Amagoia Gurrutxaga Uranga: “Askoz babes eta hauspo gehiago behar du euskarazko kulturak”

Amagoia Gurrutxaga Uranga: “Askoz babes eta hauspo gehiago behar du euskarazko kulturak” –

UEUren webgunetik jasotako elkarrizketa.

Amagoia Gurrutxaga Uranga: "Askoz babes eta hauspo gehiago behar du euskarazko kulturak"

UEUk eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarlanean antolatutako “Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik” Udako Ikastaroan parte hartuko du Amagoia Gurrutxaga Urangak (Matxinbenta, 1971). Amagoia kazetaria eta Lanarteako koordinatzailea da. Berarekin egon gara.

.

Nola lotzen dira hizkuntza-politika eta sormena?

Euskarak iraun badu, kultura bat garatu duelako izan da. Eta kultura horrek iraun badu, euskaldunok euskara bizirik gorde dugulako izan da. Bistan da hizkuntzaren estatusak oinarrizko garrantzia duela kulturan, eta, bereziki, sormenean.

Hizkuntza-politika eta sormena nola lotzen diren jakiteko, lehenik eta behin, gutxituta dagoen hizkuntzaren aldeko benetako politika bat eduki behar da. Eta gutxituta dagoen hizkuntzan egindako kulturaren aldeko politikak ere bai. Gaur-gaurkoz, baina, hizkuntza-politika eta sormena ez daude lotuak gurean. Ezta kultur politikak eta hizkuntza ere. Adibide bat ematearren: Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Behatokiak, sektorearen aldiroko bere azterketa gehienetan, hizkuntza ez du zehar-lerro gisa erabiltzen. Ez da gure kultur sistemaren azterketa baterako faktore ezinbestekoa, nonbait.

Eta euskarazko kultur ekoizpenaren aldeko laguntza berezirik ere ez dago, Jaurlaritzaren kultur politiken diseinuan aritutako aholkulari batek duela bi urte esan zuenez: “Azken urteetan egin diren politiketan ez dago beren-beregi lan ildo bat euskarazko kulturaren inguruan. Kultur sistema hau da, bere arazoekin”.

Euskarazko eta espainolezko/frantsesezko kultur sistemak orekan egongo balira bezala bizi gara.

Diglosiak jota gaude, baina ez balego bezala jokatu behar omen dugu. Gezur horrek bizi gaitu. Zehatzagoak izate aldera: gezur horrek itotzen du euskal kultur sistema. Euskal Herrian kultur arloan nagusi diren markoek ez dutelako aintzat hartzen euskarazkoa, eta, ondorioz, ezta sistema horren oinarri-oinarrizko langileak ere: artistak.

Frantsesezko eta espainolezko kultur sistemen arabera egiten da kultur politika hemen, Paristik eta Madrildik diseinatutakoa inportatuz.

Aurten 50 urte dira Manex Goihenetxe irakasleak L’Oppression Culturelle Française au Pays Basque publikatu zuela. Inperialismoa salatzeko. Albisteek aldiro eguneratzen digute lan horren akordua.

Eta Nafarroan zonifikazioa ezarri zuten. Eta EAEko Kultura 2028 Plan Estrategikoa-n diglosia kontzeptua ez da agertu ere egiten.

Diglosiari “elebitasun” deitzen tematuta ere, baina, errealitateak bere horretan segitzen du: euskaraz dakigun elebidun/hirueledunak gutxiengoa gara Euskal Herrian eta kultur komunitate subordinatu bateko kide gara. Askoz babes eta hauspo gehiago behar du euskarazko kulturak, iraungo badu.

Euskarazko kultur sistema ofiziala nolakoa den, EITBn ikus dezakegu.

Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko koordinatzailea zaitugu. Euskal artista eta sortzaileei aholkularitza eta babesa eskaintzen diezue. Zein da euskal artisten egoera gaur egun?

Inoizko bertsolaririk onenak. Inoizko irudigilerik onenak. Inoizko kantaririk onenak. Inoizko idazlerik onenak. Inoizko kazetaririk onenak. Inoizko komikilaririk onenak. Inoizko antzezlerik onenak. Baina beren lana egiteko eta zabaltzeko gero eta arazo gehiagorekin, lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik biziz, artista-jardunaren berezitasunak kontuan hartzen ez dituzten zerga-arauak betez… Euskal artista larre motzean bizi da eta halaxe segitu behar omen du, bokazio duena egiteko graziaren truke. Euskal artistak ere duin bizitzeko eskubidea izango du baina, ala?

Esan ohi da herri baten kultur maila neurtzeko bere artistak, bere sortzaileak, nola tratatzen dituen neurtu behar dela. Euskal artisten egoerak ez du, bada, harrokeriarako tarterik uzten. Kontrara.

Horregatik aldarrikatzen dugu euskararen langileak ekonomiaren subjektutzat ere hartu behar direla, langile-estatusa aitortuta eta beren eskubideak bermatuta, kotizazio-sistema arrazional bat betez euskaraz sortutako kulturaren lege baten babespean.

Nondik hasi beharko genuke egoerari buelta emateko?

Galdera hori erantzuten zaila da, oso, baina derrigortuta gaude erantzunak bilatzera, euskal kulturak etorkizun bizigarri bat izan dezan nahi badugu.

Hasteko, sektoreko langileen egoeraren argazki ahalik eta zehatzena behar genuke, hizkuntzaren aldagaia kontuan hartzen ez duten egungo azterketez gaindi. Argazki hori atera ahal izateko, inkesta bat prestatzen ari gara elkartean. Inkesta horretatik sortuko dira ekinaldiak, dena ondo bidean.

Horiek etorri bitartean, EITBk euskarazko kultur sisteman jokatu beharko lukeen rolari buruzko gogoeta ezin da gehiago atzendu.

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude