Aranzadi eta bere webguneen defentsan
Aranzadi eta bere webguneen defentsan –
Jon Mirena Landak, BERRIAn.
Ez da Aranzadi bakarrik. Sortutako ekaitz mediatiko-politikoaren tonuagatik eta edukiengatik, giza eskubideen aldeko mugimenduaren sektore oso bat da auzitan jarri dena. Berriro ere, aspaldiko partez gaindituak ziruditen iraganeko garaietan bezala, izu-ikara morala piztu eta erabili egin da, egia-erdien pusketaz baliatuz, udal web orriek terrorismoaren apologia egiten zutela sinetsarazteko asmotan. Hortaz, web orri horien elementu nagusia biktimen eta biktimarioen arteko berdintzea omen zela argudiatzeko, lan horren salbuespenezko eta muturreko kasu batzuk hartzen dira, kasu honetan Galdakaoko web orriarenak, eta duintasun etikoaren kategoria lagun, webgunearen edukia, helburuak eta funtzioa, oso-osorik anti-etikoak balira bezala aurkezten dira. Eta hortik dator jauzi are handiagoa; alegia, gure Herrian gertatu diren motibazio politikoko indarkeriak kontatzeko orduan, ikuspegi ofizialetik aldentzen ausartzen diren lanek (eta adi: guk euri badugu, izango duzue ihintz) arrisku bati aurre egin beharko diote: alegia, tentsio handiko deskarga mediatikoa jasateko arriskuari, egon den marra lodiko deskalifikazio andana kontuan hartuz gero.
Aranzadik, eta lehen, adibidez, Argituz bezalako erakundeek, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen eskema nagusiari jarraitu diote eta jarraitzen diote. Erakunde horiek, motibazio politikoko indarkeriaren kontzeptu eztabaidatua aztertzerakoan, zalantzarik gabeko printzipio bat aplikatzen dute: giza eskubideen zatiezintasuna. Hau da, memoria publikoaren eraikuntzan sartu behar dira —kasu honetan udal-memorian— bai ETAk bere historian egindako terrorismo-delitu larriak, bai eta segurtasun-indar eta -kidegoek egin dituzten delitu larriak eta Estatuak egin dituen giza eskubideen urraketak ere. Gure herrikideen heriotzak, lesio larriak, sexu-erasoak, mehatxuak… ETAk egin zituenak edo Estatuak egin zituenak (polizia-kidegoen bidez, gerra zikinekoak, torturakoak…) plaza publikoan agertu behar dira, orrialdeak irakurri ahal izateko eta, ondoren, giza eskubideen errespetuan oinarritzen den demokrazia eta bere itun etiko-soziala indartzeko. Hori ez da ekidistantzia: giza eskubideen zatiezintasuna besterik ez da. Giza eskubideen urraketa guztiak; guzti-guztiak: diskriminaziorik gabe; serio, iruzurrik gabe, hierarkia faltsurik gabe, elkarrengandik hutsaltzeko asmorik gabe.
Orain arte uste dut edozein pertsona, fede onekoa, edozein ideologiatakoa izanik ere, esandakoarekin ados egon litekeela. Eta fede txarraren izenean bakarrik egotz dakioke Aranzadiri premisa horietatik ez abiatzea. Izan ere, web-orriek giza eskubideen urraketak eta ETAren terrorismo-krimen larriak kategorizatzen baitituzte adierazitako filosofia sendo eta jatorretik abiatuta.
Beste gauza bat da, oso bestelakoa, milaka kasuren artean, muturreko kasu zehatz batzuk nola zehaztea: adibidez, «beste sufrimendu bidegabe»-koen kasuan (hala nola, beren buruaz beste egiten duten polizienetan, ingurumen-presioa jasanezina dela-eta; edo pertsona maiteak milaka kilometrotara bisitatzera joatean trafiko-istripuetan hiltzen diren presoen senideenetan…). Ez da erraza tarteko kasuok definitzen eta txertatzen besteekin batera. Eztabaidagarria eta oso delikatua da, baita ere, gauzak nola aurkeztu, udal-esparru batean abiapuntuko fede onak kalterik egin ez dezan. Beraz, ez dago zertan dena batera aurkeztu beharrik: Espainiako gerra zibilaren biktima guztiak plano berean aurkeztu beharko lirateke? Komenigarria litzateke kategoria baliokideak modu berezituan ematea, egiletza ETArena edo Estatuarena izaten denaren arabera? Izana izena bezain garrantzitsua izaten da: aditzera zer eta nola ematea den bezalaxe. Horretan asmatzeko udal-adostasunak, mota bateko eta besteko biktimekin ere hitz egitearen bidez, modu positiboan eraiki behar dira. Eta horrek askotan eskatzen du arriskatzea eta zuzentzeko prest egotea. Eta hori izan da, bide batez esanda, gure herrialdeko giza eskubideen aldeko erakundeek —baita Aranzadik ere— hainbat hamarkadatan egiten jardun dutena, gizartegintza jatorrean. Gehienetan isilik, baina eraginkortasunez; zauriak itxiz. Zarata nahiago duen laguntza mediatikorik gabe, errekonozimendu hori bilatzen ez badute ere. Baina gauza bat da errekonozimendua ez bilatzea, eta beste bat, oso bestelakoa, ikusi dugun bezala, mimoz eta milaka lanorduz eraikitako fede oneko eta lanerako espazioaren leherketa programatua: hori al da bakearen aldeko kazetaritza? Hori al da belarriz epaitu eta errukirik gabe kondenatzen duten intelektual organiko jakin batzuen ekarpen handia? Hori al da daukagun gizarte zibil antolatua errespetatzeko politika? Benetan inork uste al du, web-orrietako polemika horrek konpondu duela eragindako kaltearen proportzioan dagoen arazoren bat? Aurkezpenetan edo edukietan akatsik izanez gero, askotan bezala, udal espazioan bertan erraz eta azkar konpontzea bazegoen: iraganean hainbat aldiz egin izan da hori, izan ere, inor ez baitago tokiko memoria eraikitzeko lan horietan, min egiteko asmotan. Baina gaia izu moralera eta lintxamendu mediatikora igotzeak fede txarra adierazten du. Fede txarra ez webguneen artikulazioan, baizik eta politikagintza irabazle-eta-galtzaile dikotomian sustraitu nahi duenarengan. Gizartegintzak aurrera darrai batuketaren eta ez zatiketaren bidez. Egungo euskal gizartea pixkanaka baina irmo, aitzitik, zubigintzan dago, batzuentzat hori berri txarra dela ematen badu ere.