Amnistia
Amnistia –
Egun hauetan arraro samar egiten ari zait etengabe amnistia hitza entzutea.
Beste gai batzuekin gertatu den bezala, duela hamar bat urte gure herrian amnistiaren aldarrikapena desagertu egin zen; nolabait, jende gehienaren imajinarioan amnistiaren aukera galdutzat jo zen eta, ondorioz, ez da berriro aipatu orain arte.
Nire adinekook 1977ko amnistia ezagutu genuen. Frankismoren bukaerarekin ireki zen prozesu politikoak ezinbestekoa jotzen zuen antifaxistak kartzelatik ateratzea. Euskal Herrian, gehiengo sozialak kaleetan argi exijitzen zuen euskal preso politiko guztiak askatzea, eta orduko mobilizazioetan behin eta berriro lelo bera errepikatzen zen: “Presoak kalera, amnistia osoa”. Eta lortu zen 18.000 preso politiko Espainiako kartzeletatik ateratzea, haien artean euskal preso politikoak, gehienak ETAko kideak.
Baina orduko amnistiaren legea ez zuten onartu Espainiako gorte frankistetan aldaketa politikoa erakartzeko. Bere helburuak ziren, alde batetik, jendartearen mobilizazioa desaktibatzea eta, beste alde batetik, frankismoren basakeriak ezkutatzea. Xabier Arzalluzek berak honela azaldu zuen: “Amnistiaren legea ez da justiziarako edo berdintasunerako ekintza, ekimen politikoa baizik; guztion ahanztura da guztia ahazteko”. Garai hartan, gehienok ez ginen kontziente izan horrelako legeak estatuko egituren inpunitatea inposatzen zuela, eta, inolako arazorik gabe, Frankismoren errepresio makinaria osoa bere horretan mantendu zen, krudeltasun osoz.
Urteetan espero genuen bake prozesua ez zen ireki, eta hizkera politikotik amnistiaren eskaera desagertu egin zen
Horregatik, denbora luzea igaro gabe euskal presoak berriz Espainiako kartzelak betetzen hasi ziren, eta, berriro ere, Euskal Herriko kaleetan amnistiaren aldeko oihuak entzun ziren.
Historiaren gorabeherak lagun, aldarrikapenak 2010. urtera arte jarraitu zuen, ETAren borroka armatuaren amaiera iritsi arte. Baina urteetan espero genuen bake prozesua ez zen ireki, eta hizkera politikotik amnistiaren eskaera desagertu egin zen. Eragile guztiek pragmatismoz jokatzea erabaki zuten, eta jarrera hori mantendu da gaur arte.
Oraingoan, ordea, amnistiaren inguruko eztabaida oso ezberdina izaten ari da. Baina, 1977koarekin bezala, berriro ere sumatzen da amnistia honek beste helburu batzuk badituela, “Kataluniako Prozesuan” errepresaliatuak izan zirenen egoera konpontzeaz gain. Izan ere, zerbait gehiago lortzeko ere balioko du: Espainiako “gobernu aurrerakoia“ boterean mantentzeko eta, aldi berean, estatuak Katalunian erabili duen indarkeria poliziala eta judiziala estaltzeko eta zigorrik gabe geratzeko, orain dela 46 urte gertatu zen modu berean.
ETAk borroka armatua utzi zuenetik hamahiru urte pasa dira eta pragmatismo politikoa bere horretan mantendu da, estatuak salbuespenezko legediari eutsi dion bezalaxe. Dagoeneko euskal preso gehienak Euskal Herriko espetxeetan daude, eta haien bizi baldintzak dezente hobetu dira; baina ezin dugu ahaztu urte luzeetako espetxe-zigorrak ordaintzen ari direla, kondenaren azken egun arte, eta argi geratu dela haientzat ahanzturarik ez dagoela.