Alokairuen burbuila ate joka

Alokairuen burbuila ate joka –

Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa arautzen du Etxebizitzaren Euskal Legeak eta gainera, etxebizitzak nahitaez funtzio soziala bete behar duela ezartzen du. Zer esan nahi du, alabaina, guztiok etxebizitza duin bat izateko eskubidea dugula? ba finean, guztiok bizitoki duin bat behar dugula eta bizileku hori ordaintzeko ez genukeela gure diru sarreren heren bat baino gehiago erabili behar, gainerakoa gure bestelako oinarrizko beharrak asetzeko behar dugulako.

Alokairuen burbuila ate jokaAbiapuntua hau izanik, zer nolako egoeran gaude Bilbon? Baikorrak izateko moduan ez behintzat. Eustaten estatitistiken arabera, bilbotar baten errentaren batez bestekoa 21.200 euro ingurukoa da. Lehen azaldutako printzipioaren arabera, beraz, hiritar batek etxebizitza gastuetara gehienez 530 euro bideratu beharko lituzke. Aitzitik, Etxebizitzako Euskal Behatokiaren datuen arabera, urtean izenpetzen diren alokairu kontratuen batez besteko prezioa 744 eurorena da, eta Bilboko alokairuen eskaintza osoa kontuan hartzen badugu, prezioa izugarri igotzen da 1.000 euroren muga gainditu arte. Honek adierazten du Bilbon etxebizitza eskubidearen egikaritze eraginkorretik oso urrun gaudela, eta arazoa aspaldikoa bada ere, borrokarako esparru berri bat zabaltzen zaigula erakusten digu: Alokairuzko etxebizitza merkatuarena, hain zuzen ere.

Duela hamarkada batzuk nahiko arrunta zen alokairuan bizitzea. Askorentzat jabetza ez zen derrigorrezkoa eta, batez ere, etxe gehienetan lagunen bat bizi zen; alegia, etxeek euren funtzio soziala betetzen zuten. Baina ustezko garapen ekonomikoarekin batera, finantza erakundeek, gobernuen laguntzaz, jendearen aurrezkiak etxebizitzetan inbertitzera bideratu zituzten. Bankuek hipoteka erakargarriak ematen zizkiguten, eure etekinak ziurtatzeko trama oso bat ezkutuan abiatzen zuten bitartean. Eta egoerak eztanda egin zuenean, jende xumea izan zen kalte ordainak bere gain hartu behar izan zituenak. Etxegabetze masiboen garaia heldu zen: milaka familia bizitza osorako zorpetuta eta kale gorrian gelditu ziren, erakunde publikoek ezer gutxi egiten zuten bitartean. Orduan gertatu zen etxebizitza, oinarrizko eskubide eta behar bat izatetik, espekulazio tresna izatera pasa zela, eta orduan ere hasi ziren gizarte eragileak antolatzen, hipoteken auziari aurre egiteko plataforma herrikoien bidez.

Baina orain egoera bestelakoa da, eta Europako hiri handi gehienetan ikusten ari garen bezala, etxebizitzaren esparruan aurrez aurre dugun arazo berria alokairuen merkatuan dago: prezioak etengabe igotzen dira eta horri lanaren prekarizazioa gehituta,  etxebizitza-eskubidea gauzatzeko zailtasunek ondorio larriak uzten dituzte gizarteko eremu zabaletan, bereziki emakumeen eta gazteengan: Kaleratzeak, zaurgarritasun egoeren gorakada, hiri-segregazioa, edota emantzipazioa atzeratzea, besteak beste.

Egoera larria da, eta COVID_19aren ondorioz, mende honetako krisi sozioekomiko handienaren atarian gaudela, egoerak okerrera egin dezake Bilbo bezalako zerbitzu-hiri batean, non erabilera turistikora bideratutako etxebizitza asko alokairu merkatu librean eskaintzen hasi diren, oso prezio altuan eta baldintza neurrigabekoetan. Burbuila berri bat puzten ari da une honetan bertan, gure begien aurrean, eta esperientziak erakutsi digu nortzuk diren kalteak ordaintzen dituzten aurrenekoak burbuilek eztanda egiten dutenean. Horregatik, ezin dugu onartu hipoteken krisian gertatu zen drama soziala errepikatzea.

Zorionez, badugu inspirazioa non bilatu eta, esaterako, Berlinen alokairuen prezioak mugatzea lortu berri dute. Borondate politikoaren emaitza izan da, baina baita herritarrak egoera salatzeko antolatu izanarena. Zentzu horretan ere, badugu zer ospatu, sortu berri delako Bilboko Maizterren Sindikatua, etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka lan egiteko. Espero dezagun landatzen ari diren hazia, guztion artean ondo ureztatzen badugu, Berlinen bezala, bere fruituak ematea.

Horregatik, erakundeetatik ere indarra egiten jarraitu behar dugu, askok oso argi dugulako ezer ez egitea ez dela aukera bat. Merkatua ez da bere kabuz erregulatuko eta erakunde publikoen esku-hartze ausarta beharrezkoa izango da: Etxebizitza parke publikoa handituz eta dena alokairura bideratuz, hutsik dauden etxeak mobilizatuz, kontrolak areagotuz, eta nola ez, alokairu pribatuen merkatua arautuz prezioei mugak jartzeko, bai zergen bidez eta baita bide legegiletik ere.

Batetik zein bestetik, lan egin dezagun etxebizitzaren funtzio soziala berreskuratzeko, egoera salatzeaz gain, proposamenak eginez, lege batean aitortzen zaigun hori, alegia, etxebizitza duina izateko eskubidea, paper errea izan ez dadin.

Alokairuen burbuila ate joka

Alokairuen burbuila ate joka

Irundar Bilbotartua. Mundu eta Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko erronkan @EHBilduBilbo-ko zinegotzi eta @Alternatiba-ko kide.

2 pentsamendu “Alokairuen burbuila ate joka”-ri buruz

  • Topikazo ezkertiarrez betetako idatzia. Herritarrak zergaz itotzea politikariek alokairuzko etxe pilo bat egin ditzaten. Gezurra da merkatuak ezin duela etxebizitzaren arazoa konpondu. Zorua liberalizatzea eta udalek ezarri dituzten arau mafiosoak kentzea da bide egokiena etxebizitza eskaintza zabaltzeko bidea.Babes ofizialeko etxeak banatzeak garestitu egiten ditu gainerako etxe libreak. Eta horrelako etxe bat jasoten dutenak sekulako abantaila lortzen dute. Ikusi besterik ez dago babes ofizialeko etxeen auzoetan aparkatuta dauden autokarabanak, furgonak eta gama altuko kotxeak..
    Funtsean babes ofizialeko etxeek gizarte arrakala areagotu egin dute. Injustoak dira. Etxebizitza ez da estatuak banako batzuei eman behar dien ondasuna merkatuak arautu behar duen produktua baizik.
    Horrela pribilegio injustuak banatzeko aukera ematen zaio estatuari, estatuaren menpeko esker onekoak lortzeko.
    Aurreko baten ere bota nuen: ze kriterio gutxirekin irensten dugun Espainiako ezkertiarren diskurtso funsgabea!!!

  • Are gehiago, Alba ez esan gezurrik, etxegabetze masiboak ez dira gertatu Euskal Herrian eta Berlinen alokairu kontrolatuen esperientziak ez du funtzionatu. Eta hainbeste kostatzen zaizu ulertzea zergatik Bilboko etxeetako alokairuak garestiago direla?
    Ze uste duzu alokairu berdina izan behar dela Lanestosan eta Bilboko Ledesma kalean?
    Gainera ezkerreko politikariok izan zineten 2008ko burbuilaren eragileak, zorionez merkatuak zuen lekuan jarri zintuen, zoritxarrez estatuak diru pilo bat xahutu behar izan zuen kutxa publikoak erreskatatzen.