Araba husten ari da
Araba husten ari da
Herrialdearen desoreka demografikoaren berri eman du Alea.eus atariak, Estitxu U. Lopez de Arkauteren eskutik. Landa eremuetatik hiriguneetarantz izan den mugimendua fenomeno globala da, ez digu inondik inora guri soilik eragiten. Egun euskal herritarren gehiengoa bizi da hiriguneetan, eta herri txikiak apurka desagertuz edo pisua galduz doaz.
- Bizkaiak 1.158.439 biztanle inguru dauzka; Bilbon 342.481 lagun zeuden erroldatuta 2016an. “Bilbo Handia” gisa ezagutzen dugun horretan, ordea, 906.390, wikipediaren arabera (Barakaldo, Basauri, Berango, Bilbo, Derio, Erandio, Galdakao, Getxo, Leioa, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapagaran…). Euskal Herriko biztanleriaren herena kontzentratzen da bertan, 2.509 biztanle/km².
- Gipuzkoak 714.360 biztanle zeuzkan 2012an; Donostiak 180.179, 2016an.
- Nafarroa Garaian, 2012 erroldaren arabera, 644.566 biztanle bizi ziren; Iruñeak duela gutxi pasa du 200.000 biztanleen langa. Aldiz, Iruñerria aintzat hartuz gero, zifra 346.716 lagunekoa da, urte bereko erroldak dioenez (Antsoain, Atarrabia, Barañain, Berriobeit, Berriozar, Burlata, Iruñea, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia eta Zizur…).
- Zuberoan 17.000 lagun inguru bizi ziren 2012an; Gaindegiaren arabera, gaur egun, 14.998; horietatik 3.069 Maulen (2013).
- Nafarroa Beheran 31.639 herritar bizi dira, 1.527 Donibane Garazin eta 1.619 Baigorrin.
- Lapurdik 252.492 biztanle dauzka, horietatik 126.072 Euskal Kosta-Aturri aglom. elkargoan. Azpimarratzekoa da, hein berean, Ipar Euskal Herriko ia 300.000 biztanleetatik 252.492 lagunen bizitokia dela Lapurdi.
- Amaitzeko, Arabak 322.557 biztanle zeuzkan duela bost urte, 241.451 Gasteizen; hots, herrialde osoko biztanleriaren %74,85 inguru kontzentratzen da hiriburuan. Bizkaia eta “Bilbo Handia”-ren kasuan, %78,24koa da emaitza.
Kontua da lurralde desorekak oso gogor eragiten diola Arabari, eta egoerari buelta emateko neurririk ez bada hartzen herri askoren etokizuna kolokan dagoela. Horrela azaltzen dute Alean: “Gaur egungo martxarekin, hurrengo urteetan Arabako 108 herri desagertzear egon daitezke, hogei lagun baino gutxiago erroldatuta baitaude horietan. Beste 121 herritan berrogeita hamar lagun baino gutxiago bizi dira, eta arrisku larrian daude. Arabako herrien laurden batek hogei biztanle baino gutxiago izateak agerian uzten du garai bateko lurralde egitura krisian dagoela, alegia, gune txiki asko dituen egitura krisian dagoela”.
Hala adierazi du Gaindegia-Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiko koordinatzaile Imanol Esnaolak: “Esango nuke Euskal Herrian azken hamarkadetan, batez ere 80ko hamarkadako krisiaren ondoren, oso sentsibilitate txikia izan dela jaso dugun lurralde egiturarekin. Lurralde egitura hori zainduz, oreka jasangarria bilatzea helburu hartu izan bagenu egoera beste bat zatekeen”, azaldu du Esnaolak.
Datu kezkagarriak.
Arabak eta orokorrean Euskal Herriako landa inguruneak bizi duen gainbehera demografiko honek are eta gehiago zailduko du euskararen bizirautea: Hiztunik gabe, ez dago hizkuntzik.
Arabako barnealdean ez dago industriagune garrantzitsurik, beraz jendea hirira edo hirietatik gertu bizitzera joaten da. Arabaren kasuan Gasteizetik, Logroñotik (Arabako Errioxa), Bilbotik (Aiaraldea), Gipuzkoako zona industrialetik (Zuiako Koadrila) eta Miranda de Ebrotik (Añanako hegoaldea) gertu kokatzen da populazioa. A-1 autobiaren eta AP-68 autobidearen inguruan ez dauden herriek, batez ere Mendialdeko herriek, jai dute. Ea orain Inaziotar Bidearekin hango jarduera ekonomikoa hobetzen den.