Arazo sozial, arazo nazional… Hausnarrean, Odriozola aitzakia

Arazo sozial, arazo nazional… Hausnarrean, Odriozola aitzakia –

Gustura irakurri dut J.M. Odriozolaren artikulua Berrian (Lluis Llachen baimenarekin, 2024-10-16) naziogintza eta gizartegintzaren arteko bereizketaz, eta bere (nire) beldurraz, gure artean lehena baztertzeaz bigarrenaren aitzakian. Askapen nazionalaz eta askapen sozialaz dihardu.

Itxuraz garbi dagoke askatasun nazionalak independentzia esan nahiko/nahi izan beharko lukeela, nahiz ezin gero batere garbi izan askapen horren gauzatzeak, esanahiak, zer esan nahi lezakeen gaur egungo gehiengo erdaldun absolutuko Euskal Herri okupatuan, administratiboki eta politikoki sakabanaturiko Iparralde, Nafarroa Garai eta EAEko erkidegoetako bakoitzean…

Ilunago ikusten dut? Odriozola parafraseatuz? ‘gaztetan esaten genuen’ ‘askapen sozial’ horren esanahia. Segidan aurrena honen inguruko hausnarketa batzuk Europako 2024ko ikuspegitik. Amaieran, beste hitzen bat berriro, neroni ere orain gehiago bizi nauen ‘arazo nazionalaren’ zoroaren gainean.

Europako ‘arazo soziala’ 2024ko ikuspegitik

Europan eta Euskal Herrian iritsiak ginen (edo gara, nola begiratu nahi zaion) nolabaiteko ‘ongizate estatus’ batera, munduko beste inguru gehienen aldean, nahiz ez arazorik gabea hala ere. Kontua da, jabetu edo jabetu nahi izan ez, nolabaiteko ‘ongizate estatus’ hori lortu dugula, batez ere, europarron (eta euskal herritarron) jardun inperialista eta kolonialistari esker munduko beste herritar guztien gainean azken 500 urteotan. Hasi Ameriketako ustiaketatik, Iberiako penintsulako musulman eta juduei eragin lapurreta, herio eta deserriratzeen ondotik. Euskaldunak ondo tarteko, espainolak eta portugesak hasieran, gero frantsesak eta britainiarrak ere. Eta azken 300 urtean, Afrika eta Asia osoen bidegabeko ebastera, gehitu aurrekoei herbeheretarren eskuak, belgikar, aleman, italiar, errusiarrenak. Herrialde horien guztien aberastasunak ustiatzeari esker eskuratu dugu Europan gure hala moduzko ‘ongizate orokortua’, beti herrialde horiek guztien ongizate mailaren oso gainetik…, nahiz Europan ere ongizate maila desberdinak gozatu batzuek eta besteek…

Baina kontuok aldatzen hasten dira Europako (munduko?) azken bi gerrate handien ondoren, batez ere bigarrenaren. Europak galduko du aurreko 500 urteko munduko lehentasun ekonomiko eta politikoa, (Ipar) Ameriketako Estatu Batuen aldean, eta bigarrenkari bihurtuko maila guztietan… Eta hala europar ere oro pobreago bilakatuko AEBtarren aldean (edo japoniarren). XX. mendearen azken laurdenak berriz, eta areago XXI.aren lehenak, Asiako potentziak berpiztu ditu bere 500 urteko lozorrotik, eta dagoeneko Txina bihurtu da, edo berehala bihurtuko, munduko ekonomiarik handiena, azkarrena, berritzaileena, AEBetakoaren eta Europakoaren aurretik. Eta Txinaren alboan Hego Korea, Indonesia, Malaysia, Singapur, Taiwan, Thailandia… Eta batez ere, datorren India (munduko herrialderik populatuena jada, ia 1.500 milioi biztanle, Txinako beste ia 1.500. milioiez batera munduko populazioaren herena baino gehiago, erdia ere aipatu beste herrialde asiarrak baturik). Europa jada hirugarrenkari, enegarrenkari…, mendeko. Eta hala, Europa eta europarrok, are pobreago hazkunde etengabean den Asiaren aldean. Bukatu dira, edo bukatzen ari dira, europarrok azken 300/500 urteetan mundu osoari lapurtu dizkiogun plusbalioak eta superabitak. Azken mendean AEBetara bideratu direnak, eta orain jada Asiara, non bide batez esan, plusbalioen birbanaketaren askoz ere behar handiagoa duten oraindik guk baino, europarrok egin beharreko ekarpen justua 500 urteko ustiaketaren ondoren, eta europarroi justizia osoz kobratu beharko ligukeena 3. munduak. Txina eta Asiako mirari ekonomikoen gainean, eta Mendebaldearen bigarrenkaritzeaz ongi ohargarriak dira, besteak beste, Kishore Mahbubani jatorri indiarreko diplomatiko singapurtarraren azken urteetako liburu irakurterrazak.

