Aitzakia merkea
Aitzakia merkea –
Nafarroako Gutxitu Fisikoen Elkarte-Koordinakundean, betidanik lanean aritu ginen, gizartean eragin positiboa izateko, eta, are gehiago oraindik, ahal baldin bazen behintzat, eragin on hura politikariei transmititzeko, gero beraiek haien kudeaketa egokiak egin zitzaten, oztopo arkitektonikoak kentzeko momentuan, horrexegatik, 90eko hamarraldiaren bukaera aldean, Koordinakunde hartako bulego batean, ezohiko ideia bat lantzen ari ginen, politikari batzuekin aurrera eramaten saiatzeko.
Izan ere, 1999an, Iruñean udal hauteskundeak egin behar ziren, besteak beste, eta, alderdi politikoetako zerrendaburu guztiei proposatu genien ibilalditxo bana egitea gurpil aulki banatan, hirian barna, oztopo arkitektonikok hobeki suma zitzaten beraien soinetan, eta, era hartan, hobeto sentsibilizatu eta enpatia handiagoa senti zezaten elbarri fisikoekiko, eta, errazago jar zitezen haien egoeran.
Dena den, aurrerago jarraitu baino lehen, komeni da jakitea, garai hartan, Nafarroako Gutxitu Fisioen Elkarte-Koordinakundea, Sanduzelai auzoan zegoela. Beraz, gure proposamena zera zen, udal hauteskunde haietako zerrendaburu bakoitzak joan beharko zuela gurpil aulki batean, gure egoitzatik norberaren alderdi politikoko egoitzaraino, bere konfiantzazko pertsona batek bultzatuta eta gure Koordinakundeko beste pertsona batekin, lekuko moduan, iruzurrik egin ez zezaten. Aulki gurpildunetik ezin ziren jaiki inongo momentutan, gure eguneroko egoera zaila hobeki ulertzeko, eta, zailtasunak eta oztopoak hobekixeago sentitzeko. Aulkiak Koordinakundeak berak utziko zizkien, denak eskuzkoak eta berdintsuak, diferentzia handirik ez zedin izan batetik beste batera.
Hasiera batean, alderdi politiko guztietako zerrendaburuek baietz esan zuten, hau da, gustura hartuko zutela parte erronka bitxi hartan, baita Yolanda Barcina Angulok ere, UPN deritzon alderdi politikoaren izenean, Iruñeko alkatetza eskuratu nahian, nahiz eta, garai hartan oraindik ez zen alderdikidea, eta, lortu ere, urte hartantxe bertan lortu zuen alkatetza lehendabiziko aldiz, agintaldi hartarako.
Esate baterako, oso ongi gogoratzen dut Patxi Zabaletak, besteak beste, parte hartu zuela erronka txiki hartan, Euskal Herritarrok izeneko hauteskunde elkartearekin, eta, ni, haien lekukoa izan nintzela.
Behin gure egoitzatik abiatuta, zerrendaburu bakoitzak aukera zeukan hautatzeko nola joan nahi zuen haren alderdi politikoaren egoitzaraino, alegia, bide guztian gurpil aulkia soilik erabilita, edota, batzuetan, baita hiribusak eta taxiak hartuta ere. Egiari zor, esan beharra dago, garai hartan, hots, 1999an, oraindik ere, hiribus eta taxi asko egokitu gabe zeudela, gurpil aulkiak sartu eta atera ahal izateko.
Hala bada, eguna eta ordua iritsita, zerrendaburu bakoitza, Koordinakundeko gure egoitzatik abiatu zen bere laguntzaile eta lekukoarekin. Gauzak hala, niri Patxi Zabaletaren lekukotza egitea egokitu zitzaidan, eta, era hartan, ibilbidean gindoazela, ezjakinean zegoen pertsona batek baino baino gehiagok, guztiz harriturik eta kezkatuta, zera galdetzen zioten Zabaletari, egoera harrigarri eta xelebre hartan ikusita:
-Baina, Patxi, jainko maitea!, zer gertatu zaizu? Istripuren izan al duzu, ba? Gaizki al zaude? Laguntza behar al duzu?
Baina, jendeak, Patxi Zabaletaren azalpenak entzun eta ulertu bezain azkar, lasaitasuna eta patxada berehalaxe berreskuratzen zituen.
Istorio honetan guztian, ordea, badago kontu bat, orain arte narratu ez dudana, eta, zera da, Yolanda Barcina Angulo andre guztiz ahaltsuak, azken-azken momentuan jakinarazi baitzuen, agenda arazoak zirela eta, ez zuela joaterik izanen; eta, izan ere, ez zen joan. Bere ordez, uste dut, beste pertsona bat bidali zuela, noski, maila dezente apalago bat zeukana UPN alderdi politikoaren barruan, eta, halaxe libratu zen, aldi hartan, Yolanda Barcina alkategaia, trantze deseroso hartatik. Segur aski, azken orduan, erabakiko zuen gutxieste handiegia zela bera bezalako pertsona ahalguztidun batentzat, horrela ibili behar izatea plebeioen aurrean eta artean, eta, arrazoi horregatik, pentsatzen dut nik, atzera eginen zuela, bere burua ez beheratzeagatik hainbeste.