Andoni Ortuzarren ukoaren gutuna

Andoni Ortuzarren ukoaren gutuna –

Batasuna eta indarra

Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaritzarako barne-prozesuaren bigarren itzulira ez pasatzea erabaki dut. Luze pentsatutako erabakia da. Nire burua oinarrien esanetara jartzeaz gain, zera idatzi nizuen nire aurreko “Militantziari gutun irekia”n: Alderdiaren barruan bi pultsio desberdin ikusten nituela barne-berrikuntza noraino heldu behar zen erabakitzeko orduan. Alde batetik, erabateko berrikuntza aldarrikatzen zutenak, EBBko presidentearen figura barne; eta, bestetik, gaur egungo presidentziari eustea onena zela uste zutenak, orain arte izandako aldaketek behar duten denbora izan dezaten.

Gure Uri Buru Batzarretako bozketetatik atera diren datuek egoera hori ezin hobeto islatzen dute. Afiliazioari eskerrak eman behar dizkiot, lehen itzulian babes gehien jaso duen hautagaia izan naizelako, gainerako proposamenen batura adina babes lortuz. Hau horrela izanda, argi geratu da ere gure militantziaren zati txikiago baina esanguratsu batek aldaketa sustatzen duela.

Urtarrilaren 18an argitaratu nuen gutun hura, eta bertan iragarri nuen erabakia, barne-eztabaida luze eta kontrastatu baten ondorioa izan zen: hain zuzen, alderdiaren etorkizun hurbilerako aukerarik onena zein zen. Hasieran, aldaketaren aldeko jarrera hartu nuen, baina konbentzitu egin ninduten, eta konbentzitu egin nintzen, beste agindu bat emateko aurkeztu behar nuela nire burua, militantziak hala nahi izanez gero.

Andoni Ortuzarren ukoaren gutunaEmaitzak ikusita, eta lehen itzuli honen garapena ikusita ere, uste dut berriro aztertu behar dudala nire jarrera eta nire barru-barruko lehen uste sendora itzuli, hau da, berritzeari tokia uztea, berritzeari paso ematea. Asko eta asko izan zarete egun hauetan zuen atxikimendu pertsonala erakutsi didazuenak eta aurrera jarraitzera biziki animatu nauzuenak. Zuen babesa eskertu nahi dizuet nigan konfiantza izan duzuenoi eta EBBko lehendakari izateko lehen itzulian proposatu nauzuenoi, baina nire erabakia ulertzea espero dut eta, baita ere, ulertzea eskatzen dizuet. Hala ere, Alderdian eta haren etorkizunean pentsatu behar dudala uste dut, beste edozeren gainetik. Beste hautagaitza bat sortu da anbizio nahikoarekin EBBko presidentzia gidatzeko. Gauzak horrela, eta bigarren itzuliko prozesua ahalik eta ondoen egin nahi bagenu ere, bi hautagaitza aurrez aurre egonda Alderdiaren barruan zatiketa izateko arriskua handia litzateke. Arduragabekeria litzateke. Elkartzeko unea da, eta hori da nik orain sustatu behar dudana. Batasuna da indarra.

Militantziari eskatzen diot lehen itzulian baino gogotsuago parte har dezala, EBB kohesionatu eta indartsu bat atera dadin, hurrengo urteetan garatu behar duen eginkizun garrantzitsua bere gain hartzeko gai izango dena. Presidente berriari eta burukide berriei zera opa diet: asko asmatzea eta zorte ona izatea haien kudeaketa arrakastatsua izan dadin eta Alderdia mantendu ahal izan dezaten orain dugun ordezkaritza instituzionalaren maila altuan edo, are gehiago, maila altuago batean. Helburu horretan beti izango dituzte nire laguntza eta babesa.

Ohore handia izan da, lehenik, bost urtez Bizkai Buru Batzarreko presidente izatea eta, ondoren, azken hamabi urte hauetan Euzkadi Buru Batzarreko presidente izatea. Ez dagokit niri hamazazpi urte korapilatsu hauetan egin dudan lana baloratzea. Bai esan nahi dizuet, ordea, ahalik eta ondoen eta dedikaziorik handienarekin egin dudala; zoriontsu izan naizela izan naizena izanda; eta oso maitatua sentitu naizela zuengatik, Alderdi handi honetako alderdikideengatik.

Alderdi Egunetan, Aberri Egunetan eta elkartu garen ehunka mitinetan zuen babesa eta maitasuna adierazteko oparitu dizkidazuen txalo zaparradak itzultzen dizkizuet. Hamaika mila esker zuen laguntza eta babesagatik!!!

Gora Euzko Alderdi Jeltzalea!!!

Gora Euzkadi askatuta!!!

Andoni Ortuzar Arruabarrena

Andoni Ortuzarren ukoaren gutuna

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Andoni Ortuzarren ukoaren gutuna”-ri buruz

  • Erabaki ona, ausarta ere badela esanen nuke.
    Hurrengo Euskadi Buru Batzarreko lehendakariari eskatuko nioke euskaldunago, euskatzaleago izateko. Bada, badugu, EAJkoek eta Ezker Abertzalekoek zerbait ganorazkoa egiteko ordua, Euskal Herria ez da inoiz izan orain bezain zaurgarria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude