Altsasu oren ttipietan

Altsasu oren ttipietan –

Altsasuko zortzi gazte epaitzen ari da Madrilen Entzuntegi nazionala. Gazte batzuren eta bi guardia zibilen arteko liskarra, pesta arrats batez, terrorismotzat jo du justizia espainolak, Nafarroako auzitegiaren menpetik kendu eta Madrilerat eraman. 30 urteko kartzelaldia irriskatzen dute zortzi gazteek. Madrilen mendeku errabia ez da baretzekotan.

Altsasu oren ttipietan
Carmen Lamela, Entzutegi nazionaleko epaile anti-terrorista da, Altsasukoen auziaren eramaile.

Zer pasatu zen xuxen Nafarroako Altsasuko herriko pestetako gaueko goizalde batez? Ostatuko mozkorraldi baten borroka partida edo guardia zibil batzuren kontrako eraso planifikatua? Madrilen iragan berri den auzia gai izanen ote da egia lortzen? Komeni litaike alta gaualdi hartan gertatutakoa sakonki argitzea, airean uzteko ordez eta bakotxaren erantzukizunak garbitzea ere. Batzuen aldetik indarkeria estrategia bat elikatzea ostatu zoko batean ere, baita alkolaren eraginez gehiagoko self kontrolarik gabe salatzekoa da behin ta berriz ere. Beti bezain antzua den estrategia baten azken putarrak direlako, ikuspegi politikotik okerra eta bidegabea.

Aipatzekorik ez, ikuspegi etiko eta moraletik ere onartezina dela gisa hortako gertakaria.

Dudarik ez dago ere gisa hortako gertakariak berriz ez gertatzeko egiazko pedagogia sozial politikoa hedatzea eragile guzien bete beharra izan beharko litzatekeela. Guziena erraitearekin español estatuko botere batzuen aldetik ere justifika litaike delako pedagogia berri horren hedatzea ere. Alabainan, Altsasun gertatutakoa terrorismo delitua izendatzea sekulako gehiegikeria da, duda izpirik gabe gainera.

Gaur egun Hegoaldean balin badago mugimendu bat estatuko segurtasun indarrak herrietatik eta auzoetatik kentzeko, eskakizun hori zibila eta demokratikoa da, pentsa litaike aski errexki agian Madriletik auzia baliatzea erdiz erdi eskakizun hori kriminalizatzeko.

Nola ez pentsatu ere Altsasun gertatutakoagatik hiru gazte “español” kartzeletan atxikitzea ehunka egunetan eta beste hainbeste eskatzen diren zigorrak ere entzutean funtsgabeko zurrunbilo ilun eta autoritario batean murgiltzen ari dela PPko gobernua.

Funtsean nazioartean ere gero eta kezka haundiagoa dago Espainian eskubide zibil eta politikoak luze eta zabal urratzen ari direlako. Justiziak injustiziaren arropak janzten ditu helburu politiko jakin batzuren zerbitzurat jarriz.

Gobernuaren karta zuria

Altsasukoaren gibelean azken finean “gordetzen” da ere lege antiterrorista bat. Biziki tronpatu gabe erran daiteke gaur egun Audientzia Nazionala dela Espainiako organo gorenetakoa nun metatzen den sektore judizial kontserbadore eta erradikalena.

Erran daiteke ere gaur egun gune hortan nahi dutena, nahi duten bezala jujatzen ari direla, gobernuaren karta zuriarekin gainera. Garai batez leku hortako aktore nagusia Baltazar Garzon deitzen bazen, gaur egun bere burua aipatzen duena Pablo Llarena Conde du izen. Bere aintzinekoa bezain bat egin nahian badabil. Puigdemont eta Generalitateko goi karguek ere badute horren berri. Justizia independentea dela erran nahi luke Rajoyek ez duela telefonoa hartzerik bere aginduak emaiteko epaile bati edo besteari; kasu huntan telefono beharrik ez du, epaile horiek Rajoyek bezala bezala pentsatzen dutelako.

Frantzian, Erresuma Batuan, Italian, Alemanian edota Portugalen badira ere dispositibo penal bereziak terrorismo ekintzak epaitzeko bainan epaitzeko funtzioa betetzen dute epaile arruntek, ez berezituek.

ETAren disoluzioa aipatzen den huntan, berriz ere indarrez eta goraki eskatu behar da Audientzia Nazionalaren behin betiko desegitea. Gisa hortan lehen urrats bat litaike español sistema judiziala Europako beste estadoeneri hurbiltzeko.

Anartean ea bada Altsasuko gazte guziak ahalik eta lasterren itzuliko diren herrirat, etorriko diren herriko pestak ospatzeko ostatuz ostatu goizeko oren ttipiak arte.

Andde Sainte-Marie

Altsasu oren ttipietan
Altsasu oren ttipietan

Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.