Aldekotasuna

Aldekotasuna –

Aldekotasuna
Arg: Iñaki Porto

2015ean egindako VI. Inkesta Soziolinguistikoak ez zuen datu on-onik ekarri Foru Komunitateari dagokionez. Bertzeak bertze, haren arabera, 16 urtetik goitiko nafarren artean % 33,3 zegoen euskararen erabilera sustatzearen alde; % 27,6, berriz, ez alde ez kontra, eta % 39,1 agertzen zen, azkenik, hizkuntzari bultzada ematearen kontra. Nago azterketa horren emaitzak ez ote duen zamatu ordutik hona etorri den Hizkuntza Politika. Arrunt bertzelako ikuspegia utzi digu joan den astean Iruñean aurkeztu zen lan berriak. Izenburu luzea du, Euskararen sustapena Nafarroan, erresonantzia soziala duten elementu diskurtsiboetatik abiatuta, eta Eusko Ikaskuntzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetzaren azken mozkina da. Ikerketak baikortasuna hauspotu du berehala gure artean. Ez da harrigarria. 2015eko datuen aldean, nafarren % 63 legoke orain euskararen sustapenaren alde edo oso alde, % 20 ez alde ez kontra eta % 17 kontra. Dudarik ez da, hamar urte honetan aldatu da nafar gizartea, baita euskaraz den bezainbatean ere; ikusten denez, onerako. Nolanahi ere, erne. Lerroburu handietatik harata, irakurketa patxadatsuagoa merezi du Xabier Erize eta Carlos Vilches soziologoek joan den urtean gidatutako lanak. Irakurlea kontu harrigarriekin topatuko da, baita batzuetan pixka bat mingarriekin ere, bereziki euskararendako amets handiak egin dituenetarik baldin bada. Izan ere, garbi ondorioztatzen denez, nafarren gehiengo handi batek begi onez ikusten badu ere gure hizkuntzaren aitzinapena, urrun dago beti mugimendu euskaltzaleak historikoki defendatu dituen parametro eta gutxienekoetatik. Alde dauden guztiak ez baitaude gauza guztien alde. Zuriak eta beltzak ez ezik, grisak nagusi dira paisaian. Delako aldekotasun hori benetan eta zinez zein neurrikoa eta norainokoa den erakutsiz, gaur egun benetan eta zinez zer den posible eta zer ez, pistak ematen dizkigu ikerketa honek.

Noticias de Navarran argitaratua

Aldekotasuna

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude