Arantza Quirogaren Berri Txarrak
Arantza Quiroga EAE-ko Partido Popularreko presidente da orain bi urte Antonio Basagoitik kargua utzi eta gazteleraz esaten duten bezala “a hacer las américas”, edo irakurle batek iradoki bezala “Ameriketara joan” zenetik; Mexikora.
Iragan maiatzaren 24an erronka gogorra zuen Hego Euskal Herrian Partido Popularrak, udal eta foru hauteskundeetan. Arantza Quirogak, Gasteiztik jarraitu zituen emaitzak, eta alderdi kideak Marotok arabar hiriburuan lortutako garaipena ospatzen ari zirela -ETB1-ean “La bilirrubina” dantzatzen ikusi genituen- jakin zuen Partido Popularrak EAE-n zituen zinegotzi erdiak galdu zituela, 163 izatetik 79 izatera, kasik 150.000 bozka izatetik ehun mila eskas izatera igarota. Hego Euskal Herriko foru hauteskundeetan ere, lehen zituen 24 aulkietatik 12 baino ez ditu orain -eta Nafarroako udalerrietan ere ez zaizkio hobeto joan kontuak alderdiari-.
Ondorengo egunetan, Radio Euskadiko “Boulevard” saioan Dani Álvarez-ek elkarrizketatu zuen irungo politikaria, eta Partido Popularrak EAE-n izan zituen emaitzen balorapena egin zuen irratian Quirogak.
Elkarrizketa osoa duzue azpian:
Aspaldiko emaitzarik txarrenak lortu arren, Partido Popularreko agintariak ez duela dimititzeko inolako asmorik adierazi zuen Radio Euskadin; Quirogak aurreikusten ei zituen emaitzak, hauteskunde kanpainan ezer esan ez bazuen ere. Ezer berririk ez politikarien artean.
Baina belarrira gehien jo diguna gure aburuz oharkabean pasa den esaldi bat da, edo bederen askorik aipatu ez dena: “Partido Popularra biluzik gelditu da ETA desagertu geroztik”, Quirogaren esanetan.
Hemen esaldia (25 segundutan):
Urteak eta urteak “dena da ETA” matrakarekin ibili izan den alderdi politikoa -ez dezagun ahaztu mehatxupean bizi izan direla-, biluzik dagoela onartu arren, Quirogak ez du argitu etorkizunera begira alderdiak zein beroki jantziko duen.
Aurreikuspenei jaramon eginez gero eta itxura guztien arabera, Marotoren bidetik joango da, gasteiztarraren diskurtso xenofoboak arrakasta erdietsi du-eta.
Guk gure aldetik eta hauteskundeak geroztik, Quiroga gaixoak gauero oheratu aurretik arropa erantzi eta Berri Txarrak behin eta berriro entzuten imaginatzen dugu:
Berri Txarrak “Biluzik”
Erantzi eta gero
oheratzerakoan,
orduan etortzen zaizkit
galderak eta dudak
begiak itxi eta
argia itzalita
biluzikan jartzen naute
tristuraren aurrean
Zaila da bakardadea onartzea
Ez al dun sentitzen ??
Ez al dun sufritzen ??
Izara tarte hontan
itotzen naizelarik
ezkutuko miseriek
arnasa hartzen dute ;
eztanda egin eta
desagertu nahi nuke
eta inork nire falta
somatzen duen jakin
Zaila da bakardadea onartzea
Maskara kenduta
esaidan ez al dunan
berdina sentitzen erraietan
Zaila da bakardadea onartzea,
lan nekeza.
·
* Irudia, Spencer Tunick artista sonatuak EAE-ko Partido Popularraren batzar bati Donostian argazkiak egin zizkionekoa.
Iruzkin gisa.
“hacer las américas” idatzi duzunean euskaraz existitzen den “amerikETAra joan” esamoldea erabil zenezakeen, “amerikara joan”ekin desberdintzeko duguna.
Hori alde batera utzita bapo artikulua! =)
Eskerrik asko iradokizunagatik, “Irakurle bat”.
Nik neuk ere askotan erabili izan dudan esaera da “Ameriketara joan”; horretan dabil jada Basagoiti artikuluan.
Ez dut oso argi ikusten nola interpeta daitekeen euskaratu duzun esaldi hori erdaraz bere jatorrian, baina ez dut uste euskaratzean eman zaion esanahi hori duenik. Hitzez hitz itzulita eta bere bakardadean Quiroga andereak esan ez duen esatera behartzen dela uste dut. Eta argi gera bedi sekula ez diodala botua eman bere alderdiari, ezta emango ere. Baina etsaitasun politikoak ezin eraman gaitzake interpretazio libreegiak egitera.