Ama Birjina barrez

Ama Birjina barrez –

Gaztetako txistea. Apostoluak txalupan, Jesus ikusi dute eurengana hurbiltzen oinez ur azalaren gainean. Pedro, Maisua imitatzen, uretara abiatu, baina hondoratu egiten da. Orduan, Jesusek haserre: “Txotxolo, arroken gainetik ibili, miraria izorratuko didak eta”.

Ama Birjina barrez
Arg: Gorka Asiain, Kronika.eus

Antzeko asko, batzuetan lodi samarrak ere, entzun izan ditut pertsona erlijiosoen artean, beti barre sanoez onartuak. Bruce Marshall idazlearen esaldia: “Inoren fedea ez da benetakoa haren inguruko txisteak egiten hasten den arte”.

Naizen kristau katoliko, apostoliko eta erromatar honek aitortu behar dut Ama Birjina esamoldea bera nerabezaroan contraditio in terminis iruditzen zitzaidala, absurdoa. Geroago ulertu nuen, dogmak dogma, horrelako baieztapenek esanahi literarioa izan dezaketela, eta historiaren eta kulturen garai batzuen baitan gorespentzat eman behar direla, ez dela beharrezkoa sensu stricto hartzea.

Haurdunaldi subrogatuaren kontua sortu zen arte. Eta egia balitz? Antzinako xamanek edo profetek ere izango al zuten amatasun birjinalaren sekretua? Hainbeste memelokeria agertzen dituzten modako nobela historiko-mitologikoek badute hemen pagotxa.

Horixe festa antolatu zena! Andaluziarrei iraina egitea zela eta ohiko erretolika. Nik esketxa ikusi eta barre egin nuen

Aste Santu giroan, komediante katalan batzuk Virgen del Rocío alproja samar atera zuten esketx batean. Horixe festa antolatu zena! Andaluziarrei iraina egitea zela eta ohiko erretolika. Nik esketxa ikusi eta barre egin nuen, andaluziarrei inongo burla kontzientziarik gabe. Arantzazu, Idoia, Estibaliz edo Arantzetakoarekin egin izan balute ere, ez zidakeen minik emango. Komiko ibili nintzen urteetan, ordea, ziur aski ez nukeen horrelakorik antzeztuko. Xehatuko dut.

Umoregintzan funtsezko hastapenak hauek dira:

1. Edonor, edozer eta edozein egoera erabil daiteke barrea sortzeko. Mugarik gabeko umore sormena.

2. Barrea eta umorea botikak bezain baliotsuak direnez osasun fisiko eta mentalerako, Hipokratesen printzipioa ere atxiki behar zaie: primum non nocere (aurrenekoa, kalterik ez eragitea).

3. Komunikazioaren arauak saihetsezinak dira. Komikoak asmatzen ez badu, bere profesionaltasunaren akatsa da eta kexu egiteko eskubiderik ez du.

4. Komedianteak bere burua definitu egiten du aurrekoetan egiten dituen aukeretan.

5. Eta jasotzaileak berea, duen erantzunarekin.

Oraingo honetan asaldatutako gehienak politikariak izan dira, baita Eliza maite ez dutenak ere, eskuin muturretik ezkerraren ertzeraino… eta hauteskunde garaian. Kokoteraino naukate. Lasaitzeko, zalantzan nago zer kantatu barrez begiratzen duen Ama Birjinari, Agur Jesusen ama edo Salve Rociera. Agian latinez: Salve Regina. Hirurak ezin ederragoak.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Ama Birjina barrez

Piter. Edo Mirri. Txistularia.

Zer duzu buruan “Ama Birjina barrez”-ri buruz

  • Benat Castorene 2023-05-01 10:14

    “kristau katoliko, apostoliko eta erromatar” deklaratu bat(eta umoretsua gainera) zuzeuen irakurtzea gustukoa zait. Adore eta ausardia dosi bat behar da eta Euskal Herri mekreanta eta kontsumitzaile honetan.
    Aldiz “Geroago ulertu nuen, dogmak dogma, horrelako baieztapenek esanahi literarioa izan dezaketela” erraten duzunean badut duda handi bat hori idatzi zutenek intentsio literiarorik bazutela. Hau da esplikazio erretxegia.
    Horretaz pixka bat irakurri dut eta atera dutan inpresioa da Enangelioak idatzi zituztenek gizonak zirela eta ezin zitezkeela gizon guzien akatsetarik izan kontzienteki ala ez. Beraz Ebangelioak behar zela bereizi egia izan zitekeena “gezurra” izan zitekeenetik. Badakit ez dela erraza eta esfortzu horretan gu laguntzeko ez dakigula nori konfiantza eman. Baina ene iduriz Kristautasunaren iturrira hurbiltzea bakarrik esfortzu horren prezioan egin liteke.