Argitasun esperantzagarriak – Kontseiluari oharra (eta 2)

Argitasun esperantzagarriak (eta 2) –

Argitasun esperantzagarriak

Atzokoan ez nuen denborarik izan 2021eko Inkesta Soziolinguistikoko 14. irudiko emaitzak iruzkintzeko, eta uste dut garrantzizkoa dela, maiz egiten delako halako datuen interpretazio okerra (baita ere aitzakia dudan Kontseiluko adierazpenean) ere.

Argitasun esperantzagarriak (eta 2)

Irudiaren itxuran balirudike 2021ean ‘Euskaraz errazago’ eta ‘Euskaraz zein erdaraz berdin’ egiten duten 16-24 urte bitarteko euskaldun gazteak askoz gutxiago direla (% 44,5 –% 23,4 + % 21,2–), ‘askoz’ euskaldun hobe eta osoago liratekeen > 65 urtetik gorakoak baino (% 68,5, 24 puntu beteren aldea –% 37,8 + % 30,5–). Eta euskaldun oso eta hobeen eskala hori galtzen doala adinean behera egiten dugun neurrian.

Hala dio Kontseiluaren adierazpenak: «Euskal Herri osoko joera d[a] euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago izatea». Eta hala iradokitzen dute 2021eko Inkesta Soziolinguistikoko iruzkinek ere (26-28 orr.): «Euskaldunen erraztasuna aldatu egin da 1991tik hona. / Duela hogeita hamar urte, euskal elebidunen eta erdal elebidunen ehunekoa nahiko antzekoa zen (% 34,6 versus % 37,8). / Gaur egun, ordea, erdal elebidunen ehunekoa 18,8 puntu handiagoa da euskal elebidunena baino (% 26,3 versus % 45,1)». …

Eta ordea, ez da hala. Ze proportzio horiek euskaldunen artekoak dira, eta nola euskaldunen kopurua erabat handitzea lortu dugun azken hogeita hamar urteotan, ‘Euskaraz errazago’ eta ‘Euskaraz zein erdaraz berdin’ moldatzen garen euskaldunon proportzioak ikaragarri igo ditugu populazio osoaren aurreko datuetan, eta askoz gehiago gara orain 1991ean baino, eta areago zenbat eta populazio tarte gazteagoa kontuan. Hori dierazten dugu hurrengo taulan:

Denera 1991n biztanleon % 13,87 moldatzen ginen euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi. 2021 %16,58 gara. 2 puntu eta erdiren irabazia. Baina 115.588 euskaldun gehiagorena (444.328 2021ean, 1991ko 328.740ren aldean, % 35,16 gehiago).

Irabazi nabarmenenak adin tarte gazteetan dira. 1991n 35-49 urte bitartekoan belaunaldian soilik biztanleen % 11,12 moldatzen ginen euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi. 2021ean % 16,78 (5 puntu eta erdiko aldea). 25-34 urte bitartekoen artean, 1991n % 10,29 eta 2021ean % 21,39, bikoitzaz goiti. Eta 16-24 urte bitartekoen artean 1991n % 10,62, eta 2021ean % 25,77, bi aldi eta erdiz goitik. Eta horiek gaurko eta etorkizuneko irabazi netoak ditugu, nahiz Inkesta Soziolinguistikoko irudiek bestela iradoki… Kontua da irabazi horiez gain, aldi berean irabazi ditugula 30 urteotan 281.060 euskaldun gehiago (2021eko 809.341, 1991ko 528.281en aldean, % 53,2 gehiago). Nondik itxurako nahasteak.

Gure egoeraren itxurazko diagnostikoak egiteko, egin duguna aztertzeko, eta egin behar dugunean asmatzeko, zinbestekoa da ditugun datuak behar bezala interpretatzea…

Inkesta Soziolunguistikoko irudi eta taula:

Argitasun esperantzagarriak (eta 2)

3 pentsamendu “Argitasun esperantzagarriak – Kontseiluari oharra (eta 2)”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo 2024-12-05 13:22

    Hemen ere VII. Inkesta Soziolinguistikoko datuak dira ?beti 16 urte eta gehiagoko biztanleonak? (gehi 3ko erregela sinpleak). Hala ?mesedez, inork erantzuten badu, datuekin egin beza, ez soilik norbanakoon inpresio subjektiboekin, eta gutxiago irain eta inprekazioekin?:
    1 (6. taula):
    • 1991n euskaldunon % 37,8 moldatzen ginen euskaraz errazago, eta % 27,7 erdaretan bezain ongi. Denera % 62,2 (euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi). Eta nola euskaldunak (6. irudia) 1991n 528.521 ginen, 16 urte edo gehiagoko populazioaren % 22,3, hala euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi moldatzen ginenak ginen (528.521 populazioaren % 22,3? haien % 62,2), 3ko erregela soilez: 16 urte edo gehiagoko populazio osoaren % 13,87, ~328.740 euskaldun.
    • 2021ean euskaldunon % 26,3 moldatzen ginen euskaraz errazago ?proportzio txikiagoa 1991n baino?, eta % 28,6 erdaretan bezain ongi ?1991n baino proportzio handixeagoa?. Denera % 54,9 (euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi) ?proportzio txikiagoa 1991n baino?. Baina nola euskaldunak (6. irudia) 2021ean 809.341 ginen (1991n baino 280.820 gehiago, % 53,13 hazkundea), 16 urte edo gehiagoko populazioaren % 30,2, hala euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi moldatzen ginenak ginen (809.341 populazioaren % 30,2? haien % 54,9), 3ko erregela soilez: 16 urte edo gehiagoko populazio osoaren % 16,58, ~444.328 euskaldun; 1991n baino 2 puntu eta erdiren irabazia, eta 115.588 euskaldunena.

    Zalantzarik?

  • Bittor Hidalgo 2024-12-05 13:54

    2 (6. taula, 10. irudia):
    • 35-49 urte bitartekoak:
    – 1991n euskaldunon % 30,6 moldatzen ginen euskaraz errazago, eta % 27,0 erdaretan bezain ongi. Denera % 57,6 (euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi). Eta nola euskaldunak (10. irudia) 1991n adin tarte horretakoen % 19,3 ginen, hala euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi moldatzen ginenak ginen adin tarte horretako populazio osoaren, 3ko erregela soilez: % 11,12.
    – 2021ean euskaldunon % 24,0 moldatzen ginen euskaraz errazago, eta % 31,0 erdaretan bezain ongi. Denera % 55,0 (euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi) -proportzio handixeagoa 1991n baino-. Eta nola euskaldunak (10. irudia) 2021ean adin tarte horretakoen % 30,5 ginen, hala euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi moldatzen ginenak ginen adin tarte horretako populazio osoaren, 3ko erregela soilez: % 16,78 (% 58ko irabazia).

    • 25-34 urte bitartekoak:
    – 1991n euskaldunon % 18,5 moldatzen ginen euskaraz errazago, eta % 32,2 erdaretan bezain ongi. Denera % 50,7 (euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi). Eta nola euskaldunak (10. irudia) 1991n adin tarte horretakoen % 20,3 ginen, hala euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi moldatzen ginenak ginen adin tarte horretako populazio osoaren, 3ko erregela soilez: % 10,29.
    – 2021ean euskaldunon % 23,1 moldatzen ginen euskaraz errazago, eta % 26,3 erdaretan bezain ongi. Denera % 49,4 (euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi) -1991n baino proportzio txikixeagoa-. Baina nola euskaldunak (10. irudia) 2021ean adin tarte horretakoen % 43,3 ginen, hala euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi moldatzen ginenak ginen adin tarte horretako populazio osoaren, 3ko erregela soilez: % 21,39 (bikoitzaz goitik).

    • 16-24 urte bitartekoak:
    – 1991n euskaldunon % 19,4 moldatzen ginen euskaraz errazago, eta % 27,8 erdaretan bezain ongi. Denera % 47,2 (euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi). Eta nola euskaldunak (10. irudia) 1991n adin tarte horretakoen % 22,5 ginen, hala euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi moldatzen ginenak ginen adin tarte horretako populazio osoaren, 3ko erregela soilez: % 10,62.
    – 2021ean euskaldunon % 23,4 moldatzen ginen euskaraz errazago, eta % 21,2 erdaretan bezain ongi. Denera % 44,5 (euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi) -proportzio zertxobait txikiagoa 1991n baino-. Baina nola euskaldunak (10. irudia) 2021ean adin tarte horretakoen % 57,9 ginen, hala euskaraz errazago + erdaretan bezain ongi moldatzen ginenak ginen adin tarte horretako populazio osoaren, 3ko erregela soilez: % 25,77 (bi aldi eta erdiz goitik).

    Zalantzarik?

  • Bittor Hidalgo 2024-12-05 13:59

    Gustatuko litzaidake datuon gainean ezagutzea Soziologia Klusterraren edota EJko Inkesta Soziolinguistikoaren eragileen iritzia. Eztabaida, eta datuen baieztapena edo deskalifikazioa. Eskerrik asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude