Alderdi abertzaleei eskaera zehatza (sinplea, esanguratsua, eraginkorra eta eredugarria)
Alderdi abertzaleei eskaera –
Datorren agintaldirako, alderdi abertzaleei eskaera zehatza egin nahi diegu: Hego Euskal Herriko Legebiltzarretan beti euskaraz egiteko.
Ez dago zertan aditua izan jakiteko hizkuntza guztiek daukatela balio sinbolikoa eta balio instrumentala. Hizkuntzek gizakiak elkarrekin komunikatzeko balio dute -gureak ere bai-, eta, aldi berean, hiztunak identifikatzeko giza talde zehatz baten partaide gisa. Are gehiago, identifikazioa ezinbestekoa izaten da eta berehalakoa, norbait hizketan entzutearekin batera egiten baitugu esleipen automatikoa: hau ingelesa da, bestea italiarra, hura errusiarra… eta euskaraz egiten duena, euskalduna. Hala ere, munduan zehar edozeinentzat hain begi-bistakoa dena, gure artean oraindik aldarrikatu egin behar da.
Euskara da munduaren aurrean nor garen erakusten duen hizkuntza soila, eta euskal herritar guztiok batu gaitzakeen bakarra. Horregatik, alderdi abertzaleetako hautatuei eskatzen dizuegu hegoaldeko Legebiltzar denetan beti euskaraz aritzeko, salbuespenik gabe, jardunaldi mota guztietan: proposamenak eta mozioak aurkezteko, eztabaida osoak garatzeko edo adierazpenak egiteko. Prentsaurrean ere egizue euskaraz goitik eta behera. Behar izanez gero, itzultzaileak daude, eta azpitituluak eskuragai telebistarako. Bada garaia Euskal Herriko erakundeetan euskara beharrezkoa dela erakusteko.
Euskal Herritik kanpo, Espainiako Parlamentuan, espainieraz ari zaretenean, euskaraz mintzatzea debekurik gabe libre izanik, zer mezu triste bidaltzen diezue euskal herritarrei eta munduari? Katalanak katalanez mintzo dira, galiziarrak galizieraz, espainiarrak espainieraz, eta euskal herritarrak? Espainieraz egiten duzuenean, geure hizkuntza baztertuz, lotsatu egiten gaituzue besteen aurrean.
Agerikoa da ezin dela estatu-politikarik egin estaturik gabe, baina badago gauza egingarririk, eta gure eskakizuna egingarria da, zer esanik ez. Gainera, hori betetzea zuen esku baino ez dago. Ez dago beste alderdi batzuekin ezer eztabaidatu beharrik, ez dago legerik zertan aldatu, ez urratu, eta epaileek ere ez dute nondik heldu izango. Labur esateko: erabaki sinplea izan arren, esanguratsua eta, zalantzarik gabe, eraginkorra eta eredugarria da.
Nik dakidala, bai euskaraz bai hemengo erdaraz un simple ha sido toda la puta vida un tonto. Txikitatik esanahi hori Jaso dudanez, ez dut batere gogoko euskarazko erabilera. Galdera sinple bat egingo dizut. Barkatu, hobe egiten ez baduzu.
Atzendu egin zait konponbidea ematea. Oso soila da.
Simple hitzaren esparru semantikoa zabalagoa da tonto hitzarena baino; inozente, xalo, bakun.. Ausart ez dena ere simplea da, kasu askotan; edozer gauzarengatik kexu dena…
Aparte utzita tonto hitzarena ere zabala dela: egun bat izan daiteke tonto, une bat, txiste bat…, lagunaz gain noski.
Simple dela eta, ilustragarri, telebistan aspaldi handian eman zuten “Simplicius simplicissimus”, XVII. mendeko nobelan oinarriturikoa.