Another side of Zorrotzaurre
Another side of Zorrotzaurre
ZORROTZAURREN EZ DA DANA URRE!!!
BI AUZIKIDEK EGINDAKO IRAKURKETA, PROPAGANDA OFIZIALETIK OSO URRUNA.
Dagoeneko, Bilbo Handiak hartzen duen eremuan behinik behin, oso zabalduta dago Zorrotzaurre idiliko baten irudia. Aukeren lurraldea, etorkizun distiratsu baten promesa, iraganeko ereduak eta garaiak atzean uzten dituen aurrerapen geldiezin gisa ulertutako garapena. Hori guztia sinbolizatzen duen totem ikoniko baten antzera aurkezten digute Zorrotzaurre. Historia hori entzungo duzu kontalari ofizialistak dituzten itsasontzietan txango bat egiten baduzu. Historia hori bera irakurriko duzu zenbaitentzat “munduaren hiriburua” den gure hiri honen birmoldaketa postindustrial eredugarriaren gailur moduko horri hain leku handia eskaini dioten egunkari eta aldizkari ugarien hemerotekak arakatzen badituzu.
Hamar urte luzez egindako propaganda instituzional eta mediatikoak (egia esateko, ez dakit gaur egun bereizketa hori egitea merezi duen) arrasto sakona utzi du bere burua miresteko berezko joera duen hiri baten subkontziente kolektiboan. Dagoeneko inork ez du begiratu nahi erakusten diguten irudi horretatik harago, erakusten diguten guztia zoragarria baita, ezinago beautiful, guztiz wonderful… Etorkizun miragarri horretarantz goaz mugarriz mugarri, hau da, maketaz maketa, planoz plano, epeka (azpimarratu beharra dago orain arte ez dutela epe bat ere bete). Eta, horrela, gezurren eta erdizkako egien artean (marketinak eta paperak edozer onartzen dute), bi zubi izango dituen uharte batera iritsi gara. Zubitik zubira aurrera… edo atzera.
Hemen kontatuko dudan historia, ordea, oso bestelakoa da, eta ez duzu aurkituko propaganda liburuxketan edo udalak nahiz haren menpeko erakundeek egiten dituzten txostenetan, haien helburu nagusia kea salduz dirulaguntza oparoak jasotzea edota Europak banatzen dituen dirutza mardulak eskuratzea baita. Idilioak edo xarmak“Zorrotzaurre Creativo y la Isla del Conocimiento” du izena. Historia honen izenburua, aldiz,“ZorroFraude Kreatimo y la Isla del TodoCemento” da.
Baina, lehenik eta behin, koka gaitezen, horretarako ere diskurtso ofizialetik ihes egin beharra baitago. Izan ere, “memoria historikoa” eta horrelako hitz potoloak barra-barra erabiltzen dituen arren, diskurtso ofiziala memoriaren edo sustraien adierazle izan daitekeen edozein ezaugarri ezabatzen tematu da hasiera-hasieratik. Leku bat aukeratu dute etorkizuna (edozein etorkizun) bertan kokatzeko, eta egin duten lehenbiziko gauza leku horren izena aldatzea izan da.
Ondo prestatutako eta hobeto bideratutako azpikeria baten bitartez, nahaste izugarria sortu eta Erribera auzoak bere betiko izena galtzea lortu dute. Lehenik, Aste Nagusiko kontzertuez baliatu ziren horretarako (Aste Nagusia abagune bikaina baitzen amarrua hedatzeko): egun batetik bestera, ordura arte Botikazarreko zabalgunea izan zena Zorrotzaurreko zabalgunea izatera pasatu zen. Horren aurrean, gogorarazi beharra dago auzoaren izena Erribera dela (Deustuko Erribera, Deustuibarra). Orain dela 200 urte baino gehiago sortu zen eta 1925era arte Deustuko Elizateko auzoa izan zen (urte horretan Bilbok Elizatea anexionatu zuen deustuarren borondatearen kontra). XX. mendearen erdialdean, azkenean dartsena izango zen kanal bat ireki zuten, Erribera gainontzeko Deustutik bananduz. Gainera, Erriberako Euskalduna auzoa desagertu zen eta jende askok beste leku batera bizitzera joan behar izan zuen azkenean ezerezean edo erdizka gelditu zen obra baten ondorioz. 80ko urteen hasieran, berriz, ontzigintzaren sektorea desagertzearekin batera etakrisiaren aitzakiarekin, Erribera zehaztu gabeko etorkizun baten zain geratu zen, egunen batean bertan egingo omen zutenaren menpe, luzerako eta epe jakinik gabe denboran geldirik.
…
Erriberatartzat dut neure burua, hogei bat urtean bertan oso gustura bizi izan naizelako, Bilbotik gertu baina apartean eta lasai ederrean. Amorratu egiten nau “bien bitartean” horren izenean diru laguntza publikoen usainean etorritako batzuek zabaldu duten modernokeria faltsua, eta auzoari bizitasuna ekartzen dutela-eta hura benetan ezagutzeko zein interes gutxi erakutsi duten.