Aitite-amomaren koplak
Aitite-amomaren koplak –
Gure ama “koplak eiteari izteko” esan eta esan aritzen zitzaidan. Haatik, ejem, ez zuen askorik lortu. Aitortu behar zaio etsitu ere ez zuela egin, baina emaitza antzerakoa erdietsi zuen.
Koplak egiten ibiltzen nintzen, berarentzat, bai. Tontoarena, denbora alperrik galtzen, zozokerietan. Hori adierazi nahi zidan, ohar nendin. Bizitza gehiago ez konplikatzeko deia zen, gazte arrunta izateko. Eta agian arrazoi puntu bat aitortu behar zitzaion… Chill Mafia, a la cola!
Eta orain kopla zaharretan nabilela iruditzen zait sarri. Gazteak gineneko kontuak – kopla zaharrak bailiran- kontatzen eta kantatzen nabilelako.
Gauzak zer diren baina, urtetako eta hamarkadetako pasarteak dituzun sentsazioa gailentzen bazaizu, ohartu behar duzu denbora -eta bere poligrafoa- lekutan daudela aspaldi. Eta, ondorioz, aitite-amomaren koplak dituzu mintzagai, antzinako kondairak sutondoan kontatzen ziren legez.
Izan ere, ohartu orduko, 2025ko otsailaren 7an 20 urte igaro dira bizitzan arrasto handia utziko zigun mugarri batena: Entzutegi Nazionalean Jarrai, Haika, Segi-ren gazte antolakundeen aurkako makro-epaiketa abiatu zutenekoa, eta, bide batez, 42 gazteren aurkakoa.
Lau ondorio partekatu nahiko nituzke urteen poderioz eraikitako gogoeta gisa:
- Baga, garaipena eta porrotaren arteko dikotomia. Garaipen politikotzat kalifikatu genuen epaiketa nahiz eta espetxe zigor gehiago pairatzetik ez libratu. Ziurrenik testuinguruak non kokatu gintuenaren araberako ondorioa da: errepresiorik bortitzenetik herri erantzun baten artikulaziorako bidea izan zelako, nagusiki.
- Biga, “dena galdutzat” duzunean barrenean sortzen den erregaia. Agerikoa zen dena galdua geneukala hasi aurretik. Eta horrek dena irabaztera ateratzeko gogoa piztu zigun, supituki.
- Higa, Estocolmo sindromerik ez, otoi. Baltasar Garzón epailea bereziki, Laurence Le Vert bezala, euskal independentismoaren aurka izandako papera erabakigarria bihurtu ziren garai haietan, baina, kasu: ez dugu inoiz ahaztuko.
- Laga, egiten ari zarena norbaitengatik egiten ari zarela pentsatzen duzu. Sentimendu hau ez nuke azaltzen jakingo psikologia merkeko kontzeptuak erabili gabe; hortaz, ez naiz saiatuko. Inoiz bizi izan duenak ulertuko nau.
Bai aipa dezakedana da herri honetako askapen borrokan katebegi berriak sortzeko erantzukizuna sentitu genuela, eta, horren arabera jokatzen saiatuko ginela hain testuinguru konplexuan. Historiak epai gaitzala, baina a lo bajini…bale? Adin bat dugula jada.
Perspektiba (historikoa? manda carallo!) batekin, ondoren Txalaparta argitaletxearekin argitaratu genuen “Gerezi Gorrien Garaia” liburua errepasatzen egon naiz egunotan (bide batez, Mikel Ayllon orduko auzipetu eta lagunak zein lan ona egin zuen konturatzeko balio izan dit, berriz ere) eta gerora errelebanteak izan ziren pertsonak, eragileak eta egitekoak, orduan, testuinguru hartan, zer esan eta egin ikusteko parada izan dut. Adibide batzuk, lagin bezala:
– Epaiketa aurretik “Eskubide zibil eta politikoen defentsan gazteria aurrera!” printzipiopean gazte eragile ezberdinetako ordezkariekin egon ginen. Eta izen batzuk gogoratu ditut (errespetuz aipatzen ditudanak hemen): Euskadiko CCOO gazteak-eko Unai Sordo idazkariarekin (orain estatu mailako CCOOko idazkari nagusia dena), ELA gazteak-eko ordezkaria zen Mitxel Lakuntzarekin (gaur egun ELAko idazkari nagusia dena), Ainhoa Etxaide LAB gazteak-eko kidearekin (LAB-eko idazkari nagusia izandakoa), Nafarroako Gazte Kontseiluko ordezkaria zen Garbiñe Bueno-rekin (gaur EHBilduko Iruñako zinegotzia), EGIrekin… zokoratu nahi gintuen egoeratik ihes egin nahi genuen, eta ahalik eta adostasun gehienetara heltzeko bokazioarekin izandako gazte ezberdinen arteko harreman dinamika bihurtu zen. Garai hartan batere ohikoa ez zena, dena esateko.
– Epaiketa bertara ere, behaketa lanak egin zituzten nazio zapalduen ordezkari anitzak egon ziren: JERC-ko (ERC-ko gazte eragilea) zen Pere Aragonés bertaratu zen (gerora Kataluniako Prinçipat-eko president-a izandakoa), adibidez, epaiketa hartako izaera politikoa salatu eta elkartasuna helarazteko. Edo Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburutik (Joseba Azkarragaren aginduz) behatzaile lanak egitera joandakoak, tartean Jon Mirena Landa jurista.
– Madriletik ere elkartasuna jaso genuen, euskal disidentziaren gazteen ondoan agertzea, non eta Madrilen, oso konplexua zen garaian: Hala nola Juventudes Castellanas Revolucionarias-eko kideak Vallekas-en aterpea eskaini ziguten, IU eta CCOOen partaideak ziren Corriente Roja izenekoek egunero faxisten aurrean segurtasun sarean, azpiegituran eta harremanetan lagundu gintuzten, ALA abokatu aurrerakoien partaideak gurekin izan ziren, Amalia Alejandre, Jose Manuel Hernandez tarteko….
– 18/98+ lan taldea sortua zegoen hilabete batzuk lehenagotik. Ni haren partaidea nintzen hasieratik. Joxemi Zumalabe Fundazioak Egia auzoan zuen egoitzan biltzen ginen, Susana -haren langileetako bat- lagun. Makro-epaiketei erantzuteko plataforma herritarra bihurtu zen, auzipetuez gain, euskal jendartearen sektore ezberdinetako norbanakoez osotua izan zena. Esanguratsua izan zen Mariano Ferrer kazetari erreferenteak harturiko papera. Eta azpimarragarria izan zen zinez, bere parte-hartzea (beste askorena baita) nahiz eta ziurrenik defendatzen genuen proiektuarekin bat ez etorri. Arzallusek hemeroteka asko dauka herri honetan, baita epaiketa honi begira ere. Ederki asko dakigu Markel Ormazabal eta biok Egunkariaren itxieraren harirako ekitaldi batean babesa adierazi zigunean…jeje.
– Kultura arlokoak bertan izan ziren, Fermin Muguruza (egun gu baino gazteago dagoena, zinez) lekuko gisa aritu zen, adibidez, eta ondoren “kontra kalea” DVDa kaleratu zuen gurekin epaiketaren diru kosteak ordaintzen laguntzeko.
– Batzordeak osotu ziren gure herrietan, lan dinamika iraunkorra gauzatuz, eta milaka, milaka lagunen babes uholdea artikulatu zen “hiltegira” generamatzan esperpento hartatik. Mobilizazio jendetsu eta transbertsalak burutuz.
– Ahaztuko ez dugun bezala gazte auzipetuen hainbat gurasok aurkeztu zuen kemena, ardura eta lana. Haien seme-alabengandik borrokatzen zeudelako, baina beste askorenengatik ere. Oraindik orain askok eta askok ekimen batean ikusten nautenean semetzat hartzen segitzen naute maitekiro.
Agian narratiba politikoago bat idaztea zegokidan; aititeren koplak idaztera nindoala abisatu dut hastapenetik… agian konstatazio politikoena bukaerarako utzi dut. Izan ere, 20 urte geroago eta pasatakoak pasata, bertan barnerarazi gintuztenen artean lagun, militante-kide eta bidaideak ginenok, gure herriko historia txikiaren pasarte bat -ez gehiago ez gutxiago- elkarrekin bizi genuelako. Eta gaurdaino (momentuz, kar, kar) irauten duen lotura eraldatzaile bat da.