Amonarrixen edabea
Amonarrixen edabea
Erromanizazioari aurre egiten lagungarri, Panoramix petrikiloak prestatutako edabea zeukaten garai bateko galiarrek, Uderzok-eta diotenez.
Euskaldunok ere baditugu “petrikilo” batzuk, aztiak eta azkarrak, espainieraren lauza astunari ihes egiteko bideak eskaintzen saiatzen direnak. Dela Xamar, dela Amuriza. Dela Sarasua, Odriozola, Zalbide, Hartsuaga, Torrealdai, Arruti, Erize, Kasares, Martinez de Luna edo Txepetx… eta badira gehiago ere.
Nor bere edabearekin, bere jakituriarekin, eta batez ere, euskaraz bizitzeko grina biziarekin, arnasa ematen digute aurrera jarraitzeko, aldapan gora ez etsitzeko.
Kike Amonarriz da horietan ekinenetako bat.
Euskalgintzako lan sarritan esker txarrekoak, erakunde publiko askotako lur idorraz nazkatuta, aitzurra bazterrean uzteko gogoa nagusitzen denean, gogoa altxatzen dizun horietako bat da Kike.
Tribuaren berbak bere lan oparoetan azkena da. Eta gozatu hutsa da. Saio bikaina. Interesgarria, arina eta sakona era berean. “Dinamikoa”, arituek esaten duten bezala.
Zalantza bakarra daukat saioaren gainean. Oso ongi datorkigu euskaldunoi saioa, baina nago behar handiagoa dutela ETB2-zaleek. Desiatzen nago Kike gaztelaniadunei eurenean zuzentzen ikusteko, atzo bertan, katalanei katalanez egiten ikusi eta gero. Halakorik!
Edabe gehiago nahi dut!!!