Altsasun erdaraldia indar betean

Altsasun erdaraldia indar betean – 

Altsasu, Nafarroa “baskofonoko” herri ustez menderagaitza.

Benemeritoen “gurutze” bidea? Bai zera! Benemeritoen hizkuntzan bizi gara gozo.

Altsasu “indomitoan” españolez bizi gara, goitik behera eta ezker eskuin, salbuespen oso bakanak salbu.

Udalak eta Iortia (espainiar) Kulturguneak hizkuntz politika sendoa egikaritzen dute gainera… españolaren alde, jakina.

Horra hor, euskaraldiaren bezperatan, Altsasuko Udal “abertzaleak” Iortia akulturaziogunearen eskutik eskaintzen digun egitaraua: Un poyo rojo, vidas enterradas, calma, juntos, Alicia en el país de las maravillas…

Geroa Bai-ri esker onez.

Oinezkoa

38 pentsamendu “Altsasun erdaraldia indar betean”-ri buruz

  • Zoritxarrez arrazoi duzu, ezin kontrakoa esan.

  • Bai motel, zoritxarrez…
    Zalantza bat piztu zait hala ere. Haserre-emotikonoaren aukera egin dutenak, zerekin edo norekin daued haserre?
    Altsasuko udalarekin?
    Iortia Akulturaziogunearekin?

    Nirekin?

  • Ez dut ezagutzen Nafarroako errealitatea, baina zer pentsatua ematen didate euskararen Altsasuko egoerak eta atzo irakurritako honek:

    https://erran.eus/mendialdea/1448865183006-euskara-plana-bertan-behera-utzi-eta-uematik-atera-da-lesakako-udala

  • Lesakako Udalak herenegun egindako batzarrean onartu zuen berriz itzultzea UEMAra, EHBilduren sei zinegotzien aldeko boto eta Geroa Baiko bost abstentziorekin. Atera zirenean, Geroa Bai zen nagusi. Bestalde, kale erabileraren neurketek kale egiten ez badute, %79 da gai euskaraz mintzatzeko Lesakan, eta %74 mintzatzen da euskaraz. Beraz, Altsasurekin zerikusirik ez euskararen erabileran.

  • Herri xelebrerik nonbait badago, hori Altsasu da. Ezker abertzaleko estetikadun rastafari mordoa dago, gaztetxe-tabernazuloilun eta horrelakoak pranko, baina nik zer esatea nahi duzue? Abertzaletasun modalitate horretaz ez naizela fio zipitzik ere. Ahoan pikoleto-fatxa bor-borka, baina dena erderaz. Maketoen ondorengoak abertzaletasun norgehiagoka batean baina maketo izanez. Jarraitu errefuxiatuen alde, ETAren pekatuak zuritu nahian edo buenismo batean. Oraindik alfonbran errezatzen ikusiko zaituztet. Bere kultura defenditzen ez dakien Herria, desagertzera kondenatuta dago.

  • Hara, Neu, Altsasun eta Sakanako herri gehienetan, ezker/eskuineko ustezko abertzaleak, erdaltzaleak izan ohi dira. Eskuinekoak, ezkerrekoak baino are gehiago, egia esan behar bada. EHBilduk ez du gauza handirik egin euskaldunon alde inguruotan, baina EAJk eta Geroa Baik, are gutxiago.

  • Pako, esan bezala, Altsasuko egoerak eta Lesaka orain 5 urte UEMAtik irteteak (nahiz oraintsu berriz sartu den) badute, itxuraz, elementu komun bat: Geroa Bai. Espero dut orain argiago gelditu dela esan nahi nuena.

  • Niri dagokidanez, abertzale erdaldun-erdalzale guztiak, izan ezker nahiz eskuinekoak, espainiar nazionalistak dira, eta halakotzat tratatuko ditut.

  • Alderdi abertzale baten kide badira ere, erdaldunak badira erdara izango dute jomuga.
    Euskara eta euskalduntasuna, akaso, folkorerako.

  • Begira… JJ Agirreren gaitik apur bat desbideratuko naiz baina jarraian kontatuko dudanak agerian uzten du abertzaletasunaren erabateko gainbehera. Atzo Gipuzkoako herri batean gertatutakoa, koronbirusa dela eta eremu gorrian dagoen herri batean gertatua, eta eremu gorri horretan zifrei begiratuz punta-puntan dagoena. Herri guztietan bezala, ezker abertzaleko tabernazuloilun horietako bat dago. Arratsaldea zen, bapatean oihuak entzun nituen eta ikustera irten nintzen: inongo baimenik ez zuen manifestazio bat, 20 lagun ez ziren izango, taberna horretatik irten zen. Pankartan: “Osasuna bai, jazarpena ez”. Oihuen artean, errepertorio klasikoa: “Alde hemendik, utzi bakean” (oraindik ez daukat garbi nork alde egin beharra zuen, baina tira…), “diles que se vayan!”, “Osasuna bai, jazarpenik ez!”… Handik ordu batzutara, berriro zerbait arraroa entzun nuen eta irten nintzen ikustera: taberna aurrean, terrazan, jendea mahaietan, zutik, denetera (egunero bezala) edaten eta hitz egiten eta aurrean udaltzainen kotxea geldirik. Herriko udaltzainei (izen abizenez denak elkar ezagutzen dira) bereak eta bi oihuka: “hijos de p.”, “alde hemendik, utzi bakean!”, “diles que se vayan!”… Udaltzainek ez zuten alde egiten eta handik denbora batera ertzainak agertu ziren, bi kotxe. Ertzainak agertzean amaitu ziren udaltzainen aurkako oihuak. Ertzainak tabernara hurbildu, denbora pixkat egon ziren eta ezer gehiago gabe, alde egin zuten guztiek. Alde egin zutenean hasi ziren berriro oihuak eta gehien erabilia: “diles que se vayan!”. Beno…nazkaren nazkaz, tabernara telefonoz deitu nuen, lotsa ez al zien ematen galdetzeko. Telefonoa emakume batek hartu zuen, ohoskeragatik, latinoa. Euskaraz hasi nintzaion eta berak “no sé euskera” eta bapatean beste norbait jarri zen telefonoan, euskaraz. Ba al dakizue esan zidan lehenengo gauza zer izan zen? “Ez daki euskaraz, eta euskaraz ez badaki erderaz hitz egin beharko diozu, ez?”, haserre esan zidan gainera. Gero zerbait gehiago hitz egin genuen eta komunikazioa eten zen. Suposatzen dut, tabernako nagusiak ez direla latinoak izango, baina langile latinoak eta euskaraz ez dakitenak dauzkate kontratatuta (gutxiago ordaintzeko, agian?). Hauxe da herri horretako ezker abertzaleko taberna. Koronabirusagatik Bartzelonan eta beste hainbat lekutan gertatzen ari diren protestak VOXekin lotzen dituzte, espero ez nuena da, ezker abertzalekoek ere protestetan VOXekoekin bat egitea. Hamaika ikusteko jaioak gara! Nik jada, tabernazulo horiek gainbeheraren bilgune bezala ikusten ditut eta ez abertzaletasunaren bilgune. Abertzale kontsideratzen bazara, kloaka horietatik urrun mantendu. Eta ahal baduzue, gaur goizean Euskadi Irratian, “Osasun etxea” saioan Felix Zubia medikuak esan dituenak entzun, oraindik lotsa handiagoa sentitzeko.

  • Duda bat dut, Altsasuko egoera linguistiko antzekoetan daudenak baino okerrago zaudetela deritzozu? Arazoa non dagoen jakiteko.
    Ezin bait dira Lesaka eta Altsasu konparatu. Eta, Gilenek dioen bezela, GeroaBairen euskararekiko jarrera hain txarra dela uste al duzu?

  • Aupa Iker.
    Ezin dira Altsasu eta Lesaka alderatu, ez.
    Uste dut Altsasu eta Agurain alderatzen baditugu adibidez, soziolinguistikoki antzekotasun handiak dituzten bi herri alderatzearren, azken honetan euskararen berreskurapenaren aldeko dinamika askozaz biziagoa dagoela.
    Alabaina, Altsasu baldintza hobeetatik abiatzen zen, ondo-ondoan Urdiain bezalako herri oraindik euskalduna duelarik, eta kultur azpiegitura oso garrantzitsua (Iortia) daukalarik.
    Agurainen erdalduntzea Altsasun baino dezente lehenago gertatu zen gainera; alabaina, hango mugimendu euskaltzalea Altsasukoa baino askoz dinamikoagoa da.
    Euskararen ordezkapena erabatekoa izan den herriotan, ez badago eragile “euskaltzaleen” (alderdi eta sindikatu abertzaleak, ikastolak, euskaltegiak, beste elkarte batzuk) aldetik euskararen aldeko apustu garbi bat, ez dago zer eginik. Bada, Altsasun behintzat, eragile abertzaleen euskararekiko konpromisoa oso azalekoa da, eta Iortiako programazioan islatzen da argi eta garbi, besteak beste.
    Eta bai, EH Bilduk gutxi, baina Geroa Baik ezer ere ez.

  • Nafarroan euskararekiko ardura gehien erakusten dutenak unionistak dira, alde handiz: PSOEk, UPPN-k, C’s-ek, Voxek… etengabe dihardute euskaldunon eskubideak murrizteko ahaleginean, zirrikiturik txikiena utzi gabe, harrokeria eta erdeinu handiz.
    Eragile abertzaleen erantzuna oso noizbehinkakoa eta epela izan ohi da.

  • Katolizismoarekin gertatzen den bezala, abertzaletasuna eta euskaltzaletasunarekin ere askotan zera gertatzen da: etiketatu beharrean, jende askok katolikoa, abertzalea ala euskaltzalea hartzen du bere burua (tradizioz, kulturaz, sentimenduz ala hegemoniaz, batek daki). Baina etiketan sakonduz edo zehaztasun handiago bilatuz gero, horietako gehienak “ez praktikanteak” dira.

  • Guztiz ados, Marko. Moda, uneko oportunismoa, artaldekoa izan beharra…

  • Eskerrik asko erantzunagatik!
    Nik ere Agurain nuen buruan galdera egitean, bai eta ere Irurtzun, nahiz eta txikiagoa izan. Agurainen azkenaldian euskalgintzan egiten ari den lana jarraitu izan dut. Bestetik bertan irakasle egon zen batek esan zidanez, beste Arabako herrietakoekin alderatuta euskara maila txukunagoa zuten ikasleek eta arrazoia Goierritik joandako irakasle asko edukitzeari egozten zion, baliteke arrazoi zati bat edukitzea.
    Altsasuri dagokionez, duela pare bat urte Koldo Zuazori entzun nion dozenaka gazte hasi zirela Urdiaingo euskalkia ikasten gazte hizkera moduko bat sortu nahian, baina ez dut gehiago izan horren berri .
    Udal taldeari beraien jarreragatik lotsaraztea besterik ez dut ikusten, baina herritarren gehiengoak euskarari ez badio garrantzi gehiegi ematen…
    Gainera Altsasuk ez badu euskararen erabilpenean aurrerapenik egiten Sakanan euskara indartsu mantendu zuten herri gutxiek zail izango dute. Ea ba aldaketa nabaritzen hasten den.

  • Ni ere Altsasukoa naiz, eta badakit hemen euskararen erabilera oso txikia dela. Horren errua Udalari edo Geroa Bairi egoztea, ez dakit ba nik. Udalak eskaintzen dituen zerbitzu gehienak, bereziki haur eta gazteei zuzendutakoak, euskaraz dira: kirol jarduerak, ludoteka, gaztegunea e.a. Kultur jardueretan egia da gaztelera dela nagusi baina haurrentzat izaten diren gehienak euskaraz direla esango nuke. Agian, administrazioari eta alderdiei ardura guztiak botatzeaz gain, autokritika pixka bat egingo bagenu euskaldunok? Haurrentzako euskarazko filmak ematen direnean, zergatik izaten da ikusle kopurua txikiagoa? Euskarazko antzezlanak daudenean? berdin…

  • Antton Erkizia 2020-11-03 13:02

    Nafar-ek dion bezala: agintarien jarrerak badu eraginik, bai noski. Baina dena horren esku utzi eta euskararen galera “haiei” leporatzea ere…
    Banago laster ez ote garen hasiko euskaraz bizitzeagatik soldata eskatzen.
    Euskal Herria ala Eskale Herria?
    Jeiki beharko gara, zutitu, eta gerez ibiltzen ikasi…Geure esku dago.

  • Dirudienez, Altsasuko herritar gehienak, asko abertzale eta/edo D ereduan ikasitakoak izan arren, euskal komunitatetik kanpo daude. Alferrekoa dirudi euskaraz bizitzeko eskatzea, beraz. Orduan, zer aukera daude haietako batzuk behintzat euskalduntasunera erakartzeko? Hain zaila litzateke? Azken batean, ez da oso handia egin beharko luketen jauzia, ala bai? Eta nork bideratu beharko luke? Nire ustez, agintariek egin beharreko lana da, eta euskaldunok pozik lagunduko diegu. Baina guk bakarrik nekez lortuko dugu. Bien bitartean, jarraituko dugu, ez eskatzen, baizik EXIJITZEN, egin dezatela dagokien partea.

  • Gure esku dago?
    Ez nago ados, Antton. Gure esku dagoena gero eta gutxiago da eta zailago dago. Euskarazko heldulekuak oso urriak dira (horra agintarien ardura) eta erdarazkoak gero eta ugariagoak. Horregatik zaigu gero eta zailagoa euskaraz jardutea eta errazagoa erdaraz egitea.
    Adibide bat: dozenaka telebista-kate dauzkagu españolez (edota frantsesez), eta bakarra euskaraz. Gainera, euskarazko kate bakarra hiltzen utzi du EAJ-PSOEren Eusko Jaurlaritzak. Ez dago kristorik ikusiko duenik, kalitatezko saioak gutxi baitira, besteak beste. Errentagarriagoa zaio españolezko katea sustatzea eta euskaldunak ere, kate horretara bideratzea.
    Ez dugu euskaraz bizitzeko soldatarik nahi. Baldintza duinak nahi ditugu soilik. Hori da dena.

  • Aupa Nafar. Eskerrik asko erantzuteagatik.
    Udalari eta Geroa Bairi, edota Mankomunitateari eta EH Bilduri bere partea egin dezaten da eskatzen duguna: euskaldunoi arreta duina eta nahikoa ematea. Beren egitarauetan esaten dutena betetzea. Haur eta gaztetxoekiko eskaintzaz luze hitz egin daiteke, besteak beste, badirelako jarduera oso arrakastatsuak udalak era batera edo bestera lagunduak, erdaraz eskaintzen direnak. Kultur jardueretan gaztelera da oso nagusi… baina haurrentzat ere. Ondokoak dira “familientzat” azaroan zehar programatutako emanaldiak: Verano del 85 (españolez), Rifkins Festival (españolez), Alizia Herrialde miresgarrian (euskaraz), Que suene la música (españolez), El secreto (españolez), Vicky el vikingo (españolez), Pinocho (españolez)…
    Iortiako eskaintza (oso nagusiki española) udalaren eta Iortiako kudeatzaileen ardura zuzena da.
    “Administrazioari eta alderdiei ardura guztiak botatzeaz gain, autokritika pixka bat egingo bagenu euskaldunok”? Galdetzen duzu.
    Alderantziz gertatzen da, bada. Agintariek eta euskalgintzako sektore batzuek, hiztunoi leporatzen digute erabileraren ardura guztia, euskaraz jarduteko baldintzak gero eta zailagoak diren arren.
    Agintariek jokatzen dute, euskararen erabilera herritarron ariketa librea balitz bezala, baina ez da. Gehienetan ezin dugu euskara aukeratu. Agintarien erruz askotan.
    Haurrentzako euskarazko filmak ematen direnean, zergatik izaten da ikusle kopurua txikiagoa? Bada, oso gutxitan gertatzen delako hori, eta ondorioz, jendeak ez daukalako euskarazko filmak ikusteko ohiturarik (ez erraztasunik).
    Euskarazko antzezlanak daudenean? Berdin…
    Euskararen aldeko POLITIKA behar dugu Altsasun, Nafar. Españolaren aldekoa da oso nagusi, baina.

  • Eskerrik asko zuri, Iker.
    Tamalez, Altsasuko gazteen ekimena urtu egin da…Arrastorik ere ez da geratu. Ea berriro heltzen dioten, oso interesgarria baitzen.
    Herritarrek euskarari garrantzia eman diezaioten, agintarien jokabideak eta jarrerak erabakigarriak dira. Nafarroan bi motatako agintariak dauzkagu: batetik euskara gorroto dutenak (PSOE, UPPN eta bere basapiztiak) batetik, eta euskara platonikoki asko edo gutxiago maite dutenak (EH Bildu eta Geroa Bai).
    Sakanan gehien saltzen den egunkaria Diario de Navarra postfrankista da (GBko alkatearen gustukoa antza), ETB1 apenas ikusten den (normala den bezala), erdarazko itsasopean bizi gara… zein izango da ba herri-gogoa?
    Eta arrazoi duzu: Altsasuk ez badu euskararen erabilpenean aurrerapenik egiten, Sakanan euskara indartsu mantendu zuten herri gutxiek zail izango dute.
    Aldaketarik gertatuko bada, agintariek geuk euren esku jarritako baliabideak ganoraz (euskaldunon alde) erabiltzen hasi beharko dira behingoz.

  • Altsasu bakarrik balitz! Larraun, Basaburura, Imotz, Ultzama, Odieta, Anue, Lantz, Arakil, Anue, Atetz dauden eremuan, 80 herritxo. Horietako zeintan ari dira haurrak eta gazteak euskaraz karrikan. Bakar batean ere ez.

  • Joan de hogei urten honetan, mende madarikatu honetan galdu da azken10-15 hirrietan.

  • Zer, erabilpenean okerra? Ez, ezagutzan argi eta garbi. D eredura joan, baina ezagutzan askitasun mailarik erdiesten ez bada, argi dago: gaztelera da gelditzen zaien hizkuntza erabilgarri bakarra gazte hauei
    Eta euskal mundua lozorroan dago

  • Eta zer esan maila gero eta beheragokoari buruz? Hizkjntzaren erosioa ia erabatekoa da. Katastrofea neur ezina da. Eta euskal mundua lozorroan

  • Arrazoi, A. Euskalgintza zertan dabil? Euskaraldia ez da nahikoa inondik inora…

  • Ez da bakarrik euskalgintzaren kontua. Bakoitzak ere dauka bere erantzunkizuna.

    Euskara traketsa (euskañola) erabili eta hobetzeko ahaleginik egiten ez duen euskalduna.
    Haurrei erdarazko marrazki bizidunak ikusiarazten diezkieten guraso euskaldunak.
    D ereduak euskalduntzen ez duela jakinda kexatzen ez den hori.
    Euskarazko hedabideak edo kultura kontsumitzen ez dutenek.

    Askok abertzale bozkatzen duten arren, praktikan ez dira koherenteak.

  • Euskaraz jardutea ekintza militantea da dagoeneko. Erdarazko eskaintza gero eta handiagoa eta euskarazkoa murritzagoa daukagu aukeran. Gero eta erosoago dihardugu españolez / frantsesez, eta nekezago euskaraz.
    Haurrentzako euskarazko marrazki bizidunak… zein adinetara artekoak?
    Horretan ere atzera egin dugula esango nuke, erdarazko eskaintza gero eta zabalagoaren aurrean.
    D ereduak ez duela euskalduntzen euskaltzale temosook dakigu. Jende arruntak ez daki, edo oso gutxik dakite. Orain arte D eredua mirakulutsua bailitzan saldu baitigute erakundeek, sindikatu batek edo bestek, eta fede oneko euskaltzale askok ere.
    Euskarazko hedabieak eta kultura kontsumitzeko, lehenik eskura eduki behar da. Egizu osteratxo bat kioskoetatik, liburudendetatik, musika denda apurretatik… Entzun hedabideetan zein hizkuntzatako kultura sustatzen / hedatzen den… Mirakulua da oraindik jende batek euskara musika, literatura eta oso noizbehinka zinema kontsumitzea. Ez dago erraza aurkitzen…
    Norbanakoen ahaleginik gabe desagertuta geundeke dagoeneko, baina ataka honetatik onik irteteko ahalegin kolektiboa eta antolatua ezinbestekoa da. Misiolaritzak eta bakarkako ahaleginak ez dute luze irauten.

