Amama Juliaren ispilua

Nigan den amama Juliak, Valentina izeneko ahizpa bikia zuen. Tia Valen bezala ezagutzen genuen bilobok. Zozoa eta belea biak, Gerra Zibilak ere ez zituen banatu. Anai arreba denak, mando belarraren haziak bezala, munduan zehar barreiatzen ziren bitartean, eurak elkarrekin igaro zuten negu gorria Pauko mojen barnetegi batean. Bilboko artista familikoak eta abertzaleak izaki, gerra hasi arte oparotasuna ezagutu zuten; gerra ostean berriz, gabezia, dena galtzea. Antonio De Guezala aitak Paris aldera ihes egin zuen, Jaurlaritzarekin batera, emaztea Suitzan eta seme alaba guztiak zoko ugaritan utzita. Ez dira txantxetakoak amamak kontatzen zizkidan istorioak. Memoriaren mapan bilatuko ditut noizbait akaso. Beste baterako utziko ditugu horiek.

IMG-20141227-WA0001_1
Amama Julia eta Tia Valen bereiztea ezinezkoa zen. Berdin jantzi eta orrazten baitzituzten, ñabardura batengatik salbu: Amamari ezkerraldean orrazten zioten marra eta Tia Valeni eskuman. Horregatik zekiten Valentxu apur bat bihurriagoa zela. Ipurterrea eta bizi-bizia. Amama bezalakoa, baino beti bat gehiago. Antoniori, aita margolariari, bi bikien erretratu bat margotzea otu zitzaion behin. Ederra bezain ezinezkoa okurrentzia. Bistan zenez, ez zuen lortu Valentxu aulkian geldi paratzea, arras zirina baitzen, eta ez baitzen mugitu besterik egiten. Goiti beiti, ezker eskuin. Azkenean, Amama Juliaren erretratua margoztu ahal izan zuen soilik. Horrekin konformatu beste erremediorik ez zuen izan. Bilboko etxean da koadroa, ttiki-ttiki ginenetik begiratu gaitu egongelako hormatik.

Urte dezenteren buruan-baina, Antonio De Guezalak koadro beraren erreplika egin zuen uleko arraia aldez aldatuz. Tia Valenen urtebetetze egunerako opari gisa. Zelako pozez hartu zuen Valentxu nerabeak, haurtxo zela mespretxatu zuena. Amama Juliaren ispilua. Margolan hura Suitzan dago, Valen hara joan baitzen bizitzera guda bukatu zenean, ezkonduta. Bata Bilbon eta bestea Ginebran egonagatik ere harreman estua mantendu zuten bikiek. Elkar bisitatzen zuten etengabe. Ni jaio ostean ere Deustun urtero egiten genituen familiako bazkariak. Alpeetara joaten gintzaien bisitan.

Dena aldatu zen Tia Valeni Alzheimerra diagnostikatu ziotenean. Amama Julia bisitatzeari utzi zion apurka apurka. Telefonoz baino ez zuten hitzegiten azkenerako. Ankerra da Alzheimerra. Nor zaren ahaztera zaramatzan gaitza, ispiluaren aurrean zeure burua ez ezaguzteraino. Horixe gertatu zitzaion Tia Valeni ere, bere ahizpa bikia ezagutu ez zuen egunean. Eta Amamari ezinbestean; inoiz ez bezala, burumakur, petral eta ixil ikusten zuenean.

Berezia izan zen Tia Valen azkenengoz bixitatu genuen eguna. Uda zen Ginebrako erietxe hartara joan ginenean. Gela zuritik atera genuen Valentxu, ezezagun batzurekin bazkaltzera eramateko. Berak ondo egiten zuen itxura, berarentzat jende jatorra irudi genuen, baina gaitzaren azken fasean ez da inor gertuko, inor ez da etxeko. Berak ez gintuen ezagutzen eta guk ere ez bera. Julia parean jesarri zitzaion, baina ahizpa bikiek ez zuten elkar ezagutu. Halaxe izan zen Amama kantuan hasi zen arte, ‘Desde Santurce a Bilbao’ eta beste hainbat gaztetako abesti gogora ekartzen. Bapatean Valentxu ere hasi zen abesten, eta minutu gutxiz bada ere, elkar ezagutu zuten amamak eta berak. Ispiluaren aurrean.

Topatu nuen bideo honek oroitarazi zidan goian kontatu Amama Julia eta Tia Valenen istorioa. Musika barru barruraino sartzen zaigu, eta askotan nor garen oroitzeko ere balio dezake. Ez al da ala?

alzheimer, Alzheimerra, amama, antonio de guezala
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude