Alderdi politikoen adierazpenak
Ezker abertzaleak ETAren adierazpena “aurrekaririk gabea” dela esan du: “Erabaki historikoa eta ausarta da. “Prozesu demokratikoa garatzeko sakontzeko. Euskal indar politiko guztien arteko elkarrizketa eta negoziazio prozesu barneratzaile eta integral bat garatzeko ataria litzatekeen normalizazio politikorako oinarrizko baldintzak sortu ditu”.
Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok esan du komunikatuak ez duela balio. “Irmotasun handiagoa izan behar du eta ez dugu inolako engainurik onartuko. Inork ez dezala pentsatu Gobernuak guardia jaitsiko duenik. Beldurra erein duen erakunde terrorista baten ekintzen amaiera ekarriko duen prozesua gogorra eta garestia izango da, eta duda barik, indarkeriaren amaiera ikusteko horizontean gaude. Luze joango da eta elkarren ondoan egon behar dugu”. Iluntzean Zapaterok hitz egin aurretik, Alfredo Perez Rubalcabak adierazi du ez dela albiste txarra “baina albistea ez da hau”. “ETAk errealitatearen ikuspegi distortsionatua dauka, eta orain betiko harrokeriarekin eta hizkuntzarekin mintzo da, betiko eszenografiarekin. ETAk oraindik ere indarkeriaren amaierak prezio bat izan dezan nahi du”.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezen arabera, “ETA onartzen hasi da bere bukaera saihestezina dela”. [ETAren agiria] “aurrerapauso txiki bat” dela esan du. “Adierazi du bihar ez dela inor hilko, eta hori demokraziaren eta askatasunaren garaipena da”.
EAJren arabera “ETAk egin behar duen ahalegin bakarra desagertzeko ahalegina da”, Iñigo Urkulluren hitzetan. “EAJk ETAri eskatzen dio Brusela eta Gernikaren arteko bidean ez galtzeko. Bakerako bidea urratsez urrats egin beharreko bidea da, eta bake horretara hurbiltzen gaituzten urrats guztiak baloratu egin behar ditugu. EAJren ustez, Euskadin eta Estatuan ditugun itxaropen eta egonkortasun garaiak aprobetxatu egin behar ditugu, eta, politika eta demokraziaren bidetik, amaiera eman behar diegu bortxakeriari eta giza eskubideen urraketei”.
Eusko Alkartasunak “Euskal eszenatoki berria apur bat egonkorrago dagoela esan dezakegu gaur”. Pello Urizarrek egin du adierazpena: “Bakearen eta normalizazioaren bidean urrats sendo bat eman da. Horregatik, orain garrantzitsua euskal gizartearen, politikarien eta eragile sozialean aurrean zabaltzen den perspektiba berria da”.
Alderdi Popularreko antolakuntza idazkari Maria Jose Cospedalek esan du “geldialdi bat” dela, “ez da ukapena, ETAk ez du barkamena eskatu eta ez da bere krimenez damutu”. Antonio Basagoitiren arabera, “agiria zaharra” da. “Bizitzak barkatu nahi ditu autodeterminazioaren truke. Jendeak badaki ETA buka daitekeela Zuzenbide Estatuaren funtzionamenduagatik”.
Aralarren izenean Patxi Zabaletak ETAri eskatu dio Gernikako akordioa oso-osorik bete dezala. “ETAk politikan esku hartzeko adierazi dituen asmoak alde batera utzi behar ditu, bultzatzeko edo ahalegina egitekoak ere bai. Euskal Herriko gizarte zibilak, eta bere eragile politiko eta sozialek, ezingo lukete horrelako jarrerarik onartu modu demokratikoan”.
Hamaikabateko Martin Beramendik harrera ezkorra egin dio agiriari, kezkaz hartu dutela esan du. “Su-etena eskaini du ETAk, baina armak behin betiko uztea eskatzen dio euskal gizarteak. Kezkaz irakurri dugu, beraz, haren agiria”.
Oskar Matuteren ahotan Alternatiba Espainiako Gobernuari zuzendu zaio: “Irakurketa positiboa egiten dugu, gatazkaren konponbidearen prozesua modu garrantzitsuan sendotzen duelako. Euskal politikagintzan aro berria ireki da gaur. Aurreko saioek baino arrakasta handiagoa izateko ezaugarriak eta aukerak daude, aro hau Euskal Herriko eragile politiko eta zibilek bultzatu dutelako. Ea hau den borroka armatuaren bukaeraren atarikoa. Espainiako Gobernuak fitxa mugitu beharko luke eskubide politiko eta zibilen arloan”.
[…] This post was mentioned on Twitter by zuzeu. zuzeu said: Alderdi politikoen adierazpenak: https://zuzeu.eus/?p=20592 […]
Ez naiz Aralarrekoa (Aralarkide esaten al da?) baina benetan harrituta nago Zabaletaren adierazpenekin. Hori al da Aralarren dagoen ildo nagusia? Norbaitek al daki? Politikaz ezer gutxi dakit, baina ildo honekin espero al dute hautagaitza guztiak dituen etorkizuneko hauteskunderen batetik bizirik segitzea? Zein da estrategia?
Ezjakintasunetik egiten ditut galderak, norbaitek al daki non sakondu dezaket gai honetaz?