Alfredo Remirez eta sagar-jokoa [@erreharria]
Alfredo Remirez eta sagar-jokoa –
Alfredo Remirezen kasua ez zaigu ezezaguna egiten gehienoi, baina bai dela bereziki deigarria nola tematu diren berekin. Beste hamaika txiolarien aurka egindako sarekada berean eraman zuten, baina espetxea zapaldu dezan duela 12 urteko trapu bat atera diote. Noski, orduan ez zekien egiten ari zena hain larria zenik, baina Alfredo, minutu batzuez… titiriteroa izan zen.
2005ean, Amurrioko jaietan, Alfredok eta bere koadrilak kartoizko bi panpin egin zituzten Amurrioko bi presoen argazkiekin, sakabanaketa salatzeko. Panpina horiekin igo ziren udaletxeko balkoira. Kasu: jarraian dagoen txioan, udaletxeko balkoian egin zuten atentatu terroistaren irudi zinez gordinak agertzen dira.
Por esto , me van a meter en la carcel 12 años después. ADVERTENCIA: imágenes explícitas y muy duras del atentado que cometimos.#AlFREEdo pic.twitter.com/DmOuOQcJcB
— ??????????@ ? (@erreharria) October 6, 2017
Txioen inguruan zer esan… Pare batek Pablo Gorostiagari eta Xabier Alegriari ematen zieten ongietorria, espetxetik atera zirenean. Beste pare batek gaixo zegoen Josu Uribetxebarria presoarekin dute lotura. Gaixorik zegoenean aska zezatela eskatu zuen, eta hil zenean agurtu. Txiste pare bat ere hartu zituzten; txiste txarrak, gainera, Alfredo berari behin edo behin entzun diodan bezala.
Preso, iheslari eta deportatuen gaia stand by-ean dago gurean. Pause. Ekimenak badaude, ekintzak, dinamikak eta iniziatiba solteak, baina afera bera ataskatuta dago; errepresaliatuen bueltako errekako urak zingiratuak daude aspaldi. Alfredo beti aritu da preso eta iheslarien aldeko sustengu lanetan, sakabanaketa politika salatzen, eta hori da, eta ez beste ezer, ordainarazi nahi diotena epaitegiek. Urtebeteko espetxe zigorra betearazi nahi diote.
Botere banaketarena bai dela txiste txar bat. Apaizak behin azaldu zion Pernando Amezketarrari jainkoa trinitateak sortutako izatea dela.
Erretoreak
Esan behar didazu
instante batean
liburutik txartela
nik atera artean
nola sinesten dezun
zuk zeure artean
daudela hiru pertsona
jaungoiko batean.
Pernandok
Nola sinesten dedan
Arrazoiarekin,
Orain esango diot
Sagartxo batekin:
Usai ta saborea
Kolorearekin,
Horra hiru jenero
Gauza bat batekin
Botere banaketa txiste txar bat da. Eta Espainia sagar bat, sagar ustel bat, sagar pozoitsu bat, bere usain, bere zapore, eta bere kolorearekin; bere justizia, bere parlamentu eta bere exekutiboarekin. Horra hiru genero gauza bat-batekin, denak Espainiaren defentsan lanean, koordinatuta.
Botereak ez ditu Alfredo bezalakoak nahi kalean, eta trikimailu baxuenak erabili ditu horretarako. Alfredo kartzelara joatea lotsagarria da; baina oso arriskutsua ere. Errepresio mota berriaren adierazle gorenak dira: Jordiak, Alfredo, oreretarrak, altsasuarrak…