Aitona
Kaixo, aitona:
Egia esan ez dakit oso ongi nondik hasi, ez baitakit zer den esan nahi dudana; eta are gutxiago nora bidali beharko dizudan eskutitz hau, zailegia baita ezagutzea non zauden, edo hobe esanda, nonbait bazauden.
Amonak ostegunero baietz esaten dit, nonbait bazaudela. Zehazki, zeruan. Sinestuna izatearena ez zuen zugandik jaso, baina bai hainbat balore: zintzotasuna, apaltasuna? edo hala dio mundu guztiak. Gainera, zuk bozkatzen zenuen alderdiari ematen dio orain boza eta harrigarriagoa dena, munduko emakumerik euskaldunena bilakatu zaigu, Errioxan jaioa den arren.
Pena da elkar ezagutu ez izana, amonak izaeraz zure antza hartu duenarena besteek kontatzen dizkidaten istorioetatik atera behar izan dudalako. Denek diote horren atsegina zinela, horrenbeste lagun zenuela, ez zenuela inoren kaltea bilatzen? gizaki izugarria omen zinen, bai jauna, erretiroa hartu eta urtebetera minbiziak eramandakoa. Injustiziaz josita dago Lurra.
Baina ni ez naiz ergela, aitona. Badakit ez zinela perfektua, lehenik eta behin, ez baitago inor perfekturik. Ziur nago amonak kontatzen dizkidan istorioen erdia urteekin bere buruan eraikitzen joan den zure jainkozko irudiaren ondorio direla, eta ez bereziki bizi zineneko errealitatea islatzen dutenak.
Egia aitortuko dizut, berdin zait. Berdin zait zuk akatsak eduki izana, nik ere baitauzkat. Aitak amonaren itsutasunik gabe hitz egin dit maiz zutaz, horregatik badakit ni ongi ezagutuko baninduzu nirekin haserretuko zinatekeela, oso izaera desberdina baitugu, edo baikenuen. Bestalde, badakit ere, haserreak medio, elkar maiteko genukeela. Dudarik gabe.
Nik ez dut Jainkoarengan sinesten, ez diot boza ematen zure betiko alderdiari eta seguruenik, ez naiz senideek espero zuten bezain zintzoa, baina zure iloba naiz, eta ez dakizu zenbat gauza emango nituzkeen oraintxe bertan zurekin egon ahal izateagatik, egun bat behintzat, besteek dioten guztia egia ala gezurra den jakin ahal izateko.
Ez dakizu zein zoriontsu izan nintzatekeen txikitan zurekin euskaraz mintzatzen, amona saiatu zen arren, nire eskolek ez baitzuten askorako balio izan: tenedor se dice goilara, cuchillo se dice sardeska y cuchara se dice labana.
Berarenera bazkaltzera noan bakoitzean aitortzen dit egunero egiten dizula otoitz. Bai, zuri eta ez Jainkoari, berak Jainkoarentzat garrantzirik balu oraintxe bere ondoan jarraituko zenukeelako. Ikusten duzun moduan, ia-ia 24 urte pasa diren arren, ezagutu zineten egunean bezala maite zaitu, eta begiak pizten zaizkio zurekin oroitzen denean.
Besterik gabe, aitona, eskutitz hau zerura bidaliko dut amonaren omenez, nahiz eta jakin benetan zeruan baldin bazaude, bidaltzea ez dela beharrezkoa izango. Eskerrik asko handik gu denok zaintzen egoteagatik.
Maite zaitu,
Marina.
Aita, amona eta izebari dedikatua dago hau, badakidalako inoiz ez dutela Jose Juan ahaztuko, eta tamalez, nik ahazteko aukerarik ere izan ez dudalako.