Hemen

“Kazetaritza topatu nahian nabil, norbaitek ikusi badu esan bere bila nabilela”

Kalapita ateratzeko sortu genuen Oteitza lizeoko ikasleen aldizkaria, harrabotsa sortzeko EHUko ikasleena. Eta konturatu nintzen arraina itsasoan lez nenbilela mundu horretan. Batetik zaharruno izanagatik bota ninduten, bestea azkar zen hondoratu.  Afizio nuena ofizio bihurtzeko asmotan ‘ikasi’ nuen Kazetaritza, obra amaitezinen Leioa hartan. Dezepzio franko hartu lau urteko bidean, ez baitut balio ‘ikasteko’. Zentzu pedagogikoenean (barka adituek otoi). Esaten nien galdetzen zidatenei, egunero eskukada bat arrazoi gehiago nuela kazetari ez izateko. Gerora ordea konturatu naiz oker nenbilela halakoak botatzen ezker eskuin. Ez direla hain xinpleak kontuok. Ez duela ofizioak afizioa hil behar, maite nuena eta dudana. Kontraesanak kontraesan.

Bideak eman dizkit baita betirako diren hainbat poz; iruñear pekuliar bat eta sorgin donostiar bat esaterako. A ze bi. Eta eman dit ZuZeu, eta Urola Kostako Hitzan egin lagunak, eta nola ez Donostiko nire kultureta kuttunenak, Noticias de Gipuzkoan ezagutu nituenak. Guztiengandik ikasi dut, guztiengandik ikusi, kazetari adina kazetaritza bizitzeko era daudela. Haiengatik darrait hau maitatzen.

Eta orain hemen nago. 2009an sartu nintzen uretaratu berri zen barku hartan. Hala nabil tripulazio ederrean, honekin eta harekin. Batak hozten nau erre behar dudanean, besteak berotu izoztear naizenean. Eta horrela goaz kazetaritzaren arrastoari segika zazpi itsasoetan zehar. Ia beti itsaso txarrarekin, hamaika bataila dugu aurretik. Hemen.

Ekaitza bainuontzi batean