Agustina Pontestak Eneko Goiari, Txillardegiz

Agustina Pontestak Eneko Goiari, Txillardegiz –

Eneko Goiak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri buruz egindako adierazpenen harira, Agustina Pontestak Oarsoaldeko Hitzan argitaratu den eskutitz hau idatzi du.

Eneko Goiari erantzunez:

Gaur goizeko adierazpenak direla eta, ezagutzen ez zaitudan arren, nire haserrea agertuko dizut.

Agustina Pontestak Eneko Goiari, TxillardegizMin handia eman dit Euskadi irratian Txillardegiz botatako zure adierazpenak.

Bai jauna, guztiok dakigu Txillardegi ETAren sortzaileetakoa izan zela eta hori sekula ez zuen ezkutatu. Eta ETAren historia pixka bat jakingo bazenu, jakin beharko zenuke sortzaile hauen helburua ez zela inor akabatzea izan, gizarte itogarri hura eraldatzea baizik, ikusi besterik ez baitago zein izan zen Txillardegiren ibilbidea ETAn.

Ez dut ulertzen zer adierazi nahi duzun zentzurik gabeko argudio merke horrekin. Akaso gaurko EAJk badu antzekotasunik sorrerakoarekin ala? Zure alderdikideek ez al zuten inoiz armarik erabili? Bada, begiratu besterik ez duzu hemerotekan eta ikusiko dituzu Egibarrek inoiz egindako deklarazioarekin argitaratutako artikulua BERRIAn : “Guk ere erabili izan ditugu armak”.

Eta ikusi oraindik orain Aranzadiko Javier Buces Cabellok idatzitako liburuak (Eusko Gudarostea, Azpeitia 1936, 87.orr.) zer dioen:El deber del gudari consiste en; en marchar cuando se le dice marcha; en pegar cuando se le dice pega; en matar cuando se le dice mata; sin preocuparse de saber dónde va , a quién pega, a quién mata” . Guzti hori irakurri ondoren gogoratu al zaizu EAJren sortzaile izan ziren Arana Goiritarrak deitoratzea? Ez horixe! Haiek Fundazioa, kalea Bilbon eta behar diren omenaldi guztiak jaso dituzte.

Beraz, bai gudariek, polimiliek, PSOEkoek, PCkoek, frankistek,… guztiek erabili izan dituzte armak, eta geroztik gobernuan agintzen eta demokrazia lezioak ematen ari izan zaizkigunak guztiok ezagutu eta ezagutzen ditugu. Eta halaz ere batzuek kaleak, eraikinak, e.a dituzte euren izen-deiturekin.

Adibide bat jarriko dizut: Koldo Mitxelena hizkuntzalaria gudaria izan zen gerra garaian, armak erabiliko zituen, noski, eta Donostiako liburutegiak bere izena darama. Zenbait herritako kaleek ere bere izena daramate euskara eta hizkuntzaren alde egindako lanaren errekonozimendu gisa normala den bezala, jakina. Eta zure aginte peko kaleek frankista horien izena jartzeko zer egin zuten Euskal Herriaren alde?

Nik Txillardegi oso gertutik ezagutzeko eta bere ikasle izateko zortea ere izan nuen zorionez, eta oso-oso pertsona gutxi izango dira bere Herria hainbeste maite izan eta bere alde hainbeste lan egin duten intelektualak hots, bere jakinduria mailakoak, ikusi besterik ez baitago zer nolako idatzizko ondarea utzi duen. (Ikus, www.jakin.eus)

Ekimen askoren sortzaile, baina garrantzitsuenetakoa euskara batuaren sorrera izango genuke, berari esker baitugu daukagun euskararen batasuna. Txillardegik ikusi zuelako hizkuntzaren batasuna ezinbestekoa zela euskara biziko bazen, arauak planteatuz eta geroxeago Euskaltzaindiak Arantzazun berretsiko zituenak, Ibon Sarasolak argi eta garbi esan zuen bezala omenaldi egunean. Beraz, euskararen batasunaren “aita” Txillardegi da nahiz eta Koldo Mitxelenak bultzatu zuen Arantzazuko bilkuran, Txillardegi atzerrian zegoelako garai hartan. Honetxegatik bakarragatik merezi du guztion esker ona.

Beraz, Euskal Herriak asko zor dio Txillardegiri eta zer hobeto berandu bada ere bere herrian errekonozimendua jasotzea baino. Zer pena eman didazun zure jarrerarekin Txillardegiren lan erraldoiaz agertu duzun ezjakintasunaz! Donostiako alkate zarenez, harro egon behar zenuke horrelako hizkuntzalaria herrikide izateaz. Baztertu koldarkeria eta bete euskal herritarron eskaria.

Zain gauzkazu.

Agustina Pontestak Eneko Goiari, Txillardegiz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.