  • D eredua aipatu dugunez, duela oso hilabete gutxi, Unesco-etxeko izen handiko “aditu” euskaltzale batek zioen, EHUk eskainitako jardunaldi batzuetan, eredu hirueleduna dela defendatu beharrekoa.
    Nola nahi dugu jendeak irizpide objektiboak erabiltzea, “goitik” horrelako mezu “eztabaidagarriak” (gozo esanda) zabaltzen badira?
    Edota Jaurlaritzak berak eredu hori bera sustatzen eta defendatzen badu?

  • A-ri galdera:

    Ezagutzen ditut gazteak eskualde horietakoak, asko euskara etxetik jasotakoak eta denak D ereduan ikasitakoak. Baina elkarren artean denek erdaraz egiten dute. Harrigarria nire begietara, “nafar-euskaldun-baserritar” prototipoan sartzen direlako, automtatikoki euskaldun peto-petoak teorian. Zergatik fenomeno hau? Azalpen zehatzik bada?

    Okerrena Baztan eta Bortzirietako hainbat herritan prozesu berbera gertatzen ari dela. Baita bizkaiko eskualde askotan ere. Iparraldeaz hobe ez hitz egin.

    Euskalgintzan ez du inork alarma piztuko?

  • Benat Castorene 2020-11-07 14:28

    Barkatu A eta Mikelats ezdagokidan galdera biei erantzutea gatik. Bainan aldi honetan Mikelats zure galderak zentzu bera du iparraldean Nafarroan ala beste herrialdeetan.
    Zergatik fenomeno hau? Azalpen zehatzik bada?
    Lehenik lehenagoko euskal baserririk( ezta auzorik ere) ez dagoelako ia gehiago. Euskal zibilizazioaren eta hizkuntzaren oinarrizko instituzioa zen. Galdera da gaur zerk ordez lezakeen euskal baserria haren errola betetzeko?
    Euskalgintzan ez du inork alarma piztuko?
    Alarma piztua izan da aspaldian. Arazoa da egiazko erreakziorik ez dela argertzen. Galdera da zergatik ez den agertzen.
    Milesker biei zuen pazientziagatik.

  • Gaur egun sozializazioa interneten bidez egiten da eta ume eta gazte dezentek du sakeleko telefonoa. Interneten dauden eduki gehienak, telesailak eta modako erreferenteek (influencer-ak) sortzen dituzten edukiak erdaraz daude eta haurrek/gazteek garapenarekin lotzen duten hori, hortaz, hizkuntza hegemonikoa erabiltzea da erakargarria.

    Euskarari folklorearen papera eman diogu/diote eta hori ez da erakargarria (horretan soilik musika salba daiteke).
    Euskalduntasun etnikoa euskara hiltzen ari da.

  • Euskara hiltzen ari dena, espainiar eta frantsesen eraso etengabea, eta agintari abertzaleen utzikeria dira. Euskalduntasun etnikoa??? Bai zera!
    Interneten dauden eduki gehienak, eta modako erreferenteek (influencer-ak) sortzen dituzten edukiak erdaraz daude eta haurrek/gazteek garapenarekin lotzen duten hori, hortaz, hizkuntza hegemonikoa erabiltzea da erakargarria.
    Interneteko eduki asko eta asko euskaraz egon zitezkeen, gure agintari “euskaraldizaleek” horretarako borondaterik izango balute. Baina ez dute. Nahiago dute, euskara erabiltzea norbanakoen ardura dela zabaltzea gau eta egun, Euskaraldia bezala borondate hutsean oinarritutako ekimenak (gure diruaz) sustatuz, baina euskarazko hedabideak (internet, telebista, irratia…) goseak hiltzen utzita, euskararen erabilera ariketa gero eta zailagoa bihurtuz.
    Euskaltasun etnikoak ez du inongo errurik.
    Ardura, errua, unionistena lehenik eta behin, eta ondotik agintean dauden erregionalistena (EAJ) da. EH Bilduren noraeza (eta erdaltzaletasun praktiko) agerikoarekin batera.

  • Interneten gehien kontsumitzen diren erdarazko edukien atzean ez dago estaturik. Guk estatuari edo bestelako administrazioei dena eginda emateko eskatu behar diegula dirudi.
    Zergatik daude euskaldunak diren youtuberrak erdarazko edukiak sortzen?
    Zergatik euskaldunok ez ditugu sarean dauden euskarazko edukiak kontsumitzen?
    Estatuen erasorik ez dagoen lekuan ere, interneten, euskara galtzaile.
    Badirudi beti diskurtso biktimista zabaltzeko beharra dugula… Kexatzeko indar handiak ditugu, lan egiteko oso gutxi.

