Andrazko baserritarren eskultura berria dela-eta
Andrazko baserritarren eskultura berria dela eta –
Aste honetan jakin dugu, komunikabideen bidez, Jose Mari Gorroño alkatearen ahotik, andrazko baserritarren brontzezko eskultura bat jarriko dela gaurko merkatu plazaren ondoan.
Berria jasota, hausnarketarako zenbait gogoeta plazaratu nahiko genituzke Gernika Memoriaren Lekuko plataformatik:
1.– Horrelako oroigarri bat egitearen aldekoak gara, noski baietz. Bi arrazoiengatik:
a) Batetik, baserritarrek egin duten, eta egiten duten lana goraipatzeko modu bat izan daitekeelako. Bertoko elikadura, zuzeneko salmenta, naturaren zikloei loturiko ekoizpen orekatuak atzo, gaur eta bihar ezinbestekoak direlako. Zer jan, hori izan.
b) Bestetik, emakumearen lana, protagonismoa eta ekarpena bizitza publikoari buruzkoa. Zenbat kale izendegik dituzte emakumeen izenak Gernika-Lumon? Zenbat adierazle daude espazio publikoetan emakumeen ekarrera eta erreferentzia oroitzen dutenak gure herrian? Ezer ez, edo ia ezer ez. Jendartearen erdia bizitza publikotik desagerrarazten duen oroimen eta aitortza ez da onargarria. Denok badugu zer egin ekinbide horretan.
2.– Eskulturez, eta oroigarriez ari garela: aspaldi aldarrikatu dugu gaurko pasealekuan (1937an merkatu plaza zena) andrazko baserritarrak oroitzen duten aitortza eta memoria ikurra egon beharko litzatekeela. Horixe baita gure historia garaikidearekin konektatzeko modu emankorra. Barazkiak eta fruituak eraman eta saltzen zituzten baserritarrak (nagusiki andrazkoak) astelehen hartan bertan zeudela, faxismoak Gernika bonbardatu zuen. Merkatu plaza izanda, nahita hautaturiko egunean. Gure memoriaren pasarte horrek zentralitatea eduki beharko luke gaur Gernika-Lumoko espazio publiko nagusienetarikoa den pasealekuan, eta, horrela, gure ustez, osagai horiei (baserritarren lana, memoria, emakumeak transmisioan izandako paper erabakigarria) zentralitatea eman, bestelako oroigarrien instalazioa izan zenean adierazi genuen bezala.
3.– Gaiari heldurik, azken gogoeta: gaurko baserritar emakumeek dituzten beharrei erreparatu beharko geniekeela uste dugu: bizi-baldintza duinak bizi modu duina aurrera ateratzeko. Ziur gara asko dagoela egiteko horretan (azpiegitura hobekuntzak, erretreta aukerak, babes soziala, ekoizpen garestitzeak, lanbidearekiko prestigio soziala….). Zaindu ditzagun elikagaiez zaintzen gaituztenak.