dela esango du, zoriontasuna eta ongizatea apurka apurka ereintzen dela. Egun bakoitzak izango du bere dosi egokia. Hau da formula bakarra, magikoa batere ez dena, batere kimerikoa ez dena. Hein horretan, kontserbadurismoa bezainbat indarkeriazko iraultza gaitzetsiko du… (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 746. or.)
Arazoak konpontzeko gakoa estruktura ekonomiko eta sozialetan bilatu behar zirela uste eta sinetsita zegoen. Horregatik, erreforma sakonen beharra azpimarratu zuen eta ez inondik azaleko soluzioak:
“Arizmendiarrietak estrukturen erreforma sakona eskatu zuen beti, behin behineko politiketara mugatuko ez zena, ezen, bere esanetan, arazoen zergatiak estruktura ekonomikoekin daude hertiki lotuak. Horregatik beroein erreformaren alde egiten zuen une oro. Nola? Hasteko eta behin, zera esanez: Estatuaren paperak, bere eginkizunak, beste bat izan beharko luke, paper fiskalizatzaile, erregulatzailea izateaz gain, eta ekimen pribatuaren gabeziak konpentsatzen baino ibili beharrean, benetan paper aktibo eta koaktibo izatera igaro behar da, paper kontrolatzaile eta antolatzaile batera igaro behar da, gizartean benetako protagonista izatera eta ez soilik era subsidiarioan jardun” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 159. or.)
Honaino Arizmendiarrieta une oro zeharkatu zuen espiritu pragmatikoaren erakustaldi txiki bat baino ez…
Arizmendiarrieta, ideologia antzuetan galdu ez zen gizarte eraldatzaile
Horixe egia galanta!
“Haga como yo, no se meta en política”.
Ona!
Herri honetan ere por los hechos los conoceréis!
Esaindazu zein izango den zure biharko eguna eta utzi zure utopiak soziedadeko afal osteko lagun arteko beroaldi hiperguaionismo handiko horietarako.
“Amor al prójimo, de pura caridad cristiana, dirigida a mejorar moral y materialmente al humilde, hasta redimirle por su propio esfuerzo y la confianza en Dios, no por doctrinas disolventes, de su condición anterior más penosa”. Ideologia antzuak gogoan orduan ere.
https://www.boe.es/boe/dias/1965/06/21/pdfs/A08803-08803.pdf
Ezagun du bekatu dela San Arizmendiarretak laguntza nondik jaso zuen gogoratzea.
Jajajaj. Pasaiozu esteka Ekai Zenterrekoei edota zuzen-zuzenean Adrian Zelaiari.
Horiek esplikatuko dizute dena
Benetan, ez dakit zergatik ozpintzen zaren Arizmendiarrietaren iragana gogoraraztean
Beno, nork laudoriotuko zaituen hau Edo beste hori izango al zara?
Bada, logika horrekin, begiratu zertan geratu den Ezker Abertzalea, ikusirik Madrilen PSOEk dedikatutako hitz ederrak!
Jajaja. Nola geratu zaigun burua!
Aizu! Baina bidali al diezu Ekai Centerkoei esteka?
Eta ez duzu uste PSOEren laudorio horrek ezker abertzaleari zer pentsa eman behar liokela? Nik hala uste dut, behintzat.
Hau da hau, opus deiren diruekin finantzatu zela eta frankismoak babestu zuela gogorarazteak nola sutzen duen jendea…
Arizmendiarrieta , antza, Frankok goraipatua, eta Franko hil eta gero Fidel Castrok bi eguneko luto deialdia Kuban.
Zirkulua itxita!
Ohartxoa: eta Otegi “hombre de Paz”, baina ebatzi zuelako Zapaterok.
Karkarkar
Arizmendiarrietaranei buruz ezer gutxi dakit nik. Halere, frankista izan balitz, ederki asko arrotzen dira Ezker Abertzalekoak MCC eta MUrekin, eurak betidanik kooperatibazale amorratuak izan balira bezala…jajajaja. Ariel ultrablanco, “blanquea tu pasado”!
Dena den, honelakoak dituzte bereziki gustoko nire belarriek: “Eta ez duzu uste PSOEren laudorio horrek ezker abertzaleari zer pentsa eman behar liokela?” Guztiz ados, “Ba ote”, bada garaia Ezker Abertzalea guztiz espainoldu eta Podemizatu izana dela argi esateko. Zeinen gustora entzuten dioten Murcian Matuteri!
Arizmendiarrieta ez zen frankista izan, prozesatua izan zen eta gartzela bizi izan zuen Eguna eta Gudari Euzko Jaurlaritzaren paperetan idazteagatik.
Franco-ren legalitatea erabili zuen bere asmo kooperatiboa sortzeko. Eta hori on bat izan da gure herriarentzat.
Normala da ezker abertzaleak horrelako pertsona bat gorrotatzea eta iraintzea. Pakezko bideek ekarritako onura ukatu nahi du, noski, horrela.
Arizmendiarrieta ez zen sekulan frankista izan. Gainera, ez uste dut hori ez dela inondik interpretazio kontua, ezjakintasuna edota, beste motibazioak tarteko, jendea nahastu nahia, izatekotan…
Ekingo diot, dena den. luze eta zabal kontuari propio horri eskainitako artikulu batean.
Arizmendiarrieta ez zen sekulan frankista izan. Gainera, uste dut hori ez dela inondik interpretazio kontua, ezjakintasuna edota, beste motibazioak tarteko, jendea nahastu nahia, izatekotan…
Ekingo diot luze eta zabal kontuari, propio horri eskainitako artikulu batean.
Nik ez dut esan Arizmendiarrietaren ideologiari buruz deus. Ez dakit zer zen, katoliko izateaz haratago.
Orain, erregimenaren babesa eta Opus Deirena ezin dira ukatu. Hor daude. Nire motibazioa argia da: egitate historikoaren egia. Ez egotzi niri asmo ilunik.
Deigarria da artikulu honetan eta Urrezko domina emateko dekretuan gauza berbera errepikatzea: “ideologia antzuen” aurkakotasuna. Uste dut, dena den, artikulu honen idazleak buruan dituen ideologia antzuak, eta BOEko dekretuan adierazitako “ideologías disolventes” ez direla berberak.