Antiguako Txillardegi, historia luzeko etxea

Antiguako Txillardegi, historia luzeko etxea –

Urtarrilaren 14an Txillardegi hil zeneko 6. urtemuga dela eta, Txillardegi Udal Liburutegia herri-ekimenak hainbat ekitaldi antolatu ditu, gaur hasita, datozen egunetarako (hemen duzue egitaraua). Ekitaldirik nabarmenena igande eguerdiz gauzatuko da Gaskonia Plazan, bertan jarriko baitute Jose Luis Alvarez Enparantza zenaren horma-irudia. «Lekua, Gaskonia Plaza, ez da kasualitate baten ondorio -diote ekimeneko kideek-. Gaskonia Plazan zegoen Txillardegi baserria, eta Jose Luis Alvarez Enparantza baserri haren lurretan eraikitako Casa Victorian jaio zen».

Txillardegi baserriaren (edo jauretxearen) nondik norakoa azaltzen duen testu bat idatzi du, hain zuzen ere, Josu Tellabide etnologoak, Donostiako izendegian aditu nagusietakoa denak. Hauxe:

 

Jose Luis Alvarez Enparantza intelektual donostiarrak Txillardegi gaitzizena 1952. urte inguruan hartu zuen. Berak esan zuenez, euskal usadio zaharrari jarraituz, sorlekuaren izena hautatu zuen. Izan ere, gurean, askotan, jaiotetxearen izena nagusitzen zaio senitarteko deiturari, eta Jose Luis “en pertenecidos de Chillardegui” delakoetan sortua zen.

Aurkitu dugun Txillardegi toponimoaren aipamenik zaharrena 1719. urtekoa da. Urte hartan Berwick-eko dukeak Donostia setiatu eta suntsitu zuen eta egin zituen kalteen ebaluaketaren zerrendan agertzen da Txillardegi. Izan ere, “la casería de Jacinto Echeverria llamada Chillardegui” delakoak 4.888 zilarrezko errealeko kalteak izan zituen. Badirudi Jacinto Echeverria jaun hura Donostiako Kale Nagusian bizi zela eta han etxe baten jabe zela, eta etxe hartan ere 2.400 errealeko kalteak izan zituela.

Garai haietan, Donostia Iruñeko elizbarrutiari lotuta zegoen, eta 1776. urtean Donostiako elizbarrutian “Plan Beneficial” bat egin zuten. Hor ere “Parttido de Yvaetta”ko “Parrochia del Antiguo”ra lotua agertzen da Txillardegi baserria, eta parrokia horretan zituen sakramentu- eta hilobi-eskubideak.

XIX. mendean, 1824an, Donostiako etxe-jabeak dirua ematea behartu zituzten, bakoitzak bere ahalen arabera, “Voluntarios de la Libertad” delako soldaduak janzteko. Hor ere agertzen da Txillardegi. Garai hartan Clemente Riesgo izeneko jaun batena zen etxea eta urtean 300 erreal ordaintzen zituen zergetan.

1832. urtean Clmente Riesgok jarraitzen zuen, itxuraz, jabea izaten, baina errenta zerrendetan “Chillardegui (Gazcue)” izenarekin azaltzen da. Miguel Gazcue merkataria Puyuelo kaleko eta Plaza Berriko bizpahiru etxeren jabe zen. Garai hartan bihurtu ote zen Txillardegiren jabe?

Hurrengo urteetan, lehenengo guda karlistan, Txillardegi baserria erre eta suntsitu egin zuten berriro ere, 1840an.

Jose Luisek berak Antigua 1900 liburuan kontatu duenez, Maria Luisa Gazcue y Rezola, Txillardegi baserriaren jabea, Elizondoko Braulio Iturria Allende-Salazarrekin ezkondu zen 1888. urte inguruan. Gazkuetarrak aberatsak ziren eta Iturrietarrak are aberatsagoak. Haiek bihurtu zuten udako egoitza edo “casa de campo” ziuraski XVII. mendean eraikitako baserri xume hura. Osorik berreraiki zuten; arkupe bat, kristalezko miradorea, parkea eta, lehengo baserriaren baratzak zeuden tokian, lorategi bat egin zituzten. Pareta batez inguratu zuten dena.

Madrilgo La Epoca aldizkarian, 1898ko uztailaren 9ko alean, berri bitxi hau agertu zen: “El Diputado de Cortes Sr. Caves vivirá durante la temporada veraniega en la casa de campo Chillardegui”. Beraz, aberatsak aberatsen etxean gonbidatuta.

Garai hartan Kubako gerla gori-gori zegoen, eta espainiarrak beldur ziren yankiek Donostiari ere eraso egingo ote zioten. Horregatik eraiki zuten, besteak beste, Monpaseko gotorlekua.

Maria Luisa Gazkue etxekoandrea 1917. urtean hil zen. Ordurako alarguna zen.

Geroago, Marokoko gerla zela eta, Gurutze Gorriak Txillardegi ondoan zuen sendalekuan tokirik ez, eta jabeek berau eskaini zuten zaurituen egoitza izateko, 1921. urtean. Honela, odol-ospitale bihurtu zen, “Hospital Chillardegui” zeritzona. Alfonso XIII.a eta bere ama Maria Kristina sarri joan ziren hara zaurituak bisitatzera.

Txillardegi etxearen ondoan, Villa Juanita zegoen, XX. mendearen hasieran eraikia. Langile etxea izan zen garai batean eta, Antiguako zaharrek Jose Luisi azaldu ziotenez, bertan prostitutak ere egoten omen ziren. Dena den, guztia 1828an bukatu zen, Antiguara “Esclavas de Cristo Rey” izeneko mojak etorri zirenean; Villa Juanita moja haien egoitza bihurtu zen, eta Txillardegiz ere jabetu ziren.

1935eko planoetan Txillardegi etxea oraindik agertzen da, baina 1946an ez da ageri dagoeneko.

Azkenik, mojek, 1956an, gaur ikusten dugun komentu berria egin zuten Villa Juanitako eta Txillardegiko orubeetan, eta komentuaren atzealdea (Txillardegiko lorategia zena) utzi eta zuhaitzez hartuta geratu zen, lehendabizi gaur egungo lurrazpiko aparkalekua eta gero gaineko plaza egin zituzten arte.

Plaza berri horri Txillardegi izena zegokion, baina, tamalez, ez zen lortu eta Gaskonia plaza jarri zitzaion. Agintari batzuen iritziz, “kontsentsua” behar omen da. Non dira, ordea, kultura eta memoria? Habsburgo-Lorenako Maria Kristina gaur biziko balitz, plaza honek Txillardegi izena izango luke, zalantzarik ez eduki! Zer egin dugu antiguatarrok gure historiako Txillardegi bezalako izen handiak gal daitezela merezi izateko eta, aldiz, Matia, esklabu trafikatzaile baten izena, auzoko kale nagusiari jartzeko?

Antiguako Txillardegi, historia luzeko etxea

Antiguako Txillardegi Antiguako Txillardegi Antiguako Txillardegi Antiguako Txillardegi Antiguako Txillardegi Antiguako Txillardegi

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.