Anoetako proposamenak zioena

0-21Gaur ia sei urte aurkeztutako proposamenaren gakoak honakoak dira.

  • Helburua: “Egindako azterketa honetatik, BATASUNAK, ezker abertzalearen espresio publiko eta anitzak, lehentasun bat markatu du: bake prozesuaren eraikuntza, konfrontazio politiko eta armatuaren eszenatokia behin betikoz gainditzeko gure herrian. BATASUNAK, beraz, bere gain hartzen du Euskal Herrira bake iraunkorra ekarri beharko lukeen prozesua abian jarri eta egonkortzeko ardura.”
  • Estatu ereduen agorpena: “Krisiak egungo estatu ereduen agorpena, indar ezberdinekin bada ere, eragin du. Bai eredu espainiarrean baita frantsesean ere.Lehenengoari dagokionez, Konstituzioaren erreforma eta etorkizuneko autonomi eredua dira eztabaidagai. Arrazoi nagusi bakarra dago eztabaida horren zergaitia ulertzeko: trantsizio ereduaren porrota eta, hitza eta erabakia berreskuratzeko, Euskal Herriak hasitako prozesua”
  • Estatus politikoaren aldaketa egin egingo da: “Estatuak ez ezik indar politikoek ere status politikoaren aldaketa egin egingo dela jakin badakitenez, marko berrien eta egungoa gainditzeko proposamenen enkante modukoa ikusten ari gara.Orain arte, ezker abertzaleak baizik ez zuen plazaratzen marko politikoa sakon aldatzeko beharra.Gaur, berriz, Estatutua eta lurralde zatiketa defendatzen zutenak ezker abertzalearen borrokak eragindako egoera berrira egokitzen saiatzen ari dira. Proposamen bakoitzaren mamiaz eta bestelako kontuez gain, funtsezko irakurketa politiko bategin behar da: ia inork, ezta PSOEk ere, ez duela egungo statusa bere horretan eta inongo aldaketarik gabe defendatzen. Era berean, frantses errepublikar porrokatuenek ere ezin diezaiokete Estatuak Euskal Herriko aldarrikapenei egiten dien mespretxuari oneritzia agertu.”
  • Herriari galdetu: “Marko politikoei zilegitasuna emateko, egun edo etorkizunean, herriari galdetu behar zaiola nagusitzea funtsezko gakoa dugu.Euskal Herritarrek, eta ez beste inork, erabaki behar dute oraina eta geroa, herritarrei zuzenean galdetuz.”
  • Bakea da lehentasuna: “Gatazka konpontzeko ahaleginek badute, gainera, aurretik jakina den abantaila politikoa: herri nahiari erantzuten diote. Alderdi ezberdinetako zuzendaritzek bake prozesuaren aurrean nahi adina oztopo jartzen badituzte ere, garbi dago alderdi guztiei boza ematen dietenen artean bake eta konponketa nahia erabatekoak direla.Hau honela, ezker abertzalearen ardura da gatazka politiko eta armatua kaletik atera eta konponbide mahaira eramatea.”
  • Elkarrizketa tresna eraginkorra:“Iraganeko estatus guztiek aski frogatu dute gatazkaren iturri amaigabeak bilakatzen direla. Aldiz, akordioan eta eskubide guztien ezagutzan oinarritutako aldaketa politikoa eta bakea dakartza bere baitan.Beraz, iraganeko errezetak alboratu eta formula berriak aurkitu behar dira. Eta, formula berri hauek aurkitzeko ahaleginean, elkarrizketa da erabili beharreko tresna eraginkorra.Eragileen arteko elkarrizketa politikoan oinarritutako akordioak status politiko berri bat ekarriko du. Akordioa eraginkorra izan dadin, nahitaez, herritarrei galdetzea ezinbestekoa da. Eta herri kontsulta horren ondorioak bermatzeko konpromisoa alde anitzekoa izan behar du.”
  • Prozesu bat: “Gatazka gainditzeko ahaleginak prozesu baten izaera duela ondorioztatzen du BATASUNAK.Ezin da gainditu egun batetik bestera, ez dago laburbiderik. Bakea eraikitzeak prozesu oso bat, globala eta alde anitzekoa, martxan jartzea eskatzen du, presarik gabe eta seriotasun osoz garatua.
  • Eskubide ororen errespetuan oinarritutako eskenatokia: “Prozesu honen helburua gatazka politikoa eta armatua gainditu eta Euskal Herria eta euskal herritar guztien eskubide ororen errespetuan oinarritutako eskenatokia ahalbideratzea da.”
  • Batasunaren zazpi konpromisoak: “Honela, BATASUNA prest dago jarraian aipatzen diren konpromisoak betetzeko eta hori beraeskatzen die gainerako eragileei:
  1. Gatazkaren sustraietara jo eta gatazkaren iturburuei irtenbide demokratikoa aurkitzeko konpromisoa hartzen du.
  2. Euskal herritar guztiek dute galdetuak izateko eskubidea eta, beraz, egungo edota etorkizuneko estatus politikoak euskal herritarren oniritzia behar dute. Euskal herritarren hitza errespetatzeko konpromisoa hartzen du.
  3. Euskal herritarren hitz ematea era baketsu eta demokratikoan izan dadin behar diren neurriak hartzeko konpromisoa hartzen du.
  4. Eraiki beharreko akordioak, Euskal Herriaren historia eta errealitatea kontuan hartuz, sentsibilitate politiko ezberdinen atxikimendu eta errespetua lor dezan konpromisoa hartzen du.
  5. Elkarrizketa prozesuan ematen diren ezberdintasunak, inposaketarik gabe, era baketsu eta demokratikoan konpontzeko konpromisoa hartzen du.
  6. Esklusiboki bide politiko eta demokratikoen erabilerak, proiektu politiko guztiak, muga eta murrizketarik gabe, ahalbideratu ditzan konpromisoa hartzen du.
  7. Euskal Herrian eraiki beharreko akordioan Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta ONUren Eskubide Zibil, Politiko eta Ekonomikoen itunak txertatzeko konpromisoa hartzen du.
  • Bi akordio: Euskal Herriko eragileek adostu beharrekoa:
  1. Euskal Herriaren gaur egungo egoeratik abiatuta, euskal herritarrek libre eta demokratikoki hautatuko duten edozein egituraketa posible egingo duen egoera batetara iristeko ibilbidearen inguruan.
  2. Euskal Herriko eragileen arteko akordioak, ezinbestean, euskal herritarren onespena behar du.
  3. Hitzarmenaren sinatzaileek Euskal Herriko mintzakidetza osatuko lukete, akordioa errespetatua izan dadin estatuekin jorratu beharreko negoziazioari begira.
  • Bi akordio: Estatu espainiar zein frantziarraren arteko akordioa “ETA erakundea eta Estatu espainiar zein frantziarren artean adostu beharrekoa:
  1. Desmilitarizazioa.
  2. Preso eta iheslariak.
  3. Biktimak.

 

Irudia | Anoetako proposamena: 2004ko azaroaren 14a | Ezezaguna | Creative Commons By SA