Agian, beharbada
Agian, beharbada –
Rikardo Arregik Noticias de Navarra egunkarian.
Zutabe hauek noizbehinka irakurtzen dituen lagun batek aurpegiratu berri dit agian eta beharbada hitzak gehiegi erabiltzen ditudala. Egia da, ni ere konturatu naiz, eta zin dagit ahalegin eskergak egiten ditudala gutxiago erabiltzeko. Baina ezin dut. Agian (ai, barkatu) kontua da ez dudala nik uste sendo askorik. Ez, uste sendo batzuk baditut, baina beharbada (ene, berriro!) gutxiegi dira mundu osoaren gainean diskurtso indartsu osoa biribiltzeko. Ezaguna da Heinrich Heine poeta alemanaren ateraldia: gaur egun ezin da katedral gotikorik eraiki konbikzioen ordez iritziak baino ez ditugulako. Iritzi zalantzazkoak nire kasuan. Agian (arraioa!) Heine ez zebilen oso zuzen, katedral gotikorik ez, baina badirudi batzuek konbikzio gogorrak dituztela abiadura handiko trenak, culinary centerrak, merkatalgune erraldoiak eta guggenheimak eraikitzeko. Konbikzioak edo uste sendoak gaur egun beste nonbait daude, antza.
Ezinezkoa zait, bestalde, inguratzen nauten gauza eta gertaera guztiei buruz iritzi bat izatea, alde batetik, batzuk oso berriak direlako edo, berriak izan ez arren, ez dudalako inoiz gehiegi pentsatu zer uste mota dudan horiei buruz eta, bestetik, batzuen eta besteen argudioak aztertu eta gero, iritziz aldatzea ez zaidalako inoiz infernuko zirkulu sakonena merezi duen bekatu larria iruditu. Iritziak denbora behar du: denbora, informazioa eskuratzeko, eta orain, fake ditxosozkoen garaian, informazio zehatza lortzea zaila da; denbora ikuspegi desberdinen berri izateko; eta, azkenik, denbora pentsatzeko. Pentsatu, bai zera, goizean jazo denari buruzko iritzia eguerdian eskatzen da. Horregatik, agian eta beharbada beharrezkoak zaizkit nire uste guztien aurretik edo atzetik, eta apika, ausaz, menturaz, akaso, fortunaz eta onenean guzti-guztiak ere.
Barkatu iritzi sailean meta-zutabe meta-iritzizko hau aurkitu baduzue. Lagunak aurpegiratu didana ez zait larriegia iruditu, kezkatuago egongo nintzateke esan izan balit iritzi irmo zurrun eztabaidaezinak plazaratzen ditudala beti hemen.
Agian, beharbada