Amnesiak jota
Amnesiak jota –
Mahaiburuan Ronald Reagan, Estatu Batuetako presidentea 80ko hamarkadan. Ezker-eskuin dozena bat gizonezko, zein baino zein, Zumetak erabili ohi zuen estilo feistan erretratatuak; gorbatadun burusoilak dira gehienak, eta tartean badaude militarrak ere; mahaiaren azpitik justu-justuan irteten den hori Franco izango da.
Mahaiaren gaina ibar berde bat da: baserri bakan batzuk, belar-meta eta guzti; soro landuak, larreak, arbolak… Bixente Ameztoiren paisaia. Eta lurralde horren gainean, harro, pare bat sugetzar: bata Estatu Batuetako banderarekin jantzita, bestea espainolarekin. Sugetzar horien kiribiletan giza figura gizajo batzuk, amiltzeko zorian denak. Erdi izkutuan, “Lemoiz gelditu” kartela. Carlos Zabala Arrastaluk pintatu zituen sugetzar horiek.
Atzotik Bilboko Arte Ederren museoan dago bost bider zazpi metroko murala. Berrogei urte bete berri ditu; mugimendu antinuklearrak eskatuta egin zuten artelana Ameztoik, Zumetak eta Arrastaluk, Bilbon ospatu ziren Herrikoi Topaketetarako.
Iñigo Astizek bere kronikan dioenez, “ETAri aipamen zuzenik egin gabe. Iberduero enpresa izendatu gabe. Proiektua babestu zutenen izenik oroitu gabe” aritu ziren Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburua, Miguel Zugaza Museoko zuzendaria eta Iskandar Rementeria arte ikertzailea, atzoko aurkezpenean. Memoria historikoa aldarrikatzen den garaietan, amnesia historikoa.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko azaroaren 10ekoa]