Alardearen inpunitatea dela eta

Alardearen inpunitatea dela eta –

Joan den ekainean, Xabier Isasik artikulu bat bidali zuen Alardeari buruz.

Isasi jauna erratuta dagoela uste dut. Esaten dituen ilegalitate ekonomiko guztiak hala balira, zergatik ez da auzitara eramaten? Nolatan ilegalitatea onartzen da, urteak eta urteak pasa direnean? Arbitro erosiak al ditugu Euskal Herrian? Isasik benetan hori pentsatzen al du? Aipatzen duen ilegalitate ekonomikoa egia balitz, jada auzipetan egonen litzateke kontua.

Iruditzen zait Isasi jaunak pixka bat gehiago informatu beharko litzatekeela. Gutxi daki, edo berriemaile kaxkarrak ditu; baina funtsean ez da enteratzen.

Egia da entitate juridiko bezala erregistro baten zain dagoela.

Eta horretan dago kontua.

1) “Alarde Fundazioa Hondarribia” (AFH) legez eratu zen Nafarroan eskritura publiko bidez, eta eratzen den egunetik aurrera nortasun juridikoa eta fundazioek dituzten eskubide guztien aitorpena zituen, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioari buruzko 42. Legearen (269/1973 LEGEA) lehenengo paragrafoan jasotzen denaren arabera.
(Nafarroan ez zen derrigorrezkoa Fundazioen Erregistroan erregistratuta egotea nortasun juridikoa izateko)

Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legea indarrean sartzearekin batera (2021eko uztailaren 16ko N.A.O.), fundazioek nortasun juridikoa eskuratzeko duten modua aldatu zen Nafarroan. Orain eratze-egintza Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzen da, eta ez da nahikoa eskritura publikoan eratzea.

2) Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen saiakera egin zuen Fundazioak.
ALARDE FUNDAZIOA HONDARRIBIAk Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko izapideak hasi zituenean, Erregistro Orokorrak inskripzioa ukatu zuen, EMAKUNDEren txosten batean oinarrituta.

AFHk, bere eskubideen defentsan, prozedura judizial bat hasi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian (EAEAN), eta urte batzuk daramatza ebazpen judizial baten zain.

3) EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren zain, eta segurtasun juridikorik gabeko egoera horren aurrean, elkarte berri bat eratu zen, Hondarribiko Alardea azken urteetan inolako arazorik gabe antolatzen duena.  Eta Hondarribiako herritarren gehiengoaren iritzia babesten duena, azken finean herritik sortzen den sentimendua eta borondatea babesten eta errespetatzen duen bakarra, orain arte behintzat, Alarde Fundazioa baita.

 

Dena den, Xabier Isasik berehalako intentzioak azaltzen dizkigu bere Aita Santuaren tronu-tik, berau egia absolutuaren jabe izaki, bere ustez jorratu behar diren ildoak eta hartu beharreko pausuak markatzeko eta zuzentzeko.

Isasi jauna, utzi bakean Hondarribiko herria, eta utzi bakean epaileek bete behar duten lana taxuz bete dezaten inolako presio eta iritzi estratosferikorik eman gabe.

Bestelako guztiak injerentziak eta txorakeriak besterik ez dira.

Oso erraxa da kanpotik, daturik gabe, liskarra sortzea eta orain arte mantendu den elkarbizitza hausteko pausuak jorratzea.

Berriro diot, utzi bakean Hondarribiko herria, eta utzi bakean epaileek bere lana bete dezaten.

Badirudi gutxi batzuk liskarra eta hautsak harrotzearen nostalgikoak direla.

Adeitasunez.

Alardearen inpunitatea dela eta

8 pentsamendu “Alardearen inpunitatea dela eta”-ri buruz

  • “… herritik sortzen den sentimendua eta borondatea babesten eta errespetatzen duen bakarra, orain arte behintzat, Alarde Fundazioa baita“. Idatzi behar da hori 2024an, aizue! “Herria” zuek zarete, noski. Zuek bakarrik. Eta norbaitek kontrakoa adieraziko balu, hor dituzue plastiko beltzak, irainak, mehatxuak eta urtetan egin duzuen gainontzeko joko zikin guztia. Baina hala ere, galdu duzue. Eta zuen artean listoenak direnak aspaldi jabetu ziren, horregatik ari dira barkua abandonatzen eta beraien historia lotsagarria nolabait zuritzeko ahaleginetan. Lau korrokoi geratuko zarete guztion alarde baten kontra egoskortuta. Eta oraindik pentsatuko duzue zu eta zure kuadrilla zaretela “herria”.

  • Artikulua irakurri dut eta ez dut inondik inora ikusi “herria” Alarde tradizionalaren aldekoak bakarrik direnik esaten denik. Zure lehen adierazpena, Martin, gezur hutsa da.

    Joko zikina, Martin, 1995an hasi zen kartela eta mehatxuekin eta badakigu zeintzuk jarri zituzten eta zeintzuk seinalatzen zituen. Alarde tradizionalekoek mehatxuak, boikotak eta erasoak jaso zituzten barra-barra. Nik neuk jaso nuen bezala nire iritzia esateagatik.

    Galdu dugula? Bai zera, motel, horregatik ari zarete etengabe kaka ematen ea autoritate batek obeditzen dituen zuen mandatuak gu legez kanpo jartzeko eta zuen festa eredua inposatzeko. Gu oso pozik gabiltza festa gure modura ospatzen. Zuek ordea gure festa zapuztu nahiez eta ezin. Hori da zuen desgrazia!

  • Orduan “betiko” alardearen zaleek jai publiko bat zena hartu eta Nafarroaraino joan behar izan dira erakunde pribatu bat sortzeko. Zerk arrozten du gehiago Alardea, hondarribiar guztiek parte hartu ahal izateak ala “betikoen” zirku atzerakoi penagarri honek? Argi dago erantzuna.

  • Martin, Alarde Tradizionalaren moduak deitoratzen badituzu, edo berau maite ez baduzu, inork ez zaitu haiekin parte hartzera behartzen. Urrundu zaitez mesedez. Zure osasun mentala hori baino garrantzitsuagoa baita. Babestu zure osasun mentala! Eta pikutara Alarde Tradizionala!
    Eraiki ezazu zure gustuko Alardea, zure herriak lagunduko eta babestuko zaitu. Zure herrigintzaren bermea lortuko duzu. Animo, ekin lanari! Gogoratu, ezina ekinez egina!
    Baina zu bezala pentsatzen ez dutenei utzi bakean, eta lasai utzi beraien sentimenduen borondatea bete dezaten.

  • Zuzentasun politiko diktaduraren aurreneko ekintzetariko bat izan zen Alardearen gaia, eta oraindik ere tabarrada ematen. Herriak erabaki dezala, zuzenean galdetu eta kitto!

  • Noski, Jorge, festa tradizional bat “zirku atzerakoi” izan behar derrigor. Amabirjinari bixita egitea, mozorro zaharrak jaztea…. Hori da festa tradizional baten izaera. Baina jende askok nahiago “zirku atzerakoia” ditxosozko “zirku aurrerakoia” baino. Eta errespetatu behar da nahi zure ustez “atzerakoi” hori.

    Nafarrora joan behar? Barkatu, Jorge, nik uste dut Nafarroa Euskal Herria dela eta gainera Hondarribitik bi pausoetara dago (garai batean Nafarroako parte izan zen). A ze nolako garrantzia ematen diozun txikikeri horri.

  • Ez dut ulertzen zergatik hainbesteko liskarra. Urtero betiko leloa. Zergatik ez doa orain arte bezala Jaizkibel Konpainia bere aldetik eta kitto? Zer da bilatzen dutena? Zer eskatzen dute? Zer aldarrikatzen du Konpainia honek? Ez al daude jada bere eskubideak bermatuak?
    Emakumeak desfilatzen dute, bai.
    Emakumeak Alardean!
    Bai, lortu da!
    Zer gehiago?
    Zer nahi dute, George Clooney edo Brad Pitt haien ondoan kantinero bezala?
    Noiz arte jarraitu behar al dugu kaka nahaste honekin?

  • Xabier Isasi 2024-08-19 12:48

    Ke Pasa Gasti! Eskumuinak Ines Labandibarri. Arrazoi duzue kontua auzitan dago oraindik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude