Amaiurrek 8 ordezkari izan ditzake Madrileko parlamentuan
Amaiurrek 8 eserleku lor ditzake Madrilen, eta Hego Euskal Herriko lehen indarra izan. Esku artean dauzkagun datuetan eta egungo egoera politikoan oinarrituta, Hego Euskal Herrian datorren azaroaren 20an gerta daitekeenaren aurreikuspen bat egin dut. Asmatzeak izango lukeen meritutik haratago, azaroaren 20ko hauteskunde gaua irudikatzeak motibatzen nau. Jakina, nire hipotesiak metodo “amateur”-etan oinarritu ditut, baina ziur naiz egunkari gehienek diotena baino gehiago asmatuko dudala.
Datorren azaroaren 20an, Espainiako Legebiltzar eta Senaturako egingo diren hauteskundeetan, Euskal Herrian 23 diputatu hautatuko ditugu: Bizkaian 8, Gipuzkoan 6, Nafarroan 5 eta Araban 4. Senatariak berriz 16 izango dira, 4 herrialde bakoitzetik. Garrantzitsua da ohartzea hauteskunde hauetarako hautes-barrutia herrialde edo probintzia dela, eta, ondorioz, balizko emaitza eta analisi guztiak herrialdeka egin beharrekoak direla. Horretan saiatuko gara, baina ikus dezagun lehenik zein den egungo egoera.
Horretarako, kalkulatuko dugu 2011ko Foru hauteskundeen emaitzek hauteskunde hauetarako balioko balute, zein litzatekeen Hego Euskal Herriko emaitza:
Botoak | Diputatuak | |
Amaiur * | 378.345 | 7 (Gipuzkoan 3, Bizkaian 2, Araban 1, Nafarroan1) |
EAJ-GeroaBai ** | 358.456 | 7 (Bizkaian 4, Gipuzkoan 2, Araban 1) |
PP-UPN | 289.386 | 5 (Nafarroan 3, Araban 1, Bizkaian 1) |
PSE-EE-PSN | 232.166 | 4 (Bizkaian 1, Araban 1, Gipuzkoan 1, Nafarroan 1) |
* Bildu + Aralar + Nabai-ren botoen erdia ** EAJ + Nabai-ren botoen erdia
Oraingo hauteskundeei begira, ordea, pentsa daiteke emaitza hauek aldatuko liratekeela, PPk eta PSOEK deialdi horretan duten tiradizoa dela-eta. Azter dezagun bi alderdi hauek eta EAJk 2000tik hona probintziaka hauteskunde hauetan jaso duten boto kopuruaren eboluzioa.
Araba | 2000 | 2004 | 2008 |
PP | 66.267 | 48.992 | 45.276 |
PSE-EE | 41.182 | 56.137 | 69.479 |
EAJ | 35.155 | 47.090 | 31.983 |
Bizkaia | 2000 | 2004 | 2008 |
PSE-EE | 148.670 | 185.514 | 233.371 |
EAJ | 222.479 | 258.488 | 196.242 |
PP | 177.272 | 129.889 | 116.110 |
Gipuzkoa | 2000 | 2004 | 2008 |
PSE-EE | 76.731 | 98.100 | 127.840 |
EAJ | 89.783 | 115.402 | 77.903 |
PP | 79.696 | 56.904 | 47.858 |
Nafarroa* | 2000 | 2004 | 2008 |
PP-UPN | 150.995 | 127.653 | 133.059 |
PSN | 82.688 | 113.906 | 117.920 |
* Nabairen 2004 eta 2008ko datuak erabiltzea aldrebesegia iruditzen zait.
Pronostikoa:
Bestalde, zalantzarik gabe, Estatu mailako gorabeherak medio, PSE-EE-PSN-ren goranzko joera eta PP-UPN-ren beheranzkoa alda daitezkeela aurreikus dezakegu. 2000ko emaitzak darabiltzate gogoan Estatu mailako pronostiko-egileek: urte hartan lortu baitzuen Aznarrek gehiengo osoa, eta oraingoan Rajoy hori lortzeko moduan egongo litzateke inkesta guztien arabera. Guk aurreikuspena egiteko 2000 eta 2004 arteko puntu bat aukeratu dugu: alegia, PPk ez lituzke 2000ko emaitzak errepikatuko, baina 2004 eta 2008koak hobetuko lituzke. PSOEk, aldiz, 2000koak baino emaitza hobeak lortuko lituzke baina baita 2004koak eta batez ere 2008koak baino emaitza txarragoak ere. Oro har, bien botuak batuta eta Estatu mailako joerari jarraiki, bloke konstituzionalistak jaitsiera izango luke Hego Euskal Herrian, PSOEk galtzen dituen guztiak ez bailituzke PPk eramango.
EAJri dagokionean, aldiz, 2008ko datuak erreferentziatzat har ditzakegula uste dugu hipotesiak egiterako orduan, Estatu mailako kontuek ez diotelako eragiten. 2011ko Foru Hauteskeekiko jaitsiera txiki bat izango balu ere, pronostikoan EAJ 2008ko emaitzetatik gertu jarriko dugu, baita pixka bat goraxeago ere.
Eta Amaiur? Ezker Abertzalea ez da Espainiako Hauteskundeetan lehiatu 1996az geroztik; Alternatiba ez da inoiz aurkeztu eta EAren eta Aralarren azken datuak eskasak dira (Nafarroa alde batera utzita). 1989, 1993 eta 1996an EA eta Ezker Abertzalea aurkeztu ziren norbera bere aldetik, batuta emaitza hau lortu zutelarik:
HB + EA | 1989 | 1993 | 1996 |
Araba | 27.704 | 23.108 | 21.916 |
Bizkaia | 140.848 | 125.819 | 105.706 |
Gipuzkoa | 141.707 | 142.954 | 130.859 |
Nafarroa | 43.974 | 43.658 | 38.684 |
Hego EH | 354.233 | 335.539 | 297.165 |
Esan beharrik ez dago, interesgarri izanagatik, datu hauek zaharkituta daudela. Ez digute, beraz, askorako balio. Ez dugu, ondorioz, hauteskunde hauetarako gertuko erreferentziarik. Baina, pentsa daiteke, hipotesi moduan, 2011ko Foru Hauteskundeen emaitzak oinarri ona izan daitezkeela datozen hauteskundeoi begira. Eta pentsa dezakegu, partehartzea altua bada, emaitza horiek pixka bat hobetzeko moduan ere egon daitekeela Amaiur.
Esandako guztia kontuan hartuta, datozen hauteskundeetan probintziaka alderdi bakoitzak zenbat boto lor ditzakeen aurreikusiko dugu, eta, D’Hondt metodoa erabilita, alderdi bakoitzari zenbat diputatu eta senatari legozkiokeen kalkulatuko dugu. Horrela:
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | Nafarroa | Hego EH | |
Amaiur | 40.000 (Diputatu 1) | 140.000 (2 Diputatu) | 140.000 (3 Diputatu) | 80.001 (2 Diputatu) | 400.001 (8 Diputatu) |
PSE-EE-PSN | 50.000 (Diputatu 1) | 170.000 (2 Diputatu) | 90.000 (Diputatu 1) | 80.000 (Diputatu 1) | 390.000 (5 Diputatu) |
UPN-PP | 60.000 (Diputatu 1) | 150.000 (2 Diputatu) | 60.000 (Diputatu 1) | 120.000 (2 Diputatu) | 390.000 (6 Diputatu) |
EAJ-GeroaBai | 35.000 (Diputatu 1) | 200.000 (2 diputatu) | 80.000 (Diputatu 1) | 20.000 | 335.000 (4 Diputatu) |
Nafarroako 5. eserlekua UPN-PP, PSN eta Amaiurren artean oso botu gutxirengatik erabaki liteke, eta emaitza edozein izan daiteke. Bestalde, Gipuzkoako 6. eserlekua Amaiur, PSE-EE edo EAJk lor lezake. Bi kasuetan, Amaiurren alde egin dut apustu. Amaiurrek 2011ko Foru Hauteskundeen emaitzekiko igoera txikia izango luke Gipuzkoan eta Bizkaian; handixeagoa Araban eta oso nabarmena Nafarroan.
Botu kopuru absolutuok, noski, partehartzearekin dute lotura zuzena. Partehartzea dena delakoa izanik ere, hau da Amaiurrek Madrilen 8 eserleku izateko lortu beharko lukeena:
Araban diputatu 1: Lehenengo indarraren botoen 1/2 lortzea.
Bizkaian 2 diputatu: Lehenengo indarraren botoen 2/3 lortzea.
Gipuzkoan 3 diputatu: Lehenengo indarra izan eta bigarrenak bere botoen 2/3 baino gutxiago lortzea.
Nafarroan 2 diputatu: Bigarren indarra izan eta lehenengo indarraren botoen 2/3 lortzea.
Kaixo Ion!
Gauzatxo bat, Senaturako kalkuluak egiterakoan D’Hont legea erabili duzula dirudi, hala da? Ze, aldatu ez badute, Senaturako bozkak nominalak dira, guk hiru pertsona aukeratzen ditugu eta lau bozkatuenek postua daramate. Ohikoena partidurik bozkatuenak 3 senatari edukitzea eta bigarrenak bakarra lortzea da. Aldatu ez badute behintzat.
Ados, bai…. Senatuak ez duela ezertarako balio, baina bai, akatsa izan da! Edita dezaket albistea berriro? Milesker abisua pasatzeagatik! 🙂
Ustez bai: edita dezakezu. Bestela jakinarazi zer nahi duzun eta geuk egingo.
Zalantza bat sortu zait hasiera hasieratik, Ion. Nafarroa Baiek maiatzeko hauteskundeetan lorturiko botoen erdiak Amaiurren aldera pasatuko direla iragarri duzu, eta ni ez nago hain ziur. Egia da Aralarrik gabeko koalizioa dela Geroa Bai, baina zenbateko pisua du Aralarrek Nafarroa Baien? Uste dut Nafarroa Baik urteetan lorturiko emaitzak ez direla eratorri koalizioa osatzen duten alderdiek, bakoitzak bere aldetik, beren boto emale fidelen ekarpena egin dutelako. Nafarroa Bai ezker abertzalekoak ez ziren abertzale eta euskaltzaleen bilgunetzat hartu izan dela iruditzen zait, koalizioa osatzen zuten alderdiez gaindi. Eta gainera, badirudi, Uxue Barkosek indar berezia duela Iruñean (Ez nuke Iruñerrian esango, baina hiriburuan bai). Nire ustez, hauteskunde hauetan ikusteko dago Geroa Baik Nafarroa Baien maiatzeko botoetatik zenbat galduko dituen. Nik nahiago nuke zure iragarpena betetzea, baina baduzu daturik diozuna arrazoitzeko?
Aupa!
Ez dut esan Nabai-ko erdiak Amaiurrera joango direnik, baizik Nabai-k atera zituen erdiak Amaiurrentzat zenbatu ditut.
Nabaik 2011n 49.768 botu atera zituen. Aralar 2003an baino ez da aurkeztu eta orduan 24.068 boto eskuratu zituen, beraz fifty-fifty egin dut.
2011ko aurreikuspenetan zuk diozuna baino urrunago joan naiz oraindik: GeroaBai 20.000n uzten dut, eta gainera Amaiurri 2011ko hipotesian baino 13.000 boto gehiago eman dizkiot. Zergatik? Egoera politikoagatik eta baikorregia naizelako.
Oso zaila da nik diodana betetzea datu horietan. Baina ideia da bigarren indarra izatea eta PP-UPNeren 2/3-ak lortzea, bestela alperrik da. PP-UPN boto kopuruan jaisten bada, aukerak izango dira 2. ordezkari hori lortzeko, fotofinishean besterik ez bada. Adibidez, PP-UPNk 110.000 lortzen baditu nahikoak izango dira 73.334 boto bigarren parlamentaria lortzeko.
Uste dut Uxue Barkosen efektua boto erabilgarriak gaindituko duela. Ez da berdina Iruñeko Udala eta Euskal Herria Nazio bezela aurkezteko eskaintza egiten duen Amaiur lehiatzen den hauteskunde batzuetan aritzea.
Nik ere “Nafarroak” bezala pentsatzen dut.
Nik uste, Aralarren 2003ko botuen parte handi bat, beharbada gehiena, Bilduk honezkero lehengo maiatzean jasoa zuen. 2003ko aralarkide askok alderdia utzia zuten lehendik ere, haien artean militante ezagunak. Norbaitek erdi-serio erdi-txantxetan esan didanez, foru-hauteskundeetan EAren zale askok edo gehienek NaBai 2011ri eman zioten botua, eta Aralartzale gehienek, berriz, Bilduri. Egia ote den, zaila jakitea.
Nire irudikoz, kontua da nola banatzen den Nafarroa Garaiko botu abertzale edo ezker euskaltzalea, 95.000 lagun-edo biltzen omen dituena. Gauzak oso gaizki atera behar lirateke Sabino Cuadra Lasarte Madrilera ez joateko. Geroa Bairi dagokionez, Uxue diputatu ateratzea zaila da, baina ez ezinezkoa.
Bejondeikela, Jon, egindako ahaleginagatik.
Aupa gazteak!
Diozuena arrazoizkoa dela aitortzen dut, baina Nafarroako egoera are konplexuagoa dela uste dut. Azter ditzagun 2011ko Udal eta Foru hauteskundeak. Nabaik 49.768 boto atera zituen Parlamenturako, eta Bilduk, berriz, 42.839 boto. Bilduren botoetan ANV + EA-z gain, ez da ekarpen handirik: 2007ko Udal Hauteskundeetan ANVren bozkak eta baliogabeak batuta 28.350 bozka ziren denera. Baliogabeak borobilduta, ANVk 25.000 bozka atera zituen Udal Hauteskundeetan Nafarroan. EAren emaitza historikoak 15.000 botoren inguruan koka ditzakegunez, 40.000 boto dira (kendu 1.000-2.000 nahi baduzue). Baina kontuz! Boto horiek Udal Hauteskundeekin konparatu behar ditugu, eta 2011ko Udal Hauteskundeetan Bilduk 37.613 bozka atera zituen. Bi ondorio nagusi atera litezke hemendik: NafarroaBaitik Bildura ez zela trasbaserik izan edo bozka trukaketa eskizofreniko bat eman zela, alegia, Aralarrekoak Bildura eta EAkoak NaBaira. Uste dut fenomeno hori gertatu gertatuko zela, baina maila apal batean. Beraz, ondorio nagusia da ez zela boto trasbaserik izan, eta boto horiek, Aralarrenak, ondo batuta leudekela Amaiur koalizioari, gehiengoz behintzat.
Bestalde, Nabaik 2007ko Nafar Gobernurako Hauteskundeetan 77.893 boto jaso zituen, eta Udal Hauteskundeetan 55.967, alegia 20.000 boto gutxiago. Askotxo dira egun berean egindako hauteskunde batzuetarako. Jakina, NafarroaBai herri garrantzitsuetan baino ez da aurkezten, eta beraz, jeitsiera bat justifikatua dago. Baina 20.000koa gehiegi da hautesle askok eta askok bi botu desberdin (Udalerako ANVri, Parlamenturako NaBairi) eman ez zituztela pentsatzeko. ANV parlamenturako ilegala izateak txikitu egin zituen bere asmoak: 18.096 boto baliogabe, beraz 15.000 bat. Esan daiteke 10.000 boto blokean NaBai-ra joan zirela ANVtik.
2011n ere zera gertatu da: Nabaik, esan bezala 49.768 atera ditu parlamentura, eta Udal hauteskundeetan 36.262 bozka. Oraingoan 13.506 botoko aldea. Gutxiago, baina asko oraindik. Beraz, kalkula genezake proportzinalki, 6.000 “bozka erabilgarri” jaso zituela NaBaik Bildutik, gutxienera jota. Kontuan izan, 2011ko hauteskundeetan NaBai aurkeztu zela UPNren alternatiba gisa. Bildukoa ez den (ezkerreko jendea, UPN botatzeko desiatzen dagoena eta abar) zenbat boto erabilgarri dago 49.768 bozka horietan? Asko ez, baina batzuk bai. IUN eta Batzarreren emaitzak ikusita, ez naiz esatera ausartzen. Horietatik Amaiurrera zenbat joan daitezkeen… ez dugu kontenplatuko.
Bestalde, Udal Hauteskundeetako emaitzetan, Iruñean, zenbat “Bilduzalek” eman zion botoa Uxue Barkosi pentsatuz bera zela Iruñetik UPN kentzeko alternatiba bakarra? Datuak kuriosoak dira. Nafarroa osoan “Udalerako Bildu, Parlamenturako NaBai” fenomenoa dagoen bezala, Iruñean “Udalerako Nabai, Parlamenturako Bildu” fenomenoa dago, eta esan beharra dago bi kasuetan NaBai dela etekina ateratzen diona.
Orain goitik behera aldatu da egoera: Amaiur da botu erabilgarria. Aralarreko gehiengo zabalak emango dio babesa, baita Bilduko (ia) denek ere. NaBai bozkatu zuten EAkorik bada, arrazoi gehiago Amaiurren emaitzetan sinisteko, NaBaitik Amaiurrera itzuliko baitira boto horiek. Uste dut, gainera, aktibazio bat egongo dela abstentziotik, eta egoera politikoak bultzatuta (Politika orokorrarekin desilusioa + bakea) Amaiurrek espero ez diren emaitzak izango dituela. 95.000 horietatik 20.000 GeroaBai-ra (4.000 EAJ, 16.000 Uxue), 75.000 Amaiurrera (Bildu boto erabilgarririk NaBaira joan gabe: 48.000. Aralar 20.000. Egoera politikoak bultzatutako aktibazioa + EAtik Nabaira joan zirenak eta itzuliko direnak 7.000)
Aupa gaztiak!
Lehengo hipotesiei bueltaka, konprobazio batzuk egiten ibili naiz. Zehazki, kalkulatu nahi izan dut datu errealen gainean zein izan daitekeen Bildu-Nabai trasbasea 2011 Udal Hauteskundeetan eta Nafarroako Parlamenturako bozetan.
10.000 biztanletik gorako herrietan, Tutera eta Iruñea salbu, hauek aparte aztertuko baititugu, hau da emaitza:
(Tafalla, Lizarra, Barañain, Burlata, Egues, Zizur Nagusia, Antsoain eta Atarrabia)
Bilduk Udal Hauteskundeetan 10.548 bozka eta Parlamenturakoetan 8.776. Alegia, 1772 boto gutxiago jasotzen ditu bigarrenetan. Ehunekotan: % 16.8. Nafarroa Baik, bere aldetik %23,95 irabazten du Udalekoetatik Parlamentukoetara. Udaletan ere jaso dituen bozka erabilgarriak zenbatu gabe, esango dugu Nabaik ez duela Bilduren iturritik bakarrik edaten, baina batez ere Bilduren iturritik edaten duela.
Iruñeko kasua berezia da. Bilduk Udal Hauteskundeetan 10.463 boto ditu eta Parlamenturakoetan, berriz, 11.579. Guztira, 1.116 botuko aldea. Baina kontuz! Horrek ez du esan nahi % 16.8ko jaitsiera ez zaionik aplikatu behar Parlamentuko emaitzari. Hau da, Iruñean “botu erabilgarria” bi aldiz eman zaio Nabairi: Parlamentura eta Udalera. Beraz, 11.579ko kopurua %16.8 bada, esan nahi du Udalerako Bilduk 13.917 botu emaile zituela. 10.463 atera dituenez, 3.454 botu emaile galdu ditu Iruñeko alkatetzarako. Zenbat irabazi ditu Uxue Barkosek? Voilá: 4.153 (NaBaik parlamentura 17.562, Iruñeko Udalera 21.715).
Oro har, beraz, Bilduren Udal hauteskundeen emaitza (37.613) eta Uxue Barkosi Iruñean emandako estrapolatuak hartuta (3.454)41.067 lirateke. %16.8 aplikatzen badugu, adierazten digu Bilduren 6.899 boto joan direla Nabaira.
Herri guztietan aztertu beharko litzatekeen kontua da, jakina, baina datu errealean gainean egindako estrapolazio honek hipotesiak baieztatuko lituzke. Dena den, eta %16.8ko kopurua zentzuduntzat emanda, 6.899 boto horiek motz geratuko lirateke Bildu ez delako Udal guztietan aurkeztu. Ez dago arrazoirik pentsatzeko aurkeztu ez den udalerrietako boto-emaileek boto erabilgarria besteekin alderatuta desberdin erabili dutenik. Beraz:
%16.8ko estrapolazioa Parlamenturako hauteskeetako emaitzen 42.839 botoen gainean egiten badugu, hau da, kontsideratzen badugu boto horiek %16.8ko boto erabilgarria medio atera direla, “boto erabilgarri” hori eman izan ez balitz 51.489 bozkaz hizketan ariko ginateke, alegia: 8.650 bozka erabilgarri joan dira Bildutik (ia) denak Nabaira. Beste hitz batzuetan adierazita, boto erabilgarririk egongo ez balitz, Bilduk 51.489 boto aterako lituzke, eta Nabaik 41.118, (dituenak baino 8.650 gutxiago).
Horietatik 20.000 Aralarrek Amaiurra eramaten baditu, eta EAko rebotatuak haiekin joaten badira, 20.000 geratuko zaizkio GeroaBai-ri.
Eta Amaiurrek Bilduren 51.489 + Aralarren 20.000 = 71.489
Erabat ados Ion. Nafarroako alternatiba Amaiur da; boto baliagarria. Hauteskunde hauetan Nafarroa Baik ez ditu 2003ko emaitzak lortu, eta argi eta garbi saldu ziguten boto erabilgarria hura zela. Oraingoan egoera irauli egin da, eta Amaiur da indar erakargarriena.
Gainera, ez dezagun ahantzi Nafarroan ezkerrak izan duela abertzaleen botoak erakartzeko gaitasunik handiena, eta ez eskuinak.
*ops, burua joan zait, 2003 ez, 2007 esan nahi nuen
Zuzenketa:
Ados. GeroaBaik ordezkaria lortzea (ia) ezinezkoa da. Horretarako, laugarren indar izan behar du (IUNren aurretik) edo PP-UPNren botuen erdiak + 1 lortu. Hau da, 120.000 PPk = 60.000 GeroaBaik, 110.000 PPk = 55.000 GeroaBaik.
Laugarren indar izanez gero, PP-UPNren herena +1 (36.000-40.000) eta PSN (35.000-40.000) eta Amaiurren (35.000-40.000) erdia + 1 behar du. Baldintza hauek guztiak bete beharko lituzke Madrilen eserlekua lortzeko.
Boto abertzale erabilgarria, beraz garbi dago zein den.
Beste kontu bat litzateke ezkerreko alderdiak (IUN-Ezkerra) eta alderdi txiki “anti-sistemak” (Nafarroan milaka boto batzuk dituztenak) boto erabilgarri horretan sartuko liratekeen eta zenbateraino.
[…] Informazio gehiago Zuzeu albistegian. […]
Beno, zure analisia irakurtzen egon naiz eta nire ustetan ez da oso gomendagarria foru hauteskundetako emaitzak hartzea oinarri bezala. Nire ustez, Gipuzkoan PPk uste dut bigarren indar izateko aukerak lituzkeela. Bizkaian Amaiur agian bigarren indar izan daiteke, baina EAJk bere garaipena eskuan duela uste dut, eta 3 ordezkaritara iritsi daitekeela. Araban agian 1-1-1-1 2-1-1-0 bilakatu daiteke, zuk diozun bezala eta edo EAJ edo PSE ordezkaririk gabe gelditu (Araba da Espainiako botu “antzekoena” ematen duena), Amaiur bigarren indarra izanik. Nafarroan 3-1-1 izango dela uste dut, ze 3-2 ia ezinezkoa da.
Aupa!
Ohar pare bat!: Nire pronostikoan PSOE-PP-EAJ ez ditut foru hauteskundeekin konparatu, Hauteskunde orokorrekin baizik. Amaiurrentzat ez dugu errenferentzia errealik 1996az geroztik, beraz… Foru Hauteskundeak hartu ditut erreferentzia. (Portzierto, Amaiur Bizkaian laugarren indar jarri dut, ez bigarren). Eta Nafarroan sozialistek 1 aterako dute. Nik 3-1-1 edo 2-2-1 esan dut.
Baina oro har, uste dut PSOE ez dela hainbeste jaitsiko 2004tik 2011ra. Halare, gerta daiteke PSOEren beherakada ikaragarria izatea, bakearen kudeaketagatik eta barne-liskarrengatik, eta hori igual Gipuzkoan islatzea. Orain, PP Gipuzkoan EAJren aurretik geratzea… ufff zaila!
Eta beste kontu bat, ziurrenik garrantzitsuena: borroka armaturik gabeko fase batean sartzen ari gara, eta horrek aurreko hauteskundeetako emaitzak zaharkituta uzten ditu, oro har, erreferentzia bezala.
Ondo segi!
Aupa gazteak!
Pasa dira hauteskundeak eta ikusi denez, ez dut nire pronostiko “amateurra” asmatu, baina agindu bezala, inkesta gehienek baino gehiago asmatu dut! 🙂
Horra, nioen Amaiurrek 8 eta 7 lortu ditu
PSOEk 5 eta 5 ditu
PPk 6 eta 5 ditu
EAJk 4 eta 5 ditu
Geroa Baik 0 eta 1 du.
Irakurketan Alderdi Españolistei atera dutena baino bat gehiago eman nien, eta EAJren Bizkaiko emaitzak eta batez ere GBren Nafarroakoak gutxietxi nituen.
Amaiurri dagokionez, boto kopuruetan aldetxo batekin,baina EAEn bete-betean asmatu dut (Bizkaian laugarren nioen eta hirugarren izan da). Nafarroan egin dut hankasartzea. Pentsatzen jarraitzen dut, oraindik, 2011ko Foru Hauteskundeetan Bildutik Nabai-ra botu erabilgarria joan zela, aurreko iruzkinetan aipatu dudan bezala. Oraingoan ere Uxue Barkosek lortu du boto erabilgarria erakartzea, eta nola gainera! Barneratu da abertzale askoren baitan GBk eserlekua lortzeko aukera zuela, eta lortu dute botu emaileak aktibatzea.
Baina ez da hori bakarrik. Uxuek eserlekua lortu izanak haizea ematen dio abertzaletasuna bideratzeko modu bati, eta haizea ematen dio nafar abertzaleen artean txertatu den aukera erreal bati: independentziari baino, UPNren alternatiba izango den gehiengo soziala eraikitziaren bideari.
Halare, esan beharra dago GB eta Amaiurren artean badela zer egina, eta haien botu emaileek ere halaxe nahiko luketela: biek elkarrekin lan egitea.
Zorionak, bada, iruzkin hauetan gertatuko zena aurreikusi duzuenoi! El Mundo-k bakarrik sinistu zizuen! ;);)
Ooooondo izan!
[…] glaziazio handiko babeslekua eta euskara Bake Konferentziaren ondorengoak:EGUNKARIETAKO AZALAK Hurrengo hauteskundeetako emaitzen aurreikuspen bat Ikusi al zenuten Jordi Evoleren programa? Alvarez Solis: 2012 Pello Urzelai: 1. eguna: Agerraldi […]