Ardi artean, pozarren

Ardi artean, pozarren

Ardi artean, pozarren

Ardi artean, pozarren

Poliki-poliki atzean ari da geratzen azoka garaia. Datorren asteazkenean, Azpeitian, azkena izango dugu. Eta pozez esaten dut; izan ere, esfortzua da azoketan ibiltzea –beharrezkoa izan arren–, eta, zenbaitetan, are nekagarriagoak dira azoka baino lehenagokoak –aurrekoan kontatu nizkizuen gorabehera batzuk–.

Ardi artean, pozarren
Etxeko belar ondua eta pentsua prest

Piskanaka-piskanaka badator ardiekin estuago lan egiteko garaia. Azaroaren 30ean hasi ginen, egunean behin, ardiei jatekoa ematen. Etxeko belar-ondua bakarrik hasieran; egun batzuk pasa ondoren, alpapa gehitu; eta orain –egunean bitan– alpapa eta pentsua goizetan; belar-ondua eta pentsua, iluntzetan.

Sekulako poza eman zidan hasierako hark, ilusioz espero nuen. Eta lan-dinamika honetan sartzen garen heinean, are zoriontsuagoa naiz. Badator, badator ardi garaia!

Orain dela egun batzuk, errapeak begiratu genituen, eta aurreratuen dauzkatenak –horiek izango baitira erditzen lehenak– etxean geratu dira –75 ardi–, eta lehen esandakoa ematen diegu jateko, euren beharrak horrela aginduta. Gainontzekoak, ordea, kanpoan daude, belardietan, eta hemendik astebetera edo, etxera ekarriko ditugu, errapeak begiratzera, eta, ziur aski, beste ardi batzuk gehituko zaizkie etxean daudenei.

Datorkigunari beldurrez begiratzen diot, betiko zalantzak… Ondo joango da dena erditze garaian? Eta arkumeak, osasuntsu? Eta gazta garaia nolakoa izango da? Goxoak izango dira aurtengoak? Eta guk eutsiko diogu lanari? Osasuna lagun izango dugu? Baina horien gainean ilusioa garaile. Artegian zer falta den ikusi eta, behar izanez gero, erosi edo egin. Egunero-egunero ardiekin egon, berriz ere –udaran gure mendietan, gehienbat, ibili eta gero– konfiantza hartzen dutela ikusi eta sentitu –artegira jaitsi eta zugana datoz, lasai asko–. Gaztandegiari ere errepasotxoa egin –moldeak, trapuak, aldaketak, konponketak…–.

Ardiak jaten, atzo iluntzean

Gustatu egiten zait artegiko lana, esker onekoa da, oso. Benetan gozatzen dut. Egiten duzun lanak isla du ardietan, euren osasunean, euren bizitzan, pozik bizi dira. Asetzen nau ikusteak prestatutakoa gustura jaten dutela, hausnarrean lasai daudela, etzanda. Ohera joan baino lehen, gozamena da artegira jaistea eta ardien artean egotea, isilik eta makurtuta, horma baten kontra. Haiei begira egon, edo begiak itxita, berdin dio, baina hantxe, ardien artean; eta, bakarren bat laztantzen badut, gero eskuak usaindu: ardi usaina, goxotasuna ahurrean dut, neuretzat.

Bai, kanpaina luze egin daiteke, nekagarria eta zaila hainbat unetan –ezin ukatu–, baina aipatu ditudan artegiko momentu horiek betetzen naute, arnasa sakon hartu eta neure buruari esan “ hauxe dun bizitzea!”

Gaur pozak kontatu nahi nituen, artegikoak; ardi eta simaur artean ere badelako zoriontsua izatea.

Zuek ere, ondo bizi!

Ardi artean, pozarren

Ardi artean, pozarren

Ardiak hausnarrean, artegian, gaur goizean

Ardi artean, pozarren

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

2 pentsamendu “Ardi artean, pozarren”-ri buruz

  • Eskerrik asko zure poza konpartitzeagatik. Bejondeizula!

    • Josebe Blanco 2016-12-19 18:48

      Eskerrik asko zuri ere irakurtzeagatik! Horrek ere poza ematen baitit; izan ere, horiek kontatzeko gogoa nuen bezala, zalantzak ere izan nituen idazteko orduan. Noren interesa izango da gure artegiko bizitza? Zer ematen dio idatzi honek gizarteari? Ez dakit… Askotan entzuten da baserritarrak, eta are gehiago artzainak, beti daudela -gaudela– ozpinduta eta ezkor samarrak garela. Bada, horri buelta eman nahi diot, gurean ere –beste lanbidetan bezala– pozak izaten ditugulako.
      Gainera, atera nahi nuen kexatik, errebindikazioetatik… Eta lortu badut… bejondeigula!
      Pozik bizi zeu ere!