    Eta bai, daukagun euskalduntasuna etnikoa da, folklorean oinarrituta eta oraindik batua/euskalki (diglosikoekin) kontuarekin bueltaka dabilena.

    Nik euskalduntasun nazionala nahi dut.

  • Benat Castorene 2020-11-07 19:08

    Ene azken iruzkinaren haritik, ohargarria da nola iraultza garaitik mende bat eta erdi pasa euskarak ihardoki zion zapalkuntzari eta batez ere frantsesezko derrigorrezko eskolari. Egia da orduan ez zegoela ez telebistarik ez mugikorrik ezta internetik ere. Gurean, hogoigarren mendearen erditsuan baserrietako bizimodu tradizionala eta euskara biiak batera hasi ziren errekara joaiten. Iduri eta biak beharrezkoak zirela bata bestearentzat. Zergatik ote?
    Erantzunak ez eiki digu soluzioa emanen baina inspirazio zerbait beharbada?

  • “Interneten gehien kontsumitzen diren erdarazko edukien atzean ez dago estaturik”.
    Estatuak badaude bai, ez hoba! Erdaldunei legezko eta elikatze-sistema oso indartsu bat eskueran jarri dieten estatuak, espainiarra eta frantsesa besteak beste. Estatu horiek euskara eta bestelako Estaturik gabeko hizkuntzak birrintzen eta baztertzen eman dituzte mendeak, gauedn egoerara heldu arte, eta euren hizkuntzak garatzeko azpiegitura eta baliabideak inposatuz lehenik eta denen eskura jarriz gero.

    “Guk estatuari edo bestelako administrazioei dena eginda emateko eskatu behar diegula dirudi”
    Guk, ez daukagun Estatuari eta bestelako administrazioei, ondoko Estatuek eta Administrazioek beren hiztunei bermatzen dietena eskatzen diegu, alferrik gehienetan.

    “Zergatik daude euskaldunak diren youtuberrak erdarazko edukiak sortzen?”
    Dagoeneko euskaldun ia guztiak hobeto edo askoz hobeto moldatzen direlako erdaraz euskaraz baino, adibidez.

    “Zergatik euskaldunok ez ditugu sarean dauden euskarazko edukiak kontsumitzen? Estatuen erasorik ez dagoen lekuan ere, interneten, euskara galtzaile.”
    Eduki horiek sakabanatuak eta aurkitzen zailak direlako askotan, eta erdarazkoak, askoz ugariagoak, begibelarrietatik sartzen dizkigutelako egunaren 24 ordutan, batetik, eta euskaldun gehienek hobeto menperatzen dutelako erdara (española edo frantsesa) euskara baino, bestetik.

    “Badirudi beti diskurtso biktimista zabaltzeko beharra dugula… Kexatzeko indar handiak ditugu, lan egiteko oso gutxi”.
    Ez dakit lanerako indarrez nola ote zabiltzan. Inguruotan erruz egiten dugu lan. Eta ez gara biktimistak, errealistak baizik.

    “Eta bai, daukagun euskalduntasuna etnikoa da, folklorean oinarrituta eta oraindik batua/euskalki (diglosikoekin) kontuarekin bueltaka dabilena”.
    Ez nago inondik ere ados, euskalduntasun askotarikoa daukagu.
    Bestalde, batua versus euskalkiak eztabaida negargarria da, baina espero dut ez duela luze joko. Zapalkuntzaren ondoriozko gure egoera gutxituaren ondorioetako bat da.

    “Nik euskalduntasun nazionala nahi dut”.
    Nik ere bai.

  • Peru_Gabiriko 2020-11-07 21:29

    Errespetu osoz:
    Uste dut zuen eztabaida honek tarteka alderdi gordin batzuk ukitu dituela, askotan gsi hauetaz ari garelarik itzalpean edo izkutuka gelditzen direnak.

    Hori behar-beharrezkoa da.

    Hobe genuke eztabaida hau gure artean, kale gorrian esan nahi dut, zabal-zabal ibiliko balitz.

    Biok daukazue arrazoi puxka bat, nire iritzi apalean..