Ahötsa
Ahotsa
Ideia anarkista batek honakoa dio: “geroz eta okerrago, hobe”. Batetik, Nafarroa estatuaren laborategia izan da esperimentu errepresiboetarako; bestetik, oso garbi dago etsaia zein den, “erregimena” kontzeptuaren sozializazioa horren lekuko. EAJ eta GeroaBai-rekin zailagoa da, hori EAE-n oso garbi ikusi da hamarkadetan zehar. Jeltzaleak zurikeriaren, epelkeriaren eta neutraltasunaren maisuak dira, lehen mailako funanbulista politikoak, azpijokoaren profesionalak; ez dute aurpegia garbi ematen, langile eta enpresarien alde daude, independentziaren alde baina estatuarekin primeran moldatuz, euskara bai noski, ze gaizki Arcelor ixtea baina enpresa handiei neurri gutxiago… Nafarroan Geroa Bairen estiloa definituko du Aroztegiaren inguruan egingo den jokoak. Koalizio mahaiak maila ezberdinetako hankak dauzka, eta jada batzuk ari dira errenka, batetik ez bada bestetik; erregimena oreka falta hori ustiatzen ari da bere indar guztiekin.
Horren aurretik zer zegoen ba? UPN. Aski garbi posionatzen dute herritar guztiek. PSN. Duela urte batzuk iritzi ezberdinak egon arren, duela urte gutxi izan zuten jokaerarekin ipurdi agirian geratu ziren. Orain haien indargune nagusia mezuan eta diskurtsoan jarriko dute, eta badituzte makina bat hedabide beren esku nahi dutena lau haizetara zabaltzeko.
Guk kazetaritza independentea eraiki behar dugu, eta daukaguna eutsi eta bultzatu. Argia aldizkaria sekulako lezioa ematen ari zaigu danoi egun hauetan. Azken urteetan Nafarroako herri mugimenduaren erreferentzia bilakatu da Ahotsa. Beren independentzia ziurtatzeko kanpaina jarri berri dute martxan. 500 akzio kaleratu dituzte, eta bakoitza 60€ da urteko (akzio hauek taldean ere eskura daitezke, pertsona bakarraren bizkar egon ez dadin).
Beharbada Nafarroako giroa bereziki gordina izan delako dago herri mugimendua bizirik eta indartsu. Agian, koiuntura politiko berezi horrek hauspoa eman dio Ahotsari. Baina hein berean ziur naiz Ahotsagatik ez balitz herri mugimenduak ere ez lukeela indar berdina izango.
Behar gaituzu? Behar zaitugu! Gora Ahötsa!
ahotsa