Aldaketa garaia da
Aldaketa garaia da –
Urte arraroa izan da iazkoa, oso denbora gutxian liberalismoa berak beste eredu baten alde egiteko prest egon daitekeen masa kritiko gehiago sortu du urte askotan horretan saiatu garenok baino.
Askatasunen gizartean bizi zirela pentsatzen zutenak, ikusi dute baimenduta izan ditugun askatasun txiki horiek zerora murriztuak.
Beste eredu ekonomiko batzuen kritika egiteko beste herrialde haietan ogia erosteko sortzen ziren ilarak argudiatzen zituztenek, ikusi dute ilara horren muturra beraien atari ondoan paratzen.
Bretaina Handia, kapitalaren iruditegian indartsuenetariko potentzia ekonomikoa, aste eskas batean elikagai larrialdi egoeran murgildu izatea ikusi dugu.
Babes truke, gain-balio etengabeko xurgatzea onartu zuenak ikusi du muturreko egoeratan kapitalak bere burua besterik ez duela lagun.
Nora begira baina; film famatuko pertsonaia nagusia moduan, ez dugu jakin gure bizitza telebista saio bateko dekoratu baten inguruan antolatua dagoela. Dekoratu osoa bat-batean jauzten denean, suntsiketaren paraleloan, hipermerkatuak orduetan agortuta geratu diren bitartean, baserritarren merkatuek eta kontsumo taldeek bere horretan jarraitu dute aurrera.
Ez hauek bakarrik, kapitalismoaren baloreei uko egin dieten proiektuek izan dira sendotasuna aldarrikatu dituzten bakarrak iaz, baina gure Trumanek hori ez daki oraindik.
Eta gu? Errealitatea sortzeko beste modu bat badagoela igertzen dugunok? Zer egingo dugu zabaldu zaigun aukeraren aurrean?
XIX. mendeko begiekin oraingo egoeraren irakurketa egingo dugu ostera be?, ala azalduko, orain bai, entzuteko prest dauden belarri berri guzti horiei gain-balioaren eta lan harremanen arteko gatazka? Elikagaien segurtasuna ezinezkoa dela Elikadura Burujabetza barik esango diegu? Antolatu diguten horniketarako sistemaren gabeziak azaleratuko ditugu berriro? Jauzi berri den dekoratu horretan askatasun bakarra diruarena dela eta beste guztiok beraien morroi esango dugu ozen?
Zelan azaldu ordea esparrurik uzten ez duen sasi-komunikazio gizarte honetan? Eredua da bide, bide bakarra.
Otsailaren batean berandu ez bada, urte berrirako proposamena egin nahiko nizueke. Aldaketa garaia da. Aurten gimnasiora joan, beste hizkuntza bat ikasi, eta balorean jarri gure inguruan sortzen ari diren iraultza txiki guzti horiek izan daitezke gure erronkak. Luzatu diezaiegun gonbitea iaz itzartzen hasi ziren guzti horiei, bihurtu ditzagun gure proiektu eraldatzaile txikien parte.