Ahal dun
Ahal dun –
Nerea Ibarzabalek, Bizkaiko Hitzan.
Dena hasi zen 2000 eta auskalo zenbatgarren urtean, nire lehengusu txikiari Gabonetan Scalextric bat oparitu ziotenean. Jolasteko deseatzen geunden, eta antsiaz zabaldu genuen kaxa. Banaka atera genituen errepidea osatzen zuten pieza solte guztiak, kotxeak, kableak, pilak, edo auskalo ze bateria mota; jolasa muntatu gabe zetorren -noski-.
Une hartan sentitu nuen alferkeria izugarri hura bizitza osorako iltzatuta geratu izan balitzait bezala da. Lehengusu mutil- zaharragoek lagundu zioten txikiari pista muntatzen, eta ni baztertu egin nintzen, itxaron beharrik eta prestakuntzarik eskatzen ez zuen beste zerbaitekin jolastera. Gaur gauza bera egingo nuke.
Ordutik ez baita aldatu mekanikarekin dudan harremana, saiatu ere ez naiz egin, gainera. Eta benetan arduratzen nauen gauza bat da, ze nire gogo urria alderantziz proportzionala da jakintza honen behar izugarriarekiko.
Bitrozeramika blokeatzen denean -normalean gainazala urez bustita dagoelako- gosez hilko naizela pentsatzen dut. Gidabaimena ateratzeko azterketan galdera praktikoak sartuko zituztela esan zidatenean nola aldatzen da olioa?- ia bihotzekoak eman zidan. Piztu/itzali/piztu da darabildan metodorik aurreratuena etxeko tresnak konpontzeko, eta Excell-a da nire ordenagailuko programarik konplikatuena. Aste honetan etxeko galdara izorratu zaigu, eta erremintak hartu eta zerbait egiten saiatu baino lehen, burutik pasatu zait ea zenbat manta beharko nituzkeen martxoan bizirauteko, eta zein laguni eskatu diezaiokedan uzteko dutxatzen bere etxean.
Nire barne-borroketako bat da. Ahalduntzen saiatzen nabil beste arloetan: oholtzetan, kaleetan, lanean, parrandetan, harreman afektiboetan, -ahalduntze ekonomikoa ere beranduagorako utzi dut-… baina, oraindik, ur beroa falta zaidanean, edo kotxean argi arraro bat pizten denean, gertuen daukadan gizonezkoarengana jo behar izaten dut beti. Eskale’s trick.
Diskurtso dena lurruntzen zaidala iruditzen zait horrelakoetan, blablabla bai, baina bizitzako arazo txikiak konpontzerakoan kale. Askok aurpegiratzen diguten estereotipo hori oso-osorik betetzen dudalako haserretzen naiz neure buruarekin. Nahi dut lur zati hori konkistatu, batere interesatzen ez zaidan arren, behar dudalako.
Zin dagit ez dudala berriro “bai, bai, bai” esanez ihes egingo azalpen mekaniko/elektriko/ elektronikoak ematen dizkidatenetan -oso gutxitan, normalean nire aldameneko mutilei ematen dizkiete-.
Eta zer diren gauzak, gaur bertan jaso dut kotxeari IAT/ITV-a pasatu behar diodala gogorarazteko mezua. Has dadila jolasa.