Aierdi, bere logikan harrapatuta
Aierdi, bere logikan harrapatuta –
Manu Aierdi Olaizolak, orain arte Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako kontseilaria izan denak, dimisioa eman du aurreko legegintzaldian Gobernuko lehendakariorde gisa Davalor enpresari emandako maileguen harira Espainiako Auzitegi Gorenean irekitako kasuagatik. Andoni Ortuzarrek, bere alderdikideak (EAJ-PNV), duela gutxi egindako elkarrizketa batean hau esan zuen: “Pena da Manu oso pertsona trebea delako. Nafarroako sektore ekonomiko eta industrial batzuei UPNk hainbeste sustatzen dituen beldurrak kentzen ari zitzaien, Nafarroan Gobernu aurrerakoi bat kudeatu daitekeela erakutsiz, EAEn egiten dugunaren eta Estatuko beste esparru batzuetan egiten denaren oinarri sendo eta parekagarriekin”. Ez zaio arrazoirik falta.
Neoliberalismoak, bere interesak bermatzeko eta etekinak pilatzen jarraitzeko, dena negozio bihurtzeaz gain, erakundeetan parte hartzen du bere postulatuak defendatzen dituzten alderdi eta ordezkari politikoen bidez: aberastasuna modu justuan banatzen duen zerga-erreformarako aukera oro blokeatzea, lan-merkatua prekarizatzeko legeak egitea gure eskubideak mugatuz, eta diru publikoko funtsak bideratzea enpresariak eta ez langileak salbatzeko. Ondorioz, sistema hori enpresaburuentzako pagotxa bihurtzen da: gutxi eta gaizki ordaintzeaz gain, guztien diru publikoaren bidez “enpresa-arriskua” deritzona kolektibizatu eta sozializatzen dute, eta ez dute gauza bera egiten beren etekinekin, beti bezala, esklusiboki metatzen baitituzte.
2015 eta 2017 artean Davalorri 2.600.000 euroko diru publikoagatik emandako sei maileguak adibide bat gehiago dira, baina ez bakarra. Konparazio batera, Triman Minerals enpresak 1.600.000 milioi euroko mailegua jaso zuen 2017an, eta gero hartzekodunen konkurtsoan bukatu zuen eta erruduntzat jo zuten. Hau da Sodenaren jarduera orokorra, baita UPNren gobernupean ere, logika neoliberal bati erantzuten diona: diru publikoa lotsarik gabe erabiltzea enpresa-arriskua zero kostuan bere gain hartzeko, gehiengo sozialaren enpleguarekiko eta etorkizunarekiko inolako konpromisorik gabe. Aitzitik, kasu horietako askotan, Sunsundegi bezalako enpresetan etengabe ikusi den bezala, plantillei exijentziak egiten zaizkie eskubide-murrizketa gisa, enpresarientzako ia betebeharrik gabe. Horrela, Sodenako maileguak lortzeko, langileek beti galdu behar izan dute beraien eskubideen parte bat, bai UPNrekin, bai Aierdiren Geroa Bairekin. Hala, enpresariek beti irabazten dute.
Mailegu horien ustezko emakida irregularra baieztatu ala ez (justizia patronalizatua beti da ona praktika kapitalistarekin), argi dago hori dela gauzen egungo logika, aldatu beharreko errealitate bat bide batez esanda. Sektore publikoak sektore pribatuan esku hartu behar du, enplegua eta etorkizuna bermatzeko. Beraz, ez da onargarria Manu Aierdik (Geroa Bai – EAJ) orain edo UPNk lehen, enpresei dirua ematea eta langileek ordaintzea; eta, aldiz, erreskatatutako enpresek etekinak ematen dituztenean, etekinak ez dira ez langileengana ez gizartearengana itzultzen.
Manu Aierdi politikaria da, eta eskertu egin behar zaio bere zintzotasuna, enpresariaren aldeko politikak defendatzen baititu beti ezkutatu gabe, beti malgua baita beraiekin neurri eta eskakizun guztietan. Horri buruz askotan izan dugu eztabaidatzeko aukera. Nafarroako Kontratu Publikoen Legearen kasuan, adibidez, ez zuen ulertu “interes orokorrekoa zela eta egin beharrekoa zela” Nafarroako milaka langileren baldintzak duintzeko hobekuntzak sartzearen aldeko jarrera hartzea, eta horren aurka agertu zen, modu irekian eta publikoki, enpresa handiek eskatzen zuten bezala
Gauza bera gertatu da Covid-19aren pandemian oinarritutako ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteekin. CEN patronalak barra librea eskatu zuen, ezinbestean -irakur bedi, gizarte-segurantzari ez ordaintzea-. LABek, berriz, enpresek emandako kausen kontrol zorrotza eskatu zuen -irakur bedi “diru publikoaren kontrola”-. Ezusterako tarterik gabe, baina gehiegi aplikatuz, arduradun nagusia zen Departamentuak foru agindu bat eman zuen baldintzak zabaltzeko eta ABEEEak ezinbestean malgutzeko. Horretarako, gure ustez, ez zuen eskumenik, eta helegite administratiboa jarri genuen.
Aierdiren beraren hitzetan, Davalor auziaz: “agian erosoena beste zerbait egitea izango zen”. Agian, baina ez zuen egin, beste hainbatetan bezala, arriskuak arrisku. Beraz, bere uste neoliberal sakonez gain, argi erakusten du zein erraza den diru publikoa arriskatzea enpresa pribatuei emateko denean. Oraingo honetan, baina, UPNk dena hondatu du, kontraesan argian, bere modus operandi propioaren aurka kereila jarrita, bere Nafarroa foral eta espainiarraren izenean -elite ekonomikoen interesena ere badena-.
Ortuzarrek dioen bezala, Aierdik (Geroa Bai) beldurra kendu die Nafarroako sektore ekonomikoei, EAEn eta Estatu espainiarrean egiten duten kudeaketa neoliberal bera erakutsiz.
Nafarroan, ordea, beste zerbait behar dugu. Alde batetik, gardentasuna, Sodenaren jardueraren kontrol zorrotza eginez. Bestetik, gauzen logika hori aldatzea, aurrera egitea diru publikoaren kudeaketa gure eskubideak bermatzera, lan eta bizitza duinak bermatzera bideratzeko. Enplegua eta aberastasunaren bidezko banaketa bermatzeko tresna eraginkorrak izatea. Bestela esanda, klientelismoa eta enpresaburuaren aldeko kudeaketa itsua atzean uztea.
Aierdik dimisioa eman du, bere logikan eta bere alderdiarenean harrapatuta, logika neoliberalean harrapatuta.
…
Imanol Karrera, LABeko bozeramailea Nafarroan
Gaizka Uharte, LABeko idazkaria Sakana, Leitza eta Larraunen
Oskar Goldaratz, LABeko idazkaria Estellerri, Erdialde eta Erriberan
“Aldaketaren lehen gobernua” iristean, koalizioaren akordioa izan zen “profil politikorik gabeko” kontseilariak izendatzea, “independenteak” deituak. Manu Aierdik baldintza hura bete zuen, izan ere, ekonomia-presidenteordetza kargua hartu baino lehen, Aierdik Nafar Buru Batzarraren buru izateari utzi baitzion. Halaxe bete zuen “profil politikorik gabeko” karguak izatearen akordioa.
Halaxe lortu du EAJk, Nafarroako Foru Erkidegoan hutsaren hurrengoa den alderdiak, hain ordezkaritza potentea Nafarroan.