Aire garbiak bira nazan. Mosaiko erraldoia. Ekainak 17 Donostian.

Pentsaurrekoan ateratako argazkian GZZko kideez gain Oñati, Segura, Zarautz eta Zubietako herritarrak izan dira. Egun indarrean dagoen sistema linealaren ondorio kaltegarri diren zabortegi kutsakor, errauste planta eta errauste planta bihurtu nahi dituzten porlandegien mehatxatu zuzenak dira herritarrok.
 

Grixa:
Grixa da porlana, grixa errautsa, grixa zaborra. Grixa gaixotasuna. Grixa kea eta grixa kutsadura. Grixa da etsipena. Grixa batzuek ekarri nahi diguten etorkizuna. Errausketa da eskaintzen diguten bakarra. Zaborra eta errautsa, beste aukerarik ez dagoela sinestarazi nahi digute. Etsipena saldu nahi digute. Etsi, egiten utzi, pasibitatean bizi. Grixa, etsipena, porlana, zaborra, kea, kutsadura, errautsa, gaitza. Grixa.

Kolorea:

Etsipenaren aurrean etorkizuna aldarrikatzen dugu. Bizitzaren koloreak. Naturarekiko oreka. Arrazionaltasuna eta iraunkortasuna. Materialak ez dira zaborra. Materialek badute balioa, badute kolorea. Koloreak badu etorkizuna. Alaitasuna kolorez marrazten da, osasuna eta itxaropena ere bai. Etorkizuna kolorez jantziko dugu, osasunez, itxaropenez, konpromisoz. Etorkizuna edukiko dugu, etorkizunean sinisten dugulako.

Gipuzkoan azken urteotan, eta batez ere azken hilabeteotan eztabaida bizia piztu da. Hondakinak nola bildu omen da arazoa. Batzuk modu batera, besteak bestera.

Baina horren ondorioetaz gutxiegi hitzegiten da. Nork nahi du zabortegia bere herrian? Nork nahi du erraustegia bere herrian? Erantzuna denok dakigu. Inork ere ez ditu nahi.

Ezagunak dira erraustegiak jartzeko proposatu diren herri guztietan horren kontra egondako erreakzio anitzak. Irun, Hondarribi, Oiartzun, Errenteria, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Zubieta, Donostia, Usurbil, Villabona, Beasain, Zestoa… denek ezetz, ez zutela nahi. Olaztiko porlandegian zaborra erraustearen aurka jarritako herrien zerrenda ere luzea da, hoietako asko Gipuzkoarrak.

Eta zer esan zabortegietaz? Errenteriako biztanleen mobilizazioak ahaztu al zaizkigu.? Urteta, Azpeitia, Beasain…

Inork ez du zabortegi kutsakorrik herrian nahi. Inork ez du erraustegirik herrian nahi. Inork ez du halakorik eskatu eztabaidak iraun duen urte guzti hauetan. Horiek ez baditugu nahi, zertan ari gara orduan?

Gaur hemen, zabortegi kutsakorren eta errausketaren mehatxu zuzena jasaten duten herrietako ordezkariak dauzkagu gurekin batera. Etorkizun hobeago baten aldeko aldarrikapen-festa baterako deia egin nahi dugu ekainaren 17ko goizerako. Bi-hiru hamarkadetan Zero Zabor norabidean urratsak egiteko oztopo izango litzatekeen erraustegirako proiektua bertan behera gera dadin eskatuko dugu.

Kolorea, etorkizuna, iraunkortasuna, konpromisoa eta itxaropena. Hori da egingo dugun eskeintza eta aldarria. Elementu hoiek guztiak islatuko ditugu bertan, milaka herritarrok gorpuztuko dugun mosaiko erraldoi baten bidez, kolorezko haize errota erraldoia irudikatuko duen mosaikoaren bidez.

Iraunkortasuna:

Aire garbiak bira dezan eskatzen duen haize errota koloretsua irudikatuko dugu bertaratuko garen guztion artean. Naturak dauzkan zikloak gure ekonomiak barnera ditzan eskatuko dugu, errotaren mugimendu zirkularrarekin. Errotak haizearekin egiten duen bezala, naturan dauden baliabideak, natura kaltetu gabe erabiltzea aldarrikatuko dugu.

Konpromisoa:

Haize errota, herritar guztion artean osatuko dugu. Herritarren konpromisoa eskatzen du horrek. Milaka herritarren konpromisoa. Ekainaren 17an gure lekua hor dagoela aurrez erakutsiko dugu. Horretarako gutako bakoitzak mosaikoa osatzeko banatuko ditugun piezen bidez hartuko dugu lekua eta bertan egoteko konpromisoa. Hau guztia aurrera eramateko, herri guztietan lantaldeak osatzeko deialdia egingo dugu. Etorkizunak konpromisoa eskatzen duelako. Ezin dugu ikusle hutsak izan. Ezin dugu haizeak hostoak bezala, nora eramango gaituzten zain geratu.

Kolorea, etorkizuna eta itxaropena:

Kolorezko haize errota erraldoiaren bidez, etorkizuna aldarrikatu nahi dugu, itxaropena. Inork ez dauka posiblea den mundu hobeago batean bizitzeko daukagun itxaropena zapuzteko eskubiderik. Etorkizuna koloretan nahi dugu eta hori aldarrikatuko dugu.

Aire garbiak bira nazan

Zero errausketa

Gipuzkoa Zero Zabor

www.gipuzkoazz.com

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.