Non geratzen da egoera honetan europarron ‘askapen soziala’? Txinatarrek, indiarrek, japoniarrek, hego-korearrek, oraindik jarraitzen dute egunean 14-16 orduz lan egiten (txinatar gazteak nolanahi hasi bide dira, aberatsago, horrekin ere aspertzen…), eta horri esker ari dira bere ongizate maila berdintze bidean europarron 1. mundukoarekin. Hemen ere ez da horrenbeste denbora 14-16 orduko lanegunak ohikoa zirenak asteko 6 eta 7 egunez. Nik ezagutu ditut.

Baina orain hemengo ‘langileok’ 8 ordu baino gutxiagoko laneguna nahi dugu –eskubide etiko guztiz, noski–, eta orain bizi garen baino hobeto bizi –noski, eskubide etiko guztiz…–. Baina Europa pobretzen badoa, eta Txinan eta Asiako aipatu herrialdeetan dena hobeto eta merkeago egiten badute Europan baino (hasi pandemiako musuko eta plastikozko zirtzileria guztietatik, autoetara ?agur Europako, Euskal Herriko autogintza…?, espazio ontzietara, garapen nano kuantitikoetara…), energia iturri merkerik gabe Europan… Nik ez diot ebazpen argirik ikusten ekuazioari, ‘askapen sozialaren’ kontuari.

Europan gure arteko solidaritate pobrea bultzatu beharko dugu (orain baino pobreagoak munduko aldean). Eta lan gehiago egin beharko dugu, eta hobeto… Bestela jai dugu.

Edo zuzenean kondenatuko gara gainera datozkigun askatasun guztien aurkako eskuin antisozialen diktadurak jasatera. Eta ez gara halakoak hain ezagutu zaharrak, Mussolini, Hitler, Vichy, Franko…, putre gerla eragileak. Eta Putin, eta Netanyahu, eta Trump… eta hauen babes direnak beren herrialdeetan eta kanpoan…

Eta hala ere Europan bertan ere gaur egun oraindik beste kontu bat dira, bigarren/enegarren mailako kontu, Magrebetik, Hego Amerika, Afrika edo Asiatik iritsitako etorkin ekonomiko behartsuen eskubide ‘sozialak’ eta lan baldintza eskasak, itxuraz eta praktikan ‘hemengo’ guztiok lotsarik gabe onartzen ditugunak. ‘Guk’ baztertzen ditugun ogibide eskasenak betetzen dituzte, zaintzan, garbigintzan, ostalaritzan, eraikuntzan…, ‘guk’ guretzat nahi ez ditugun baldintzetan ?eskubide etiko osoz, noski?. Horietara ere zabaldu beharko genuke gure solidaritate ‘soziala’, ‘gure’ ‘ongizate estatusa’. Eta baita ere etorkin hauek atzean utzi dituzten gizarte are behartsuagoetara, europarrok ahal guztian ongi ustiatu ditugunak, baina era berean eskubide ‘sozialak’ ere badituzketenak ‘gure’ gutxieneko ongizate mailara heltzeko. Afrika, Hego Amerika…, Txina, India eta abarrak ari diren bidetik, europarron kalterako izango bada ere. Ekuazio gaitza beraz erraz ebazteko.

Eta beste kontu bat da ere ‘gure’ gazte europarron –gazte europarren eliteen?– etorkizun lainoa… Ongi formatuak eta etorkizun argirik gabeak… Baina are okerrago etorkin berrienen seme-alaben etorkizun are lainoagoa… Inmigrazio ekonomiko masiboak beti berarekin ohi dakartzan pobrezia, marjinazio, ghettizazio, desegituratze, egokitu ezin eta integrazio arazo guztiak jasaten dituztenak. Nola ez dira jarrera ‘antisozialak’ garatuko hauen artean!

Eskuin muturrak gura bezala amaituko ote dugu ‘gure’ egonezin europar ‘zuria’ zuzenduz azken belaunaldiko etorkinak eta hauen ondokoak borrokatzera? Jabetu nahi ezta finean denok garela / izan garela une bateko edo besteko etorkin eta etorkinen ondoko. Kitto.

Gure askapen nazionala

Gure ‘askapen nazionalari’ eta balizko Euskal Estatu Independenteen aukerari berrelduz, nire eginen ditut Odriozolaren artikuluko’ amaiera hitzak: «Nazio euskaldunaren eraikuntza, euskaraz eta euskaratik eraikitako botereak bakarrik bermatzen du. Estatuak lagun dezake identitate euskalduna eraikitzen, baina estatua ez da prozesuaren lehengaia, nazio euskalduna baizik. Lehengaia (nazio euskalduna) galduta, euskaldun eta Euskal Herri gisa dena galtzen dugu».

Eta hor dugu gure lana, euskaldun bihotzekoon lana.

Estatuarekin ere bai, baina-eta seguruenik oraindik ere estaturik gabe, jarraitu beharko dugu borroka agerian, bizian, etengabean gure eskubideen alde, euskaldunontzako demokraziaren alde.

Iparraldean, Nafarroa Garaian eta EAEn, gure euskal eskubideak praktikan onartuak izan ditzagun, gutxieneko gure lurrean espainolek edo frantsesek, arrotzek eta bertakotuek, dituztenen pareko. Eta horretarako ezinbestekoa da euskal herritar guztiok euskara (ere) derrigor ezagutu dezagun, legez, espainola edo frantsesa ezagutzera derrigor behartuak gauden moduan. Bitartean ez da demokraziarik euskaldunontzat euskal lurrean.

Eta bitartean eta hala ere gure euskalduntasuna, gure euskarazko mintzoa, jarduna jarri beharko dugu praktikan eguneko 24 orduetan. Eta ahalik eta gehien baztertu beharko ditugu gure ingurutik hizkuntza espainol eta frantses (gure) zapaltzaile orojaleak. Ahalik eta gutxien makurtu beharko dugu gure hitzak etengabe frantsesera edo espainolera itzultzera, gure mintzakideek gure hizkuntza (ere) ezagutzeko ahalegin ñimiñoena ere egin ez dutelako. Bizitzak beste eginbehar garrantzitsuago batzuk omen ditu beraientzako. Guretzat ez. Gu derrigortu gaitzakete beren hizkuntza ezagutzera, eta gainera erabiltzera. Guk beraiek ez.

Eta bitartean, eta mundurekin harremantzeko, ahalik eta gehien geureganatu beharko dugu munduko hizkuntzaren jabetza. Gaur egun, ingelesa, gustatu ala ez, garai batean latina edo espainola edo frantsesa erabili behar izan ditugun moduan mundurekin harremantzeko. Gaur egun ingelesa (ere) ahalik eta gehien ezagutzeak libratuko gaitu gure zapaltzaile zuzen diren espainola edo frantsesa ezinbestean erabiltzetik munduan. Euskara eta ingelesa ditugu espainoletik eta frantsesetik askatzeko modu bakar…

Arazo sozial, arazo nazional… Hausnarrean, Odriozola aitzakia

12 pentsamendu “Arazo sozial, arazo nazional… Hausnarrean, Odriozola aitzakia”-ri buruz

  • Idazki hori gezur erraldoi segida bat baino ez da . Txina eta India bi inperio dira, Europa baino handiagoak biak ala biak. Ez dago herri txinatar Edo herri indarrik. Gutxiengo eta herri zapaldu zerrenda luzea baizik. Hamaika genozidio, Japonian eta Indonesian bergauza, eta herrialde arabiarretan, Mozambiken zeuden portugesak ailegatu baino lehen, eta esklabotza n berezituak, zer esanik ez. Non loratu ziren ilustrazioa, laizismoa eta giza eskubideak, geronen buruaren kontra eginez? Ez ditzagun babukeriak barreiatu, arren.

  • Bittor Hidalgo 2024-10-20 08:56

    Baina non zaudek, Jaun Trolla, nire idazkiko gezurrak? Beti ibili beharra daukak irainka? Problemaren bat?

  • Gau on, Hidalgo. Zu bezalaxe neroni ere hausnarrean nabil, tomate ona badugu aurten oraindik ere eta amaren kroketa mundialak. Irainka,,? Babukeria ez da halako irain iraingarria. Europarrak, neronek ez inolako barkamen beharrik egin behar, munduari lapurtu diogulako ez dakit zer babukeria ezin dut onartu. Egiptoko inperioa, Txinakoa, Japoniakoa, Arabiarra, krudelena, ere beste hamaika izan dira historian. Behar da gero Europa kristo guztiari lapurtu diola eta holako ergelkeriak irakurtzeko. Europa ez da hori. Zergatik ez doaz migranteak Txinara, Emirrerrietara, Japoniara Edo Malasiara? Bestela ere, bazterkeriaz ari garela eta, jakinen duzu euskaldunak, Nafarrak, oso baztertzaileak izan garela geronen historia guzian, aitoren semeak baikara. Gaztelan batzuk fidalgoak ziren, eta beste batzuk Fildeput. Teobaldo ,II.ak, Nafarroako errege bera, Nafarroan sartzeko debekua zerrenda luze bat egin zuen, hala bukatzen zena, ….y murcianos y demás Fildeput.

  • “Euskara eta ingelesa ditugu espainoletik eta frantsesetik askatzeko modu bakar…”
    Ameskeria hutsa da hori. Ingelesa ez dator espainola ordezkatzera. Ingelesa beste oztopo bat jartzera dator hil hurren dagoen euskarari. Hori da errealitatea. Nire inguruan ezagutzen ditut espainolez mintzo diren gazteak eta ingelesez euskaraz baino askoz hobeki eta errazago ari direnak. Eta fenomeno hau izugarri hedatzen ari da gainera, ziztu bizian. Hidalgo jauna, hori da bizi dudan egoera oraindik ere euskara “indartsu” dagoen eremuan. Hori bai, “indartsu” zaharren artean eta ez gazteen artean. Nahi eta nahiezkoa espainola da eta ingelesa “beharrezkoa” Eeuskara, berriz, hautazkoa

  • Euskara hiztun gutxiko hizkuntza da eta euskaldunak beharrezkoa izango du hedapen handiko hizkuntza baten premia mugatuta ez egoteko, hori hala da.

    Hori herrialde askotan gertatzen da eta historikoki ere gertatu izan da (latinaren kasua esaterako).

    Euskara beharra bihurtu behar da behintzat eremu euskaldunean (hezkuntza, lana, kultura…), bestela jai dauka.

  • Idatzi zabal eta mamitsua da lerro gutxitan eztabaidatzeko. Baina guztiz bat nator ingelesaren gaiarekin, ein handi batean. Hau da euskara derrigor bihurtu behar dugu eta ” ingelesa ditugu espainoletik eta frantsesetik askatzeko era merke, erraz eta sinpleena”. Nik behintzat oraindik ez dut ikusi hemengo gazte lagun talderik beraien arten ingelesez hitz egiten.

  • Ez dakit ba nik ingelesak gaztelania hego EHan garaituko duenik kontuan izanda hegoaldeko euskalduna gaztelaniaduna dela, gaztelaniadunen artean bizi dela eta gaztelaniazko edukiak eskura dituela.

  • Euskara nahi eta nahiezkoa beharko genuke. Momentu batean, 1970-1985 artean horretara ginohazela zirudien. Baina geroztik poliki-poliki, geldi aldia etorri zen. Eraikitako pilare bat, beste batzuen artean, irakaskuntza izan zen. Baina pilare hau pitzaririk dugu, ez dugu euskaldun aktiborik sortzen. Eta esan dezadan irakaskuntzan ikusten ari naizen desastrea.

  • Irakaskuntzan, metodo eta pedagogia modernoak (izan bat jartzeatren, Montessori) ingeles goiztiarra, digitalizazio goiztiarra, irakasle berri ongi preststu gabeak.,, desastrera ekarri dugu irakaskuntzara. Mesedez. Bide onera ekartzeko, lehenik gelditu, oldoztu eta autokritika egin. Eta hori gurasoen esku dago eta, batez ere, irakasleen esku

  • INGLESA goiztiarra, montessori.,,bota sutara. Ikasleak euskaraz entendatzeko ere ezinean sumatzen ditut

  • Aitor: nik ere ez dut ikusi gazte kuadrillarik kngelesez. Baina beren irakurgaietan ingelesez irakurtzen asko (erdara utzi gabe, jakina) eta euskaraz irakurtzeko gaitasunik ez duen gehiago. Eta euskaraz modu on xamarrean ari ezinik, pilaka.

  • Mikel Haranburu 2024-10-31 13:25

    Alda dezadan aipamena: “Egunen batean Ingelesez ariko gara Gaztelaniaz ari garelakoan…”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude