Agur Maitia

Agur Maitia –

Kaixomaitia.eus  euskaldunon harremanetarako webgunea:

2007an sortua 2024an amaitua #agurmaitia

Kaixo maitia,

Iñigo Arandia Galarraga nauzu, Kaixomaitia.eus atariaren sortzailea eta 17 urtez honen arduradun eta kudeatzaile izan naizena. 2007ko otsailaren 14an San Balentin egunearekin batera plazaratu nuen hartan kaixomaitia.com izena zuen “Euskaldunon harremanetarako webgunea” Berria egunkariko lagunek egindako kontrazal paregabe honen bidez:

Agur MaitiaLehen elkarrizketa hau Ekaitz Agirrek egin zidan, eta laster izan ziren beste elkarrizketa eskaerak; lehena Xabier Lapitzek egina Radio Euskadirako, Boulevard saioan, gogoan dut Xabierrek berak deitu zidala, goizean goiz, Donostiako Ondarreta hondartzan Polka txakurra paseatzen ari nintzela, irakurri zuela berriako kontrazala eta ea elkarrizketa baterako prest nengoen, zuzenekoa. Baietz, noski. Dozenaka elkarrizketa egin ditut irrati eta telebista saio ezberdinetan orduz gero.

Guztira, 17 urte hauetan, 3 webgune bertsio izan dira:  2007an Victor laguna, Botika eta Loturaren artean egina, 2009koa eta 2015ekoa berriz Loturak bakarrik egina eta aplikazio bi Androiderako, Aktingek garatua eta Loturak integratua lehena, 2013an eta BinarySoulek garatua bigarrena 2020an.

Ia hastapenetik Loturako lagunak izan dira webgunearen garapen eta moldaketa guztietan bidelagun izan ditudan garatzaile apartak. Bijoaz nire eskertza eta aitortza egindako lan onari mezu honen bidez.

Kaixo maitia, zer duzu? podcast2015ean .eus domeinua sortzearekin batera aldatu genion izena kaixomaitia.com guneari. Egun eskuartean dugun webgunearen bertsioa 2015eko abendukoa da beraz. Kaixomaitia ekintzak eta bloga ere azken bertsio honekin jarri genituen abian lehena oso arrakasta gutxirekin, bigarrena berriz esker oneko. Azken honetarako edukiak sortzeko jarri genuen abian 15.000 lagunek online parte hartu zuten “Euskal Herritarron harreman afektibo eta sexualen” inguruko ikerketa arrakastatsua, 2 olaturekin, 2016 eta 2020n, “Sexuinkesta” deitu geniona, Aztiker ikerketa gunearekin elkarlanean eta baita “Kontaketa Erotikoen lehiaketa” 3. edizio ere, Elkar argitaletxearekin elkarlanean, kolaborazioak “Harremanak” sexu Aholkularitza taldearekin edota Zuzeu agerkari digitalarekin (kaixo maitia, zer duzu? podcasta). Blogean ia 500 iruzkin publikatu ditugu 2016tik gehienak Amaiak kudeatu eta sustatuak.

Aitortza garrantzitsuak ere izan ditugu; 2016an jasotako Buber Saria euskarazko webgune hoberenari edo eta ilusio berezia egin zigun urte berean Bai Euskarari Ziurtagiriak antolatutako Enpresarean Azokan jasotako saria ere.

20.000 erabiltzailetik gora izan zarete urteotan Kaixomaitia.eus en izena eman duzuena, 10 milioi orrialde bistaratutik gora, milioi bat saio, 200.000 mezu, online. Kaixomaitia.eus etik kanpo gertatu dena, zuena da.

Ederra izan da ia 18 urteko bidai hau baina zoritxarrez iritsi da proiektuari amaiera emateko garaia. Pandemia urte arrakastatsuaren odoren (2.000 erabiltzaile berri eta milioi bat orri bistaratu) webguneak behera egin du inbertsio, ilusio eta behar berriak eskatzen bait zituen; aplikazioa eta webgunea eguneratu, sustapenean eta edukien ekoizpenean lan egin eta dirusarrera egonkorragoak (dirulaguntzak barne) bermatu. Hau aurrera eramango duen persona ez naiz ni jada eta beste proiektu batzuei heltzeko garaia iritsi zait. Agur maitia esateko garaia iritsi zait beraz.

Eta orain zer?

Badira hilabete pare bat kaixomaitian izen ematea eta harpidetza doakoak direnak, horrela jarraituko du iraila amaiera bitarte. Orduan kaixomaitia.eus ataria offline geratuko da eta bertara iristean itxieraren berri emango duen mezua egongo da ikusgai.

Bitartean lanean jarraituko dut proiektua beste eragile edo norbanako batek har dezan, zuk interesik izango bazenu jarri harremanetan eta hitzegingo dugu.

Hau egiteko epea urte amaiera bitarte finkatu dut eta abendu amaiera bitarte jarraipena emango dionik topatzen ez badut behin betiko itxiko dut ataria eta honekin batera webgunearen kode eta jakina datu guztiak behin betiko ezabatuko ditut. Webgunea ixtearekin batera 2005ean sortu nuen eta webguneari oinarri juridikoa ematen dion Aranet Internet Zerbitzuak SL elkartea ere disolbatu egingo dut. Hori izango da behin betiko #AGURMAITIA. Atzera kontaketa gaur bertan hasiko da beraz.

Jakina, bitartean zure kontuari baja eman nahiko bazenio, idatzi baja eskatuz harremana@kaixomaitia.eus helbidera eta lehenbaitlehen egingo dugu. Bestela jakin, urte amaierarako ezabatuko direla datu guztiak proiektuak jarraipenik ez badu.

Ez nuke amaitu nahi zuri, urteotan kaixomaitia.eusengan konfidatu duzun erabiltzaile horri eskerrak eman gabe. Espero dut zure ilusio eta beharrak asebete dituela eta hauek aurrerantzean betetzeko bide berriak topatuko dituzula, euskaraz badira, are hobe.

Bidean ikusiko dugu elkar.

Agur, maitia.

Iñigo Arandia Galarraga
Kaixomaitia.eus

Agur Maitia

Zer duzu buruan “Agur Maitia